Hamabi puntista ariko dira Donostiako Grand Slamean
Larunbatean abiatuko da Donostia Grand Slam 2023 zesta-punta txapelketa. Ekainaren 17ra bitartean hainbat partida jokatuko dira Amara Berriko Carmelo Balda pilotalekuan. Zehazki, egun hauetan izango dira neurketak: maiatzaren 13an, 20an eta 27an, eta ekainaren 3an eta 17an. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, eta bakoitzaren sarrerak 10 euro balio ditu.
Jai Alive World Tourraren baitan jokatuko da Donostiako txapelketa. Guztira, hamabi puntista ariko dira lehian, sei bikotetan banatuta. Era berean, bi multzotan bereizi dituzte puntistak. A multzoan daude Aritz Erkiaga-Bailo, Goikoetxea-Gorka eta Barandika-Zabala. B multzoa, berriz, Johan-Lopez, Erik-Lekerika eta Olharan-Basque bikoteek osatzen dute.
Hilaren 13an, Aritz Erkiaga-Bailo eta Goikoetxea-Gorka ariko dira parez pare arratsaldeko lehen partidan. Aldiz, bigarrenean Johan-Lopez eta Olharan-Basque bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, ligaxka osatuko dute hilaren 20an eta 27an. Multzo bakoitzeko bi bikote onenak ekainaren 3ko finalerdietarako sailkatuko dira. Aldiz, finala ekainaren 17an izango da.