Kirolean haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko protokolo bat onartu dute
Donostia Kirolak protokolo bat onartu du kirol eremuan haurren eta nerabeen aurkako indarkeria egoerak prebenitzeko eta goiz detektatzeko. Protokolo honen helburua (ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean oso-osoan babesteari buruzkoan, xedatutakoa oinarri hartuta) haur eta nerabeentzako “ingurune seguru bat sortzea” da, adingabeen osotasun fisikoa, psikikoa eta morala babestea eta zaintzea edozein indarkeria motaren aurrean.
Protokolo hori udaleko kirol instalazio guztietan eta horietan antolatutako jardueretan aplikatuko da, dela Donostia Kirolak zuzenean edo beste erakunde batzuek (klubak, ikastetxeak, etab.) antolatutako jardueretan.
Udaleko kirol instalazio bakoitzak babes ordezkari bat izango du, Donostia Kirolak izendatua. Ordezkari hori izango da babes estrategia osoa gidatu eta kudeatuko duena, eta erreferente izango da instalazio horietan adingabeei gerta dakiekeen indarkeria kasu baten berri eman nahi duten pertsona guztientzat. Babes delegatu horiek arduratuko dira jasotako komunikazio guztiak ikertzeaz eta, hala badagokio, dagozkien instantzietara bideratzeaz.
Ildo horretan, online komunikazio kanal bat jarriko da martxan informazio horiek guztiak jasotzeko, eta modu anonimoan ere aurkeztu ahal izango dira. Eragindako indarkeria egoeraren bat edo horren zantzuren bat antzeman edo jasaten duen edonork egoeraren berri eman beharko du, bai komunikazio bide honen bidez, eta baita instalazio bakoitzeko babes ordezkariarekin harremanetan jarriz ere.
Legean ezarritakoaren arabera, haurren eta nerabeen aurkako indarkeriatzat hartuko dira, besteak beste, tratu txar fisikoak, psikologikoak edo emozionalak, eskola jazarpena, ziber jazarpena edo sexu jazarpena, datu pribatuen zabalkunde publikoa, edo zigor fisikoak, umiliagarriak edo iraingarriak.