Hogei antzezlan hartuko ditu aurtengo Gazte Antzerki Topaketak
Gazte Antzerki Topaketen 34. edizioak hogei antzezlan hartuko ditu Donostian, maiatzaren 17tik ekainaren 16ra. Parte hartzaileek euren antzezlanak modu profesionalean erakutsi ahal izango dituzte, Donostian ezagunak diren agertokietan: Antzoki Zaharrean, Victoria Eugeniako Klub Aretoan, Gazteszenan, Lugaritz Kultur Etxean, Kontadoresen eta Kultxa Kultur kluban. Hogei lan horietatik, zazpi euskaraz izango dira, eta hamahiru gaztelaniaz.
Guztira 28 taldek eman dute izena, eta donostiarrak dira gehienak, kanpoko jendea ere baden arren (Oiartzun, Pasaia, Bilbo, Iruñea…). Donostiako Udalak azaldu duenez, talde horiek mota askotakoak dira, eta bukaeran sari batzuk banatzen direla kontuan izanda, bi kategoria bereizi dira adinaren arabera. Alde batetik, junior kategoria izango da 14-18 urte bitarteko parte hartzaileentzat (hamabost talde); eta bestalde, senior kategorian arituko dira 18-30 urte bitartekoak (bost talde).
Era berean, Antzerki Topaketa hauen hedapena handitzeko, eta hiriko eragileen arteko sinergiak lantzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte. Usandizaga Ikastetxean Publizitate Grafikoaren goi mailako zikloa ikasten ari diren ikasleek aurkeztu dituzte Topaketen kartelerako proposamenak. Aurkeztutako guztien artetik, Sandra Fernandezen lana aukeratu dute aurtengo irudia izateko.
Horrez gain, Fernandezen diseinuarekin merchandising produktuak ere sortu dituzte: Euskarri grafikoen argitalpen kopurua handitzeko eskuorriak, kartel orokorrak eta antzezlan bakoitzerako kartel bereiziak. Gainera, telazko poltsak egin dituzte ekitaldiaren ikusgarritasuna handitzeko.
Taldeen parte hartzea sustatu eta elkar ezagutzeko, amaiera ekitaldi bat ere antolatu dute; eta, hala, sari banaketa eta festa izango dira ekainaren 17an, Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera).
Antzezlanak ikusteko sarrerak 3 euroan eskuratu daitezke Donostia Kulturaren webgunean, eta, Kontadores eta Kultxa Kultur klubaren kasuan, aretoko leihatiletan.