Ian Andersonen flautak gidatuko gaitu
Urteko edozein larunbat bateko goiz bat, oraindik ohean nago eta aitak musika jarri du etxean, “bolumen onean, esnatzen joateko”. Gehienetan, niri ere gustatzen zaidan musika jartzen du, baina gaur Jethro Tull jarri duen egun horietako bat da, eta bera poz-pozik badago ere, ohetik altxa eta bolumena jaitsi diot, ez dudalako rock sinfoniko eta progresibo flautadun hori jasaten; agian, ez delako XXI. mendeko nerabe batentzako musika. Nire haurtzaroko eta nerabezaroko asteburu askotan gertatu zen hori, baina nahita edo nahigabe, gurasoen antza izaten bukatzen dugu sarritan, eta, urteekin, Jethro Tull entzuten ikasi nuen, historiako nire talde gustukoenetako bat izatera iritsi arte. Horregatik, atzo Kursaalean egon nintzen (larunbatetan etxean musika “bolumen onean” jartzen zuen hori ere handik zebilen), eta Jethro Tullen kontzertua bikaina izan zen.
75 urte ditu Ian Andersonek, baina oso forma onean dago, eta kontzertuarekin hasieratik bukaerara erakutsi zuen hori: flauta beti bezain bizi jo zuen –hanka bat altxatuta eta guzti–, alde batetik bestera saltoka mugitu zen, erritmo handiko kontzertua eskaini zuen eta soilik bisean faltatu zitzaion ahots pixka bat. Kontzertu biribila izan zen, betiere, inguratzen duten musikari apartek lagunduta: Joe Parrish gitarran, Scott Hammond baterian, John O’Hara teklatuetan eta David Goodier baxuan.
1960ko hamarkadan atera zuten Nothing Is Easy abestiarekin abiatu zuten kontzertua, eta Jethro Tullen ibilbide zabalaren errepaso sakona izan zen hortik aurrera emanaldia, tarteka atzeko pantailan Andersonen gaztetako kontzertuetako bideoak proiektatuz, agertokian irudi bitxi bat sortuz.
Garai hippyeneko abestiak, rock kutsu handiagokoak, melodia misteriotsudunak eta folk britainiarrarekin antza gehiago dutenak jo zituzten, taldearen garai guztietakoak, mitologikoa nordikoan oinarritutako RökFlöte (2023) azken diskoko abesti epikoekin behar bezala uztartuta. Bidaia horiek taldearen abesti ezagunenekin itxi zituzten, baten bat galduta bazegoen, azkar birkokatu zedin Jethro Tullen unibertsoan: Bourée-rekin itxi zuten lehenengo pasea, Aqualung-en bertsio luze eta bikain batekin bigarrena, eta Locomotive Breath-en bertsio luze eta bizi bat izan zen bisa, kontzertua ixteko eta ikusleak zutik jartzeko.
Belaunaldi bakoitzak bere erreferenteak behar ditu, eta Jethro Tull gutxienez belaunaldi pare baten erreferenteetako bat izan zen, Ian Andersonen flautak gidatuta. Etxean musikarekin gogaitzen zaituzten gurasoek, ordea, batzuetan lortzen dute erreferenteak belaunaldiartekoak izatea batzuontzat.