Espejoren maila igoera zuritu du Pedro Sanchezek: "Ez dute zigortu"
Espainiako gobernuburuak dio ez dela "bidezkoa" Poliziaren "jokabide zuzena zikintzea". Mikel Zabalza atxilotzeko operazioko buru izan zen Espejo.
Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusiak, “lotsa eta haserrea” erakutsi zituen, apirilean, Mikel Zabalzaren auziaren eta Arturo Espejo Guardia Zibilaren teniente jeneral eta Sostengu Agintaritzako buru izendatu izanaren harira.
EAJk Espainiako Gobernuko presidenteari, Pedro Sanchezi, galdetu zion ea sentimendu berak dituen horren inguruan. Sanchezek esan zuen “ulertzen” duela Zabalza familiaren mina, baina, Espejori buruz, ez zuen bere alderdikidearen iritzi bera adierazi: “Ikerketa judizial zehatzak egin dira, eta Espejo jenerala ez dute inputatu, ez dute zigortu”.
Espainiako Diputatuen Kongresuan Sanchezek esan du ETAren aurkako gerra zikinaren kontra “irmo borrokatu” dela, eta ez dela “bidezkoa” Espainiako Poliziaren “jokabide zuzena zikintzea”, ezta zuzenbide estatuaren funtzionamendua “zalantzan” jartzea ere. “Nik ez dut inoiz terrorismoaren drama erabiliko gizartea zatitzeko”, esan du Sanchezek, PPko diputatuak Kongresuan esertzen diren eskuineko aldea seinalatuz. “Mikel Zabalzaren heriotzak Euskadin eta Espainian bizitako une oso gogorrak gogorarazten dizkigu, eta, horregatik, uste dut oinarrizkoa dela ez instrumentalizatzea”, esan dio Espainiako Gobernuko presidenteak EAJri.
Auzi “paradigmatikoa”
Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskaren iritzia bere egin du Sanchezek. Barne ministroak duela aste batzuk esan zuen Espejoren izendapenean ez dagoela zuzendu beharreko ezer, eta Guardia Zibilaren ibilbidea orbanik gabekoa dela, ez delako inoiz egon “inongo ebazpenetan inputaturik”.
Aitor Esteban EAJko diputatuak galdetu dio gaiaz Sanchezi, eta eskatu dio Memoria Demokratikoaren Legea “egunero” betetzeko. “Zuen artekoek ere zaituztete ulertzen Euskadin”, esan dio Estebanek, argudiatuta Zabalzaren auzia “paradigmatikoa” dela eta gobernua ez dela horretaz jabetzen.
Guardia Zibilak 1985. urtean atxilotu zuen Zabalza. Bertsio ofizialaren arabera, bere kasa hil zen, Bidasoa ibaira salto egin ostean, Donostiako Intxaurrondoko kuarteleko bi guardia zibilekin batera zulo baten bila ari zela. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Balorazio Batzordeak duela urtebete egindako txostenaren arabera, “susmo handiak” daude pentsatzeko Zabalzari “tortura eta tratu anker eta gizagabeak” ezarri zizkiotela atxilotuta egon zen bitartean, eta horren ondorioz hil zela. Eusko Jaurlaritzak ontzat eman zuen txostena, eta giza urraketen biktimatzat aitortu zuen. Izan ere, CESID Espainiako zerbitzu sekretuetako audio batzuek ere azaleratu zuten torturen eraginez hil zutela.
BERRIA-k argitaratu duen jatorrizko albistea irakurri hemen.