"Donostiako herri mugimendua euskaltzalea da"
Bagera Elkarteak Donostiako Euskaltzaleon Topaketak antolatu ditu maiatzaren 13an, San Telmo Museoan 9:30etik 13:30era. Maddi Juanikorenak (Gros, 1991) eta Amaiur Berrak (Egia, 1993) azaldu dizkigute nondik norakoak.

Zer helburu dute euskaltzaleen topaketek?
Maddi Juanikorena (M.J.): 2019an egin ziren Donostiako euskaltzaleon lehen topaketak. Prozesu partehartzaile bat egin genuen auzoetako batzordeekin, eta euskaltzaleon mugimendua indartzeko erronka batzuk jarri genituen. Oraingo honetan, mugimenduaz hausnartu baino gehiago, euskaltzaleen aktibazioaz hitz egingo dugu.
Askotan hitz egiten dugu aktibazioaz, difusoa dirudien arren. Ariketa praktiko bat egingo dugu: euskara ardatz izango duten proiektu edo egitasmoak irudikatzea izango da helburua.
Zergatik?
M.J.: Azken datuek erakusten dute jakintza gora doan arren, erabilera behera doala. Gakoetako bat euskara gaitasunean dagoela hausnartzen ari gara azken aldian; hezkuntzak ez du maila ematea lortzen.
Amaiur Berra (A.B.): Zergatik dago kale erabileran geldotze bat, gero eta jende gehiagok baldin badaki euskaraz? Ez dagoelako proiekturik edo baliabiderik euskaraz bizitzeko. Topaketen helburua da euskaltzaleon iritziak jasotzea, eta euskaraz bizi ahal izateko tresna eta jarduerak sortzea.
M.J.: Donostiako euskaldunok estres linguistikotik at egongo diren eremuak behar ditugu egunerokoan: kulturan, kirolean eta eremu guztietan. Arnasguneak behar ditugu euskaraz natural bizitzeko. Zehar lerro izan baino, ardatza izango den gune bat.
Zer proiektu mota duzue buruan?
M.J.: Erronka batzuk zehaztuak ditugu baina ez dugu aurrez ezer definitu nahi. Denon artean garatu nahi dugu. Edozer izan daiteke: kultur elkarte edo talde batek, euskara hutsean funtzionatzeko hautua egitea, demagun.
A.B.: Euskaltzaleon topaketak direnez, lehen helburua da denon artekoa entzun eta garatzea. Bageran baditugu hainbat proiektu martxan, baina guk fokua jarrita ez dugun nonbaiten eragitea nahiko genuke.
Nork hartuko du parte?
A.B.: Ahalik eta pluralena izatea nahiko genuke. Mugimendu ezberdinetakoak edo inon ez dabilena, jubilatuak, langileak, gazteak… Gero eta pluralagoa izan, gero eta aberatsagoa izango da.
Zein formatu aukeratu duzue?
A.B.: Lehen zatian talde txikietan elkartuko gara, erosoago hitz egin ahal izateko, eta, bertan, ideia zaparrada moduko bat egingo dugu. Bigarren zatian, talde txikietan hitz egindakoa partekatuko dugu, atera diren ideia eta proiektuak zehazteko asmoz.
Euskal Herri osoan gertatzen ari den geldialdiarekin parekatzen duzue Donostiako egoera. Zer egin behar da?
M.J.: Gaitasunean jarri behar da arreta, etorkizuna baldintzatzen duelako. Institutuetan tailerrak ematen aritzen gara, DBH eta Batxillergoan, eta egoera nahiko larria gaitasunari dagokionez. Benetan kezkatzen gaitu, eta erakunde publikoetatik eta eskumenak dituztenengandik neurriak hartu behar dira, eta ez bakarrik hezkuntzan. Gune informalek ere badute eragina.
Hiriaren eraldaketak ere eragina du hizkuntzaren garapenean, are gehiago gurea bezalako hizkuntza txiki eta gutxitu batean. Komunitateak desegiten ari badira, auzoak gero eta gehiago desegiten badira, izaera galtzen badute eta auzogintza galtzen bada, guzti horrek eragina du hizkuntzan. Izan ere, euskarak gertuko harremanetan du indarra, eta hori desegiten den heinean, hizkuntzaren transmisioan ere eragina du. Auzoetan proposatzen diren eraldaketa prozesuek, demagun etxebizitzak eraikitzen direnean, ez badute kontuan hartzen hizkuntzaren aldagaia, horrek ere etorkizunari begira baditu ondorioak.
A.B.: Kezkagarria da ere, kanpotik datorren jendeari egiten zaion harrera. Ez dago harrera planik, eta dauden planetan ez da kontuan hartzen hizkuntzaren aldagaia, ez delako beharrezkotzat jotzen.
Aipatuko nuke ere, ez garela batere kritikoak egoerarekin. Hizkuntza paisaia guztiz erdalduna da, eta askotan iruditzen zait ez garela kritikoak. Ez gaitu harritzen jatetxe berri batera sartu eta karta euskaraz ez egotea. Ez zaigu harrigarria iruditzen.
Hiriaren eraldaketaren ondorioz, gure artean harremantzeko moduak aldatu dira, eta hizkuntza bultzatzeko moduak aldatu behar ditugu. Lehengo tresna batzuk balio dezakete gaur egun, baina beste batzuk zaharkituak gelditu dira, eta horretara dator proiektu berriak sortu behar izatea.
Aktibazioaren beharraz hitz egiten duzue. Nola ikusten duzue euskaltzaleen mugimendua?
M.J.: Mugimendua bera, beste mugimendu askoren antzera, dekadentzia moduko batean dago, baina uste dut Donostiako gainontzeko herri mugimenduak euskaltzaleak direla, eta hori gutxitan goraipatzen dugun errealitate bat da. Pentsiodunen mugimenduan euskaltzaleak daude, mugimendu feministan baita ere, gazte mugimenduetan ere… Aitortza bat egin behar da hor egiten den lanari, eta horrek ekarpena egiten dio euskaltzaleen mugimenduari. Hausnartu behar dugu zerk osatzen duen euskaltzaleen mugimendua, eta zer norabide hartuko duen. Aitortu behar dugu badirela euskaltzale asko bestelako mugimenduetan. A.B.: Beste mugimenduotan zehar lerro gisa lantzen da, eta nik ardatza izatea botatzen dut faltan. Euskara erdigune izango duen mugimendu autonomo baten hutsunea nabaritzen da; hizkuntza eskubideen urraketei erantzuteari begira, adibidez.
Zeintzuk dira zuek jarriko zenituzketen lehentasunak?
M.J.: Erosotasun espazioak sortu behar ditugu. Donostian egongo badira euskaraz bizi diren gero eta Donostiar gehiago, hori probokatu behar da. Ez da bere horretan sortuko eta ez dute erakundeek sustatuko.
A.B.: Euskaraz bizitzeko tresna eta baliabideak sortzeko lan egin behar dugunak gu gara. Gu gara erantzuleak.