75 urte bete ditu Antiguako pilota txapelketak
Sukia kaleko Carmenolo tabernan bildutako pilotazale batzuek sortu zuten. Geroztik, frontoia eta auzoa zalez bete ohi da udan. Urtemugaren harira, bi argazki erakusketa eta Jose Mari Iriondoren ‘Pilota eta bertsoak’ liburua aurkeztuko dituzte.
Oso gutxitan egin dute kale. «Bost aldiz, asko jota», kontatu du Jesus Mari Rubiok. Antiguako Pilotazaleok elkarteko presidentea eta Antiguako Pilota Txapelketaren antolakuntzan dagoen kiderik zaharrena da. Gogoan du nolakoa izan zen proba honen sorrera: «Auzoko pilotazale kuadrilla batek sortu zuen, Sukia kaleko Carmenolo tabernako jabeak eta bezero batzuek. Txapelketa bat egitea pentsatu zuten, eta 1943an egin zuten lehendabizi. Geroztik, 75 txapelketa egin dira». Gaztea zenetik ezagutu du txapelketa, eta azaldu du beti egin dituelako antolakuntzari lotutako lanak eta bestelakoak ere bai: «Partidak bukatzen zirenean emaitzak eta hurrengo eguneko programa eramaten nituen hiriko komunikabideetako erredakzioetara. El Diario Vascora, Santa Katalina kalera, La Voz de España (Mirakruzera) eta La Unidadera (Easo kalera.
Erreleboa
Kuadrilla baten ekimenez sortutako txapelketa hainbat eragileri esker iritsi da gaur arte. Garai batean Ondarreta kirol klubak hartu zuen ardura, ondoren Los Luises-ek, eta urte batzuetan, Jakintza Ikastolak. Egun, Antiguako Pilotazaleok taldeak antolatzen du, eta auzoko hainbat elkarteren babesa du: Itzurun, Txirain, Istingorra, Basoetxea, Antiguoko, Antiguotarrak eta Sansustenerena.
Hasieran soilik lehen eta bigarren kategorian jokatzen ziren partidak. Lehen txapelketako finala Antiguako lau pertsonak jokatu zutela gogoratu du Rubiok. Ondoren, gazteak ere hasi ziren ziren jokatzen, eta baita 22 urtez azpikoak ere. Egun, elite eta promesa mailako pilotariek parte hartzen dute, eta emakumeek 2019an parte hartu ahal izan zuten lehen aldiz. Rubiok uste du txapelketa hau beti izan dela elitekoa: «Kategoria apalagoetan jokatzen bazen ere, hautaketa oso zorrotza egiten zen Antiguako Txapelketan. Onenak hartzen ziren. Euskal Herri osoko pilotariak etorri dira hona». Pilotan ari diren profesionalen %99 txapelketan ibilitakoak direla dio harro Javier Ricok, antolakuntza taldeko beste kide batek.
Txapelketak auzoan sortzen duen giroa izugarria dela nabarmendu dute. «Frontoia lepo betetzen da, eta jendetza etorri ohi da leku askotatik partidak ikustera», esan dute Agustin Sorianok eta Angel Nietok. «Egia da ez dela horrenbeste jende behar frontoia betetzeko, baina egiten dugunaz harro gaude», gehitu du Rubiok. Giro oso polita sortzen dela diote, eta tabernak lepo betetzen direla. Antiguaz harago ere iristen dira partidak, zuzenean ematen baitituzte webgunean.
Garai batean, Antiguako frontoia oraindik estali gabe zegoenean, eta euria egiten zuenean, Añorgako frontoira joaten zirela gogora ekarri du Rubiok. Eta iaz Nafarroan jokatu zuten lehen partida, «Nafarroatik etortzen diren pilotari nafarren omenez. Larraintzarko frontoiak 100 urte bete zituen, eta haien omenezko keinu hori izan genuen. Oso egun polita izan zen». «Hurrengo urtean Argentinara joan nahi dugu, han dauden pilotazale guztiek ere goza dezaten», esan du barrez Javier Ricok.
Euren ustez, auzoan beti izan da pilota zaletasuna. «Ez genuen zinema aretorik, baina frontoi bat genuen», esan du Agustin Sorianok. «Ordea, gaur egungo haurrek sekulako kirol eskaintza dute, eta futbolak haur asko eramaten ditu. Gero eta zailagoa da txapelketarako jokalariak bilatzea», ohartarazi du Rubiok.
Elkarrizketak aurrera egin ahala Rubiok oroitzapen gehiago berreskuratu ditu: «Final batean, euria hasi zuen ustekabean, eta bertan behera utzi behar izan zuten partida. Bazkari bat egin ohi dugu azken egunean. Elkartea bete egin zen, eta bazkaldu beharra zegoen. Bapo bazkaldu eta finala bukatu genuen bazkaldu ondoren. Hori 1970eko edo 1980ko hamarkadan izango zen. Pentsatzen dut pilotariek gutxi jango zutela, besteek, ordea, ahal izan zuten guztia!».
Txapelketa, abuztuan
Garai batean ekainean eta uztailean egiten bazen ere, ezken urteetan abuztuan egin dute txapelketa, eta aurten ere bai. Abuztuaren 8an hasiko da, eta irailaren 2an jokatuko da finala. Halere, partidak hasi baino lehen 75. urtemuga ospatzeko hainbat jarduera egingo dituzte. Maiatzaren 17an liburu bat aurkeztuko dute Basoetxea elkartean (17:30), pilota eta bertsoa lotzen dituena: Jose Mari Iriondoren Pilota eta bertsoak. Ekitaldian Amaia Agirre, Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euzkitze ariko dira bertsotan. Gainera, argazki erakusketak ere prestatu dituzte. Uztailera arte Dabid Argindarren Pilota zuri-beltzean argazki bilduma ikusi ahal izango da Lugaritz kultur etxean. Auzoko merkatu zaharrean ere izango dira ikusgai bere argazki batzuk, abuztuan, eta baita Foto Miki dendakoenak ere, pilotarekin lotura duten auzoko argazkiak erakutsiko baitituzte.
Urtemuga ospatzeko beste jarduera bat egingo dute abuztuaren 5ean, 11:30ean; partida berezi bat egingo dute. Profesional ohien (Ekaitz Saralegi, Peio Martinez de Eulate, Oinatz Bengoetxea eta Juantxo Koka) eta Antiguako pilota eskolako umeen partida bat izango da. Egun horretan Istingorran bazkaria egingo dute, partidan parte hartuko dutenekin, frontoian hutsik egiten ez dutenak eta txapeldun izan diren jokalari batzuekin.
Rubiok argi dauka zein izan den txapelketaren arrakastaren formula: «Lau hanka ditu txapelketak, mahai baten moduan: pilotariak, babesleak, publikoa eta antolakuntza. Horietako batek huts egiten badu, dena izorratzen da».
Hurrengoa, frontoi berrian?
Hau guztia taberna batean hasi zen, lagunartean, baina pixkanaka erreleboa hartu du auzoko jendeak, eta aurrera egin du. Hurrengo urteetan zer espero duten galdetuta, esan dute hurrengo urtean auzoko frontoi berria prest izatea espero dutela. «Atzeratzen joan dira, baina berez aurten berritze lanak bukatu behar zituzten».