Frantziako zinema beltzari buruzko Nosferatu bildumako liburua argitaratu dute
El polar francés 1931-1982 izenburupean kaleratu dute, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak editatua, eta Antonio José Navarrok koordinatua. Frantziako zinema beltzari, polar deiturikoari eskaini diote liburua. Argitalpenak bat egiten du urtarriletik Tabakaleran proiektatzen ari diren pelikulekin. Abendua bitarte 30 bat film emango dituzte.
Zinema beltza 1910eko hamarkadaren hasieran sortu zen Frantzian, Louis Feuilladeren sailekin –Fantômas (1913-14), Les Vampires (1914-15)–. XXI. mendean ere denboraldi bakoitzean film ugari ekoizten jarraitzen da herrialde horretan, baina, liburuari ekiteko orduan, generoaren urrezko garaia osatzen duten filmetara mugatzera erabaki da. Antonio José Navarro koordinatzaileak dio Polar terminoak –policier (poliziakoa) eta noir (beltza) hitzen apokopetik sortuak– bai zineman bai literaturan krimenaren eta polizia-gaien inguruko adierazpide desberdinak hartzen dituela barnean, kultura frantsesaren ikuspegitik betiere. Hala, delituaren eta delinkuentearen antropologia soiletik, Ongiaren eta Gaizkiaren konfrontaziotik haratago doazen adierazpideak dira.
Hala, honela definitzen da polar: ideologietan anitza eta estetikan poliedrikoa den zinema. Fenomeno transkultural, transhistoriko eta transgeneriko bat. Bere estilo bisuala –zehaztua baina aldi berean bere autoreen kezketara moldatua– begirada, pentsamendu, emozio bihurtzen da gizartearen eta, batez ere, berau osatzen duten gizabanakoen alde ilunaren inguruan. Genero honetan, polarrean, zinemagile gailenen obrarik onenak aurkituko ditugu, beste askoren artean hauenak: Jacques Becker, Marcel Carné, Pierre Chenal, Claude Chabrol, Alain Corneau, Julien Duvivier, José Giovanni, Jean Grémillon, Jean-Pierre Melville, Jean Renoir eta Henri Verneuil.
Hauek idatzia da liburua: Carlos Aguilar, Tonio L. Alarcón, Ricardo Aldarondo, Quim Casas, Mar Corrales, Roberto Cueto, Roberto Curti, Tomás Fernández Valentí, Pablo Fernández Vegas, Jorge Gorostiza, Eduardo Guillot, Elisa McCausland, Antonio José Navarro, Luis Pérez Ochando, Jesús Palacios, Juan Andrés Pedrero Santos, Àngel Quintana, Aarón Rodríguez eta Diego Salgado.
Liburua laster izango da liburu-dendetan eskuragarri. Tabakalerako zinema-abonua dutenek liburu honen edo joan den urtearen amaieran argitaratutako Katixa Agirreren Zinema festa bat da liburuaren ale bat jasotzeko eskubidea dute.
Liburua Frantziako zinema beltza Nosferaturen zikloari dagokio, aurtengo urtarrilean Tabakaleran hasiera eman zitzaiona eta abendura arte luzatuko dena. Urtearen bukaeran, zikloaren osagarri, beste liburu bat argitaratuko da euskaraz, Iñigo Marzabalek koordinatua.