EAJk bere hamar zinegotziak mantenduko lituzke eta EH Bilduk zazpi lortuko lituzke, Soziometroaren arabera
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak (Soziometroak) boto asmoari buruzko azken inkestaren emaitzak argitaratu ditu, eta Donostian ez dago ezustekorik: EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko udal hauteskundeak, eta EH Bildu izango litzateke bigarren indarra. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko datuak bildu ditu inkestak, eta maiatzaren 2tik 5era egin zuten, Araban 728 elkarrizketa telefoniko eginda, Bizkaian 1.318 eta Gipuzkoan 984.
Donostian, Eneko Goia egungo alkate eta alkategai jeltzaleak botoen %33,9 lortuko luke eta orain dituen hamar zinegotziak mantenduko lituzke. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, Juan Karlos Izagirre buru, botoen %25,2 lortuta eta zazpi zinegotzi eskuratuta, gaur egun baino bat gehiago.
Marisol Garmendiaren PSE-EE hirugarren indarra izango litzateke, egungo bost zinegotziak mantenduz eta botoen %16,5 lortuta. PPk, Borja Corominas alkategaiarekin, egungo hiru zinegotziak mantentzea lortuko luke, botoen %9,5 eskuratuta. Azkenik, Victor Lasaren Elkarrekin Podemos izango litzateke udaleko azken indarra, botoen %8,4 lortuta eta bi zinegotzirekin (hiru ditu orain). Iragarpen berak egin zituen Soziometroak otsailean; aldiz, EITB Focusen azken inkestak hamaika zinegotzi eman zizkion EAJri, zazpi EH Bilduri, bost PSE-EEri eta bina PPri eta Elkarrekin Podemosi.
Horrela, azken Soziometroaren arabera, 2015etik hiria gobernatzen duen udal gobernua errepikatu daiteke, EAJren eta PSE-EEren zinegotziak batuta gehiengo absolutua baitute udalbatzan. Garmendiak jeltzaleekin hautsi nahiko balu, posible litzateke EH Bilduk gidatutako udal gobernu bat osatzea Elkarrekin Podemosen babesarekin, baina alderdien diskurtsoak eta norabideak ez doaz zentzu horretan. Gaur hasi da hauteskunde kanpaina ofizialki, eta hautagaiek bi aste dituzte aurretik konbentzituta ez daudenak konbentzitzeko edo konbentzituta daudenak gehiago konbentzitzeko.