'Irati' komikiaren euskarazko bertsioa argitaratu dute
Irati filma egiteko inspirazio iturri izan den izen bereko komikia aurkeztu dute gaur Koldo Mitxelena Kulturunean. Irati komikia, izatez, duela urte asko sortu zuten Juan Luis Landak eta Joxean Muñozek, gaztelaniaz. Orain, ordea, euskaraz ere irakur daiteke, Erein argitaletxearen eskutik.
Muñozek aurkezpenean azaldu duenez, “Paul Urkijoren filmaren ondoren, Iratiren unibertsoa izugarri aberastu da, eta pelikula ikusi duzuenok, orain komikiarekin, berriro ere Iratirekin jarraitzeko aukera izango duzue, beste modu batera eta beste istorio batzuekin”.
Filmaren zuzendaria, Paul Urkijo, ere izan da komikiaren aurkezpenean. Adierazi du 15 urte ingururekin irakurri zuela lehen komiki hura, eta “guztiz maitemindu” zela. Urkijo pozik agertu da euskarazko bertsioa argitaratu dutelako, eta jendea komikia irakurtzera gonbidatu du.
Hona hemen komikiaren sinopsia: Nafarroa VIII. mendean, Abderramanen (musulmanak) eta Karlomagnoren (frankoak) inperioen artean kokatua. Ximeno Azkarra Iruñeko lehen erregearen biloba Eneko Aritzaren eta Irati izeneko lamina misteriotsu baten arteko harremana Antzinarotik Erdi Arora igarotzean.
Goizean aurkeztu dugu @KMKulturunea-n #irati komikia. #iratifilm-a egiteko oinarri izan den istorioa. Amaieran, hauxe esan digu laburrean Joxean Muñozek, Juan Luis Landarekin batera euskaraz zein gaztelaniaz eskura duzuen lan zoragarri honen gidoilariak 👇👇 pic.twitter.com/Gb2az65lJ0
— Erein argitaletxea (@ereinargi) May 10, 2023