Arturo Espejo guardia zibilaren maila igoera salatu du Donostiako Udalak
Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat onartu du, Mikel Zabalzaren kasuarekin lotutako Arturo Espejo Guardia Zibilaren jeneralaren maila igoera salatuz. EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren aldeko botoekin onartu dute adierazpena, PSE-EE abstenitu egin da eta PPk aurka bozkatu du.
“Mikel Zabalza Garate, 12/2016 Legearen bidez, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean atxilotuta zegoela sufritutako torturengatik bizitzeko eskubidearen urraketaren biktima izan zela aitortu zen ofizialki, Gobernu Zentralak [Espainiakoak] izandako bertsio ofizialaren sinesgarritasuna kolokan utziz”, gogorarazi du udalak adierazpenean. Halaber, deitoratu dute “estatuko indarkeriaren egileei emandako maila igoeren, kondekorazioen eta sarien beste kasu bat” dela Espejorena. “Konstatatzen dugunez, honek beraien biktimak umiliatu, iraindu eta birbiktimizatu egiten ditu. Alderdi sinatzaileok helarazi nahi diegu estatuaren biktimei gure babesa eta aitortza eta erreparaziorako dituzten eskubideei gure errespetua”, gaineratu dute.
Horrela, bi proposamen zehatz egin ditu udalak bere adierazpenean. Alde batetik, “Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari erakunde adierazpen honen kopia bat bidaltzea hartutako erabakia jakinarazteko”. Eta, bestetik, “Donostiako Udalbatzak 2021eko martxoaren 12ko Erakunde Adierazpenean adierazitako konpromisoari jarraiki, Espainiako Gobernuari eskatu diezaiola desklasifikatu ditzala Mikel Zabalzaren hilketa eragin zuten gertaerekin lotuta dauden txosten, grabaketa eta kasu horren espedientea osatzen duten dokumentu guztiak”.