"Etxebizitzaren, turismoaren eta mugikortasunaren erronkei aurre egiteko" programa prestatu du EH Bilduk
EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako prestatu duen programa aurkeztu du asteazken goizean, eta Juan Karlos Izagirre alkategaiak azaldu du hiriko “hiru erronka nagusiei aurre egiteko” programa dela: “etxebizitza, turismoa eta mugikortasuna”. Era berean, kezkatuta agertu da herritarren eta udal gobernuaren artean dagoen “deskonexioarekin”: “Pertsonak albo batean utzi ditu. Berreskuratzeko eta berriro protagonistak izateko unea da”.
“EH Bildutik ziur gaude Donostian bizitzea posible dela, posible egingo dugula. Aukerak sortuko ditugu, pertsonek galdu dituzten aukerak berreskuratuko ditugu. Gure bizi proiektua bertan garatu ahal izatea da helburua”, gaineratu du Izagirrek. Horretarako, “beharrezkotzat” jo du “Eneko Goiaren eredua alde batera uztea eta aukera bakarrari bide ematea: EH Bilduri”.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak
Hiru erronka horiei aurre egiteko, 150 neurri jaso dituzte programan, azken hilabeteotan garatu duten “hausnarketa prozesu” batetik ateratakoak. ” Etxebizitzari dagokionez, alde batetik eraikitako etxebizitzaz hitz egin behar da, eta bestetik, eraikuntza berriaz. Dagoeneko badagoen parkeari dagokionez, bi dira helburuak: hutsik dagoen etxebizitza alokairuaren merkatura bideratzea eta prezioak topatzea, putre funtsak kontrolatzea eta etxegabetzeak zailtzea”, azaldu du alkategaiak. Ildo horretatik, gogorarazi du Etxebizitza Lege berria aplikatzeko eta hiri osoa tentsio handiko eremu deklaratzeko konpromisoa hartu dutela.
Bestalde, etxe berriak eraikitzeko garaian, Europa dute “erreferente”: “Helburua da lurzoru publikoa berreskuratzea eta kudeaketa publikoko etxebizitza parkea handitzea. Etxebizitza publikoen sustapen berriak babestuak eta alokairuzkoak izango dira gehienbat. Kopuruak %70era iritsiko lirateke lurzoru publikoa bada, eta %50era, gutxienez, lurzoru pribatua bada”. “Auzo biziak egingo ditugu, ekipamenduak, zerbitzuak, kalitatezko irisgarritasuna eta jarduera ekonomiko traktoreak izango dituztenak”, gehitu du Izagirrek. Etxebizitzak eraikitzeko garaian, gune degradatuak biziberritzearen aldeko apustua egingo dutela azaldu dute, “bizilagunak kontuan hartuta eta ingurunea errespetatuta”. “Horren adibide dira Loiola, GI-20 errepidetik berreskuratuko diren espazioak, Easoko bide hondartzaren eremua edo Amara kaleko partzelak”, gaineratu du alkategaiak.
“Turismoa gobernatu”
“Turismoaren garrantzia alde batera utzi gabe, bertako ekonomian garrantzia baitu sektoreak, esan behar da bizilagunak zaindu behar direla ere, ez baitira kontuan hartu. Ildo horretan, EH Bilduk hiru helburu ditu: donostiarrak beren auzoetan protagonista eta eragile aktibo izatea, kalteak konpentsatzea eta turistaren eta bertako jendearen arteko elkarbizitza adeitsuaren alde lan egitea”, azaldu du EH Bilduren alkategaiak. Horrela, “oreka” bilatu behar dela aldarrikatu du Izagirrek, eta, horretarako, “turismoa gobernatu” behar dela.
Halaber, konpromisoa hartu du “auzo bakoitzean onar daitekeen karga plan bat diseinatzeko eta eremu jakin batzuetako zerbitzu eta ekipamenduen gabeziak betetzeko”. “Eremu saturatuen izendapena zabalduko dugu eta luzamendua zabalduko dugu. Goiak iragarritakoa oportunista izateaz gain, ez da nahikoa. Era berean, lehen solairuko arauari helduko diogu eta saturazio bertikala zein horizontala dekretatzea aztertuko dugu”, gaineratu du. Horrez gain, turismo taldeak “arautzeko” beharra nabarmendu du: “Bai eremu berean ibiltzen diren taldeen kopurua, bai talde bakoitzean parte hartzen duten pertsonen kopurua. Beste auzo batzuetara ere zabaldu behar da aukera, dibertsifikatu beharra dago”.
Mugikortasunean ere, Europa eredu
“Anbiziotsuak izan behar dugu, eta Europan zer egiten duten begiratu: oinezkoentzako lekua berreskuratu eta mugikortasun iraunkorrari lehentasuna eman, klima aldaketak premiatu egiten gaituelako. Horregatik, bizikletek eta garraio publikoak konponbidearen zati garrantzitsua izan behar dute”, azaldu du Izagirrek. Eta, EH Bilduk GI-20aren eraldaketarako aurkeztutako proiektua bide horretatik doala nabarmendu du alkategaiak.
Izagirrek gogorarazi duenez, eraldaketa horren bidez, besteak beste, “2.500 etxebizitza eraiki ahal izango dira lurzoru publikoan, hamaika kilometro bidegorri sortuko dira, beste hamabost kilometro oinezkoentzat, sei aparkaleku seguru bizikletentzat egingo dira, hiru disuasio aparkaleku, eguzki plakak instalatuko dira eta 23 hektareako espazio libre eta berdea berreskuratuko da”.
Bestelako neurriak
Hiru erronka nagusi horiei dagozkien neurriez gain, bestelako hainbat neurri ere jasotzen ditu koalizio abertzalearen programak: “Politika feministek ere garrantzia hartzen dute, egungo Emakumeen Etxea bere funtzioaren eta zereginaren mailan leku duin batera eramateko proposamen landuarekin. Uste dugu toki egokiena Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharra dela”, azaldu dute.
Bestelako konpromisoak ere hartu dituzte: Aieteko basoari “merezi duen garrantzia” ematea, “energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egitea”, Donostia eredu den I+G+B bultzatzea eta tokiko administrazioak hiriaren ekialdeko eremuarekin duen “zor historikoa kitatzea”.
Zaintzaren arloan, Donostiako zainketen mapa egiteaz gain, Izagirrek esan du Zainketen Kontseilu Sektoriala sortuko dutela, eta profesionalizazioan sakontzeko programak sustatuko dituztela.
Merkataritzari dagokionez, konpromisoa hartu dute azalera handiko merkataritza gune gehiago “ez onartzeko”, baita “berariazko neurriak diseinatzeko merkatariak babestu eta beste kontsumo mota bat sustatzeko, hurbiltasunean oinarrituta egongo dena”.
“Jokoan zer dagoen jokoan galdetzeko unea da. Norentzat gobernatzen den eta gauzak nola egiten diren. Jokoan dago pertsonak hiriaren parte sentitzea berriro, gutako bakoitza, gu, gure auzoarekin berriro konektatzea”, nabarmendu du Izagirrek.