Finalera heltzeko beste pauso bat emateko garaia da
Final-laurdenak pasatuta, finalerdietan ere maila ona erakusteko garaia da Bera Berarentzat, liga irabazteko helburua bete nahi badute. Elxen aurka jokatuko dute finalerdietako joaneko partida larunbatean, Elxen etxean, eta emaitza on bat lortuko beharko dute, hurrengo asteburuan etxean finalerako pasea itxi ahal izateko. Kopa irabazita, denboraldiko bigarren tituluaren bila doa Bera Bera.
Futbolean, Realeko mutilek etxean jokatuko dute larunbatean, Gironaren aurka. Txapeldunen Ligarako sailkapena ematen duen laugarren postuari eustea dute helburu txuri-urdinek, eta azkenaldian berreskuratu duten joko ona erakutsi beharko dute larunbatean ere, Girona Europako postuetan sartu nahian baitabil. Neskek, aldiz, Levante Las Planasen etxean jokatuko dute, eta denboraldia ahalik eta goren amaitzea dute helburu. Seigarren postuan daude txuri-urdinak, eta hamabigarrenean valentziarrak, beraz, irabazteko moduko neurketa da Natalia Arroyoren neskentzat.
Belar hockeyan, Egararen bisita jasoko du Realak igandean, eta euren mailarik onena erakutsi beharko dute txuri-urdinek, bosgarren postuan baitago Egara. Postu hori eskuraezina da dagoeneko Realarentzat, baina denboraldia ahalik eta goren sailkatuta eta maila onena erakutsita bukatu nahi du talde donostiarrak.
Horrez gain, Emakumeen Euskal Herriko Itzulia igandean bukatuko da, eta Donostiatik irtengo da azken etapa, baita bukatu ere. 15:39an abiatuko da Bulebarretik, eta 19:30ak aldera bukatuko da, leku berean.
PARTIDAK
Eskubaloia
Ligako kanporaketa, finalerdiak
- Elx – Bera Bera (larunbata, 13, 18:00).
Futbola
Gizonezkoen liga, 34. jardunaldia
- Reala – Girona (larunbata, 13, 14:00).
Emakumezkoen liga, 29. jardunaldia
- Levante Las Planas – Reala (larunbata, 13, 12:00).
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 19. jardunaldia
- Reala – Egara (igandea, 14, 12:30).