Amarako fardel beroak izan dituzte hizpide alkategaiek
Hainbat gairi buruz hitz egin dute Amarako mahai inguruan bost alkategai nagusiek, eta, bereziki, San Bartolomeko proiektuak eta Easoko trenbide zabaltzarenak piztu zuten eztabaida.
Amara Bai auzo elkarteak antolatuta, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztu diren bost alkategai nagusiek mahai ingurua egin zuten asteazken arratsaldean, Amarako frontoian. Auzo elkarteko presidente Harkaitz Aranburuk moderatu zuen saioa, eta lau gai nagusi izan zituzten hizpide: Amarako zonakatzea eta azpiegiturak, Easoko trenbide zabaltzaren proiektua, San Bartolome muinoko proiektua eta mugikortasuna. Lau gai horien inguruko iritziak eta proposamenak plazaratzeko txanda bana izan zuten aurrenik alkategaiek (zortzi minutukoa), eta besteek esandakoei erantzuteko beste txanda bana ondoren (lau minutukoa). Mahai inguruaren bigarren blokean, ikusleek galderak egiteko aukera izan zuten.
Moderatzaileak elebitan hitz egin zuen arren, nabarmentzekoa da Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) izan zela mahai inguruaren lehenengo blokean elebitan hitz egin zuen bakarra, beste laurek gaztelaniaz eman baitzituzten euren azalpenak eta erantzunak. Hala ere, ikusleen galderen blokean, euskaraz galdetu zutenei euskaraz erantzun zieten Eneko Goiak (EAJ), Marisol Garmendiak (PSE-EE) eta Izagirrek berak. Bitxikeria gisa, Garmendiak “Amara Zaharra” aipatu zuen hainbatetan hitza hartu zuenean, eta Goiak, beraren ondoren hitza hartu zuenak (zozketa bidez erabaki ziren txandak), horri erreferentzia eginez hasi zuen bere mintzaldia, irribarrez: “Amara Berrikoa naiz, eta badakit Amaran nagoela”.
San Bartolome, gai eztabaidatsua
San Bartolome muinoko proiektuaz asko hitz egin zuten mahai inguruan, eta eztabaida bizia sortu zen bost alkategaien artean, baina, bereziki, Goiaren eta Izagirreren artean. Gogoratu behar da Donostiako Udalbatzak urteko lehen osoko bilkuran onartu zuela San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Berezia, eta 8.000 metro koadroko eta bost solairuko merkataritza zentro bat aurreikusten dela muinoaren barnealdean, baita lau solairuko eta 270 plazako lurpeko aparkaleku bat ere.
Horrela, proiektu horren aurka agertu ziren Izagirre, Victor Lasa (Elkarrekin Podemos) eta Borja Corominas (PP). PPren alkategaiak kritikatu zuen udal gobernuak, proiektua idazteko garaian, ez duela kontuan izan “ez auzoko merkatarien sarea eta ez bizilagunen iritzia”. “Planteatuta dagoen moduan, seguru da txarra izango dela merkataritza txikiarentzat”, gaineratu zuen, baina ez zuen proposamen zehatzik egin. Lasak ere ez zuen proposamen zehatzik egin, baina nabarmendu zuen halako “makro proiektuekin” referendumak egin behar direla. “Geure buruari galdetzen diogu noren interesei erantzuten dien proiektu honek; merkataritza txikiarenei ez, behintzat”, gehitu zuen.
San Bartolomeko proiektua Odon Elorza alkate ohiaren azken legealditik dator, baina Izagirre alkate izan zen legealdian (2011-2015) aurkeztu zuten hirigintza plana aurrera eramateko proposamena, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu zuten proiektua sartzeko. Zozketa bidez hala egokituta, egungo udal gobernuko kideek –Goiak eta Garmendiak– baino lehen hitz egin zuen Izagirrek, eta, horregatik, jeltzaleak eta sozialistak esan zezaketenari “aurreratu” egin zen: “Egoera zail batekin egin genuen topo, proiektua zegoen moduan, hiriak diru asko galtzeko arriskua zegoelako. Horrela, bizilagunekin eta hainbat eragilerekin bildu ginen, eta adostu genuen muinoa ez botatzea, komentua ez ukitzea, eremuari emango zitzaion erabilera tertziarioak ez zuela zertan komertziala izan eta ez zela inoiz merkataritza gune handi bat egingo. Eta, aparkalekua ez zen txandakakoa izango”. Halaber, nabarmendu zuen hainbat eragilek jarritako helegitetik zer ateratzen den zain egonda ere, “hiriaren erdigunean merkataritza gune handi bat eta txandakako aparkaleku bat ez egotearen aldeko apustua” egin behar dela.
Goiak bere jarrera aurpegiratu zion Izagirreri: “Metro koadroa 9.000 euroan saltzea aurreikusten zuen planteamendu batekin egin zuen topo Bilduk, baina hori ez zen bideragarria, eta zuek planteatu zenuten hotel bat jartzea eta guneari erabilera tertziarioa ematea. Udalbatzak babestu egin zuen hori, ulertu egin genuelako”. Horrela, San Bartolomeko proiektua hiriarentzat “onuragarria” izango dela defendatu zuen: “Garberakoarekin baino, San Martingo merkataritza gunearekin antza handiagoa duen zentro batez ari gara”. Halaber, gehitu zuen lursail bati erabilera tertziarioa ematea erabakitzean, ez dela zehazten “komertziala den ala ez, erabilera tertziarioa horixe da, tertziarioa, abizenik gabe”. Aparkalekuari dagokionez, “erdigunean auto gutxiago egon daitezen, nonbaiten sartu beharko dira”, esan zuen jeltzaleak.
Egungo udal gobernuko beste alderdiaren ordezkariak, Garmendiak, soilik erantzunen txandan hitz egin zuen San Bartolomeri buruz, eta, Goiari begira –jeltzaleak buruarekin baietz zioen bitartean– nabarmendu zuen “EH Bilduk diseinatu zuen moduan” dagoela gaur egun San Bartolome.
Trenbide zabaltza eta etxebizitza
Easoko trenbide zabaltzaren eraldaketaren proiektuaren harira, bost alkategaiak etxebizitza berriak eraikitzearen, berdeguneak sortzearen eta zerbitzuetarako eraikinak jartzearen alde agertu ziren, baina ñabardurekin. “Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartezina” dela salatu zuen Corominasek, eta nabarmendu zuen Menchu Gal parkearen zona eraikitzeko zein berdeguneak sortzeko “aukera ona” dela. Izagirrek ere esan zuen proiektua Donostian egin behar dela: “ETSk ez dauka ezer esateko”. Hain zuzen ere, hala izango dela erantzun zuen Goiak: “Espazio horren ordenamendua udalak egingo du, eta ez Eusko Jaurlaritzak”. Garmendiak argi azaldu zuen bere proposamena: “Bulebar handi bat egin behar da, hiriko handiena, eta nik 300 etxebizitza eraikitzearen aldeko apustua egiten dut, gehienak babes publikokoak”.
Hain zuzen ere, Donostiako hirigintza garapenetan eraikitzen diren etxebizitza babestuen kopuruak eztabaida sortu zuen alkategaien artean, eta bereziki Lasak eta Izagirrek ahalik eta etxebizitza babestu gehiago eraikitzearen aldeko apustu argia egin zuten. Halaber, Lasak adierazi zuen “alokairuzko etxebizitza publikoak” eraiki behar direla, baina ez “palakadaka”, eta gogorarazi zuen badaudela etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura aterarazteko “mekanismoak”. Horri erantzunez, Goiak esan zuen etxebizitza hutsek Donostiako alokairuaren merkatuan duten intzidentzia “mugatua” dela: “1.000 inguru dira, eta OHZ-ren %100eko karga ezartzen zaie. Eta, Donostian, ohiko erresidentzien okupazio maila altua da”.
Goiaren gobernuak garatu dituen hirigintza proiektuetan etxebizitza babestuen kopurua “legeak ezarritako %40ko minimora” mugatu dutela aurpegiratu zioten EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko alkategaiek jeltzaleari, eta “etxebizitza larrialdiari” aurre egiteko, ahalik eta etxebizitza babestu gehien eraiki behar direla defendatu zuten biek. Goiaren arabera, ordea, hori ezin da beti egin: “Etxebizitzen %100 publikoak izan daitezkeenean, primeran; Easoko trenbide zabaltzan, adibidez, lursaila gurea da, beraz, primeran. Bestalde, Txomiñeneko bigarren fasean etxebizitzen %40 baino gehiago dira babestuak. Baina, Loiolako Kuartelen kasuan, esaterako, ikusi beharko dugu zenbat izan daitezkeen babestuak, udalak 73 milioi euro ordaindu beharko dituelako”. Halaber, Amara kalean eraikitzekoak diren 50 etxebizitzak “babestuak” izango direla esan zuen alkateak.
Etxebizitzari buruz hitz egitean, berriki Espainiako Kongresuan onartu duten Etxebizitza Legearen eta EAEkoaren defentsa irmoa egin zuten Lasak, Izagirrek eta Garmendiak. Besteak beste, legea putre funtsen espekulazioari aurre egiteko tresna gisa defendatu zuten Izagirrek eta Lasak, baina Goiak esan zuen funts horien eragina ez dela hain handia: “‘Putre funts’ deitzen dituzuen horietako bi daude Donostian: Blackstone, 500 etxebizitza dituena, eta Azora, 300 dituena. 800 dira guztira. Gainontzekoak etxejabe txikienak dira, eta legeak etxejabe handiez hitz egiten du”. Aldiz, ez zuen azaldu “etxejabe txikiek” batez beste dituzten etxebizitza kopuruaz. Donostian Airbnb bidez eskaintzen diren etxe turistikoei buruzko azterketa egin du duela gutxi Haritik Hirira geografo taldeak, eta bertan ikus daiteke bi etxebizitza edo gehiago eskaintzen dituzten “erabiltzaile profesionalek” eskaintzen dituztela etxe turistikoen %68,17. Hor, jakina, ez daude sartuta alokairu arrunteko etxebizitzak.
Trenbide zabaltzan egiten dena egiten dela, “parte hartze prozesu serio bat” egongo ote den galdetu zuen ikusleetako batek, eta horren alde egin zuten Lasak eta Izagirrek, ñabardurarik gabe. “Gure konpromisoa da parte hartze prozesua egitea, Txomiñeneko garapenean egin genuen moduan”, esan zuen Izagirrek. Lasak, bere aldetik, nabarmendu zuen “gero eta proiektu handiagoa izan, orduan eta gardenagoa” izan behar duela. Beste hiru alkategaiak ere parte hartze prozesuaren alde egin zuten, baina ñabardurekin. Goiak eta Garmendiak, egungo udal gobernuko kideek, baieztatu egin zuten parte hartze prozesua egin egingo dutela, Goiaren hitzetan “auzokoen iritzia kontuan izan behar delako, baina ez hori soilik, hiri proiektu bat delako”. Era berean, Garmendiak nabarmendu zuen ondo zehaztu behar dela zertarako egin behar den parte hartze prozesua: “Ez dut uste bizilagunen eskuetan utzi behar denik zenbat etxebizitza eraiki behar diren erabakitzea, adibidez”. Ildo bera jarraitu zuen Corominasek: “Parte hartze prozesuen aldekoa naiz, baina ez dut uste beti lotesleak izan behar direnik”.
Zonakatzea eta azpiegiturak
Bost alkategaiak ados agertu ziren Amara zer den definitzeko beharrarekin, gaur egun ez baitago ondo definituta udalean, eta, Izagirreren hitzetan “auzo biziak izateko, jendea auzo baten parte sentitu behar da”. Era berean, Goiak nabarmendu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriarekin etorriko dela definizio hori. Halaber, Amarako Gazteak taldearen galdera bati erantzunez, bost alkategaiek nabarmendu zuten auzoko bizilagunek dakitela hobekien zer azpiegitura behar dituen Amarak, eta, beraz, beraiekin diseinatu beharko direla proiektuak. Azpiegiturekin jarraituz, Goiak eta Garmendiak nabarmendu zuten Emakumeen Etxe berria Amara kalean kokatuko dutela.
Francisco Escudero kontserbatorioari buruz luze eta zabal hitz egin zuten alkategaiek, ikusleen galderen txandan horri buruzko galdera bat ere egon baitzen. Corominas izan zen gutxien busti zena, baina “konpromisoa” hartu zuen “kontserbatoriokoekin biltzeko eta irtenbide bat bilatzeko”. Kontserbatorioko erabiltzaileek eta langileek eskatzen dute euren instalazioak (Eusko Jaurlaritzarena da eraikina) hobetu eta handitu egin behar direla, eta, horren aurrean, Garmendiak esan zuen gaur egun daukatena “duindu” egin behar dela: “Ez duzue handitze bat behar, daukazuena duintzea behar duzue, eraikin hori Bilbon ez litzatekeelako horrela egongo”.
“Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa baldin badago eta metroak libre baldin badaude, udalak lanak erraztu behar ditu”, esan zuen Izagirrek, eta horri erantzunez hartu zuen hitza Goiak: “Lanak egiteko lizentzia ez da arazoa, baizik eta kontserbatorioaren handitzea suhiltzaileen eraikinean sartuz egingo litzatekeela, eta hori udalarena da. Gu joan behar gara zuek sartzeko? Metro gehiago nahi badira, irtenbidea Easoko trenbidearen zabaltza da”. Ordea, kontserbatorioak udal eraikinaren zati bat hartzearen alde agertu zen Lasa: “Planteatu behar da aukera hori”.
Mugikortasun horizontala eta bertikala
Amaran garrantzia handia dauka mugikortasun bertikalak, bereziki San Roke eremuan bizi direnentzat, eta, horregatik, mugikortasun mota hori indartzearen alde egin zuten alkategaiek. Zentzu horretan, Garmendiak egin zituen proposamen zehatzenak: “Osasun Iturriaren eta Autonomia kaleen artean igogailu publiko bat jartzea, San Rokeko eskaileren ordutegia luzatzea –lanegunetan gauerdira arte eta jaiegunetan 01:00ak arte, gutxienez–”.
Mugikortasunaren arloan aldaketa ugari egin dituzte legealdi honetan hiriaren erdigunean, eta, noski, eragin zuzena izan dute Amaran. Corominas aldaketa horien guztien aurka agertu zen, modu irmoan: “Arazo bat sortu dute arazo bat ez zegoen lekuan, eta inork eskatu ez dien irtenbide bat eman diote arazo horri”. Garmendia ere aldaketa horien aurka agertu zen, bera udal gobernuaren parte bada ere: “Erabakiak ez dira Gobernu Batzordean hartu, eta gu aurka gaude, herritarrak erotzen ari direlako eta mugikortasun plan bat gabe egin direlako”.
Horren guztiaren aurrean, Goiak argudiatu zuen “eraldaketa garai batean” dagoela hiria, eta metroaren lanak bukatzeak eragin positiboa izango duela hiriaren mugikortasunean. “Proiektu justifika ezina da metroarena, baina, gobernuan gaudenean, hiriko garraio publikoaren sarean integratu beharko dugu”, gaineratu zuen Izagirrek.
Izagirrek eta Lasak hartutako neurriak “berrikusteko” beharra dagoela esan zuten, baina Europak markatzen dituen irizpideak jarraitu behar direla gogorarazi zuten. Ildo beretik jo zuen Lasak: “Bada garaia autoak hiriaren erdigunetik ateratzeko”.