Javier Bardem aktoreak jasoko du Donostia sarietako bat
Aurten 30 urte beteko dira Zinemaldian lehen aldiz parte hartu zuenetik. Aktorea Bigas Lunas zuzendariaren 'Huevos de Oro' filma aurkeztera etorri zen, eta, geroztik, harreman estua izan du jaialdiarekin.

Javier Bardemek (Kanaria Handia, 1969) 71. Donostiako Zinemaldiaren sari nagusia eskuratuko du irailaren 22an, jaialdiaren inaugurazio galan, eta aktorea bera izango da jaialdia iragartzen duen kartelaren irudi nagusia. Gaur Zinemaldiko sail guztien kartelak aurkeztu dituzte prentsaurreko batean, eta diseinuen aurkezpenean bertan eman dute sari nagusiaren berri. Jose Luis Rebordinos zuzendariak aitortu du duela bi urte saiatu zirela Donostia saria ematen, baina Javier Bardem Dune filmatzen ari zenez, atzeratu egin behar izan zuten. Aktorea “oso pozik” dagoela esan du Rebordinosek: “Asko maite du jaialdia, berarentzat oso sari garrantzitsua da. Pelikularik gabe dator, eta horregatik emango diogu Donostia saria jaialdiaren inaugurazio emanaldian”.
Aurten 30 urte dira Javier Barmen Zinemaldian lur hartu zuela: Bigas Lunaren Huevos de oro (1993) filmaren lantaldearekin etorri zen. Eta gaur egunera arte hamaika film aurkeztera etorri da Donostiara: Dias Contados, Los lunes al sol, Vicky Cristina Barcelona, The dancer upstairs, Before night falls, Loving Pablo, Carne tremula, Perdita Durango… Makina bat pertsonaiaren larruan sartu da aktore espainiarra, eta aurkezpenean, hain zuzen, transformatzeko duen “gaitasun kamaleonikoa” nabarmendu du Dimension agentziak, 71. Zinemaldiaren kartelen egileak.
Askotariko rolak interpretatzeko gaitasun horiek islatzeko, Bardemen hainbat argazki gainjarri dituzte kartelean:”Inprentan orri bat gaizki inprimatzen zenean, probak egiteko erabiltzen zuten orri akastun hori, eta, beraz, irudi bat bestearen gainean inprimatzen zen. Azkenean, baliabide hau lan artistikoetan erabiltzen hasi ziren”, azaldu dute Dimension agentziako kideek. Horrela, Bardemen pertsonaia horiek guztiak irudikatu nahi izan dituzte kartelean: Los Lunes al sol filmeko langabea, Antes que anochezca-ko Reinaldo Arenas, James Bond filmeko gaizkilea, eta Mar adentro-ko Ramon Sampedro, besteak beste.
Beste sailetako karteletan argazkiak erabili dituzte: “Adimen artifizialaren garaian, argazkiak erabili ditugu. Ausardia irudikatu nahi izan dugu Zuzendari Berriak sailean; energia sortzailea Horizontes Latinosen: legatua Culinary Cineman, nortasuna Zinemiran edo apartekoa Perlaken.
Pandemiaren ondoren, jaialdia sendotzen jarraitu nahi dutela adierazi du Rebordinosek, eta zinema aldarrikatzen jarraituko dutela: “Zinema zinema aretoetan, eta zinema eraldaketa sozialerako tresna moduan”.