"Kopa ez ezik, liga ere irabaztea merezi dugu"
Zazpigarren kopa altxa zuten apirilaren 23an, eta, orain, bederatzigarren liga eskuratzea dute helburu. Bera Bera eskubaloi taldea denboraldi aparta egiten ari da. Hori dela eta, Alba Menendez jokalari eta kapitaina (Zarautz, 1991) eta Tati Garmendia kirol zuzendaria (Bidebieta, 1974) elkartu ditugu lorturikoari eta datorrenari buruz hitz egiteko.

Malagan (Andaluzia, Espainia) irabazitako zazpigarren kopa oraindik oso presente duzue?
Tati Garmendia (T.G.): Pasa den asteburura arte izan dugu presente, bai. Ligako titulurako kanporaketak zertxobait baldintzatu ditu ospakizunak, Xixonen (Asturias, Espainia) jokatu genuelako joaneko partida. Abantaila esanguratsua lortu genuen han [21-31 bukatu zen partida]. Oso zaila zen abantaila hori galtzea. Iragan larunbatean Gaska kiroldegira etorritako zaleei eskaini genien kopa. Aste politak izan dira, baina dagoeneko ligako finalerdiak ditugu jokoan, eta horiei begira gaude.
Alba Menendez (A.M.): Kopa eta liga txapelketa desberdinak dira, nahiz eta antzeko formatuarekin jokatuko ditugun denboraldi honetan. Kopa irabazi dugu, eta, orain, liga ere eskuratzea dugu buruan. Pasa den asteko asteazkena bitarte, kopa presente izan genuen. Egun hartan harrera egin ziguten Donostiako Udaletxean, eta orduan hasi ginen atzean uzten, beste helburu bat dugulako aurrez aurre.
Iaz Illunben ez zen posible izan, eta barruan arantza bat geratu zitzaizuela adierazi zenuten jokalariek eta teknikariek. Malagan irabazitakoarekin atera duzue?
T.G.: Uste dut arantza jokalariei geratu zitzaiela, eta niri, ez horrenbeste. Koparen antolaketan murgilduta ibili ginen arlo teknikoan gaudenok, eta ez ginen kontziente izan Bera Berak kopako partidak zituela, iritsi ziren arte. Jokatu aurreko astea lan eta intentsitate handikoa izan zen. Emakumezkoen eskubaloiari ikusgarritasuna ematea genuen helburu, eta lan horretan aritzeak ez ninduen lehiara mugatu. Noski, kopa etxean altxatu nahi genuen, berezia eta ederra izango zelako.
Dena dela, kopa hemen antolatzeak Gipuzkoan eragindako mugimenduak, nolabait, aipaturiko galera konpentsatu zuen.
A.M.: Guri amorrua eman zigun kopa etxean ez irabazteak. Ilusio handiarekin hartu genuen, Donostian jokatzen zen lehendabiziko kopa zelako gehienontzat. Urte asko ziren kopa bat ez genuela irabazten, eta aipaturiko ilusioa genuen denok. Arantza hori barruan geratu zitzaigun, eta hilabeteetan izan genuen, uda osoan zehar barruan izan genuen.
Halere, aurten arantza hori aterata joan ginen Malagara koparen bila, eta irabaztearen arrazoietako bat hori izan da.

Bera Berak Granollers menderatu zuen Malagan jokaturiko kopako finalean (31-25). (Argazkia: Espainiako Eskubaloi Federazioa)
Liga erregularrean eta kopan maila oso ona eman duzue. Iaz baino finago aritu zarete bi lehiaketetan?
A.M.: Nik uste dut presioa atzean utzi dugula, presio hori gogo bihurtuta. Hori oso garrantzitsua izan zen. Hemen gauden jokalari guztiok dena irabazi nahi dugu, baina batzuetan barne zein kanpo presioak helburu horiek oztopatzen ditu. Iaz, kopa etxean jokatzeak presioa areagotu zigun eta urduri ibili ginen. Aurten, ordea, kopan eta ligan presio horri aurre eginez lortu dugu maila ona ematea. Kopan ikusi da taldea momentu onean dagoela, joko aldetik eta psikologikoki.
Irabazitako kopa etxeko zaleei eskaintzeko aukera izan zenuten, Gaska kiroldegian. Ligako titulurako final-laurdenetako itzulerako partida jokatu zenuten larunbatean, eta galdu arren, aurrera egin duzue. Kopa zaleei garaipen batekin eskaintzea nahiagoko zenuten, ezta?
T.G.: Hori argi dago, etxean galtzea ez zaigulako gustatzen. Egia da ere, kanporaketa galtzeko arriskurik ez dugula izan, eta helburua bete dugula. Azken batean, talde honi beste batzuei baino hiru aldiz gehiago exijitzen zaio, eta horrek presio handia eragiten du. Dena dela, larunbateko partidan kontzentrazio falta izan genuen, eta Xixonek ez zuen askorik irabazteko. Kanporaketa erabakita zegoen.
Itzulerako partida etxean galtzea gazi-gozoa izan zen, baina talde honek ere neurketak galtzeko eskubidea dauka.
A.M.: Gaskara gerturatu zen jendeari kopa garaipen batekin eskaini nahi genion, baina ez zen posible izan. Festa eguna zen eta festa giroa zegoen. Ez genuen arratsaldea guztiz borobildu. Nik ere uste dut kontzentrazio faltarengatik galdu genuela. Oso lasai hartu genuen partida, errenta handia genuelako.
Elx izango da aurkaria ligako titulurako finalerdietan. Joanekoa han jokatuko duzue bihar (18:30), eta itzulerakoa Gaskan izango da hilaren 19an (20:00).
T.G.: Argi genuen arerio errazik ez zitzaigula tokatuko. Elx talde deserosoa da guztiontzat. Jokalariek pentsatu behar dutena da liga erregularrean ez ezik, kanporaketa hauetan ere lehiatzen badakitela. Izan ere, batzuetan esan izan dute eta irakurri dugu Bera Bera ez dela moldatzen kanporaketa bidezko lehiaketatan. Uste dut hori ez dela egia, lehiatzeko gaitasuna dugu edozein dela lehiaketa. Kopan erakutsitako mailarekin eta partidatan gozatzearekin, finalerdiak gainditzea lortuko dute.
A.M.: Elxen kontrako kanporaketa prestatzen ari gara, eta liga erregularrean eta kopan euren aurka jokatutako neurketak erreferentzia moduan hartuko ditugu. Horiek aztertuko ditugu ondo egindakoak indartu eta gaizki egindakoak zuzendu ahal izateko. Mentalki beste modu batera ikusten ditugu finalerdiak. Argi dugu etxean jokatuko dugun itzulerako partidan ezin dugula Xixonen kontrakoa errepikatu.
Ligako fase erregularra lehen postuan eta aldearekin bukatu ondoren, titulua irabazteko kanporaketa bat jokatu behar izatea zer iruditzen zaizue?
T.G.: Batetik, espektakulurako formatu ona dela uste dut. Bestetik, ordea, ez dakit bidezkoena den. Hamabi taldeko liga osatzen dugu, eta badakit ez garela asko. Hamalau taldeko liga izango bagina, fase erregularreko onenak izan beharko luke txapelduna. Hori da bidezkoena, nire ustez. Kanporaketek ez dute erregularrena saritzen, baina lehiari bizitza ematen diote.
A.M.: Nahiko ados nago Tatik esandakoarekin. Ligako sistema berria mesfidantzarekin hartu nuen, liga erregularrean lehen postuan geratzeari balioa kentzen diolako. Nolanahi ere, ulertu dezaket zale askorentzat interesgarriagoa izatea kanporaketa bidez jokatzea ligako titulua.
Hamar urte bete berri dira lehendabiziko liga irabazi zenutenetik. 2012-2013 denboraldian izan zen. Hamarkada bat beranduago ederra litzateke beste liga bat –bederatzigarrena, hamaika denboralditan–, irabaztea, ezta?
T.G.: Bai horixe. Denboraldi honetan azaldu ezin dudan sentsazio bat daukat. Kopa ez ezik, liga ere irabaztea merezi dugu. Horrek ez du esan nahi besteek merezi ez dutenik. Ordea, talde honek soinean daraman presioarekin eta egiten ari den denboraldiarekin, liga hau irabazi behar du.
Azken bi-hiru urtetan lehiakortasuna nabarmen hazi da, beste talde batzuek jokalari onak fitxatu dituzte, aurrekontu altuagoak dituzte, eta tituluak irabazten jarraitzen dugu.
A.M.: Lehen liga hartatik hamar urte pasatuta, berriz ere liga irabazi nahi dugu urteurrena borobiltzeko. Bide horretan, urratsak egiten ari gara. Egia da oraindik ez dugula ezer lortu, baina liga eskuratzea da gure helburu nagusia.
Alba, maila ona mantendu duzue sasoi hasieratik gaur egunera arte. Horrela ere, denboraldia luze egiten ari zaizue?
A.M.: Egia esan, bai. Horrela ere, fisikoki ondo iritsi gara ligako kanporaketetara. Denboraldian zehar ez du inork lesio larririk izan, eta denok gaude minutuak jokatzeko aukerekin. Horrek plus bat ematen digu. Gainera, bi talde osatzeko moduan gaude, eta hori sekulako abantaila da guretzako.
Taldea ematen ari den mailaren zenbateraino erantzukizuna du Imanol Alvarez entrenatzaileak?
T.G.: Ez da erraza Bera Bera kudeatzea eta errendimendu bera lortzea, Albak esan duen moduan, bi talde osatzeko aukera izanda entrenatzaileak. Zentzu horretan, Imanolek asmatu du taldea kudeatzen, eta minutuak neurrian banatzen jokalarien artean.
A.M.: Barrutik desberdin bizitzen da. Hemen gauden jokalariok minutuak nahi ditugu. Lehiakortasun hori ondo daramagu taldean, nahiz eta denok albokoak baino minutu gehiago jokatu nahi izan. Kontziente izan behar dugu hamasei jokalariko taldea garela, eta partidek 60 minutu irauten dutela. Imanolek minutuak dauden partidei begira banatzen ditu, eta hori aintzat hartu behar dugu.
Tati, maiatzean gaude, eta dagoeneko datorren denboraldiari begira lanean ariko zarete. Zerbait aurreratzerik?
T.G.: Hurrengo sasoiko taldea itxita eta osatuta daukagu. Gero eta lehenago hasten gara datorrenari begira, taldeak lehenago mugitzen direlako. Lehen beranduago osatzen ziren taldeak, baina lehiakortasuna areagotu denez, komeni da azkar ibiltzea fitxaketak egiterako orduan. Garrantzitsuena da taldearen oinarria mantentzea, eta lehiakortasuna mantentzeko jokalari berriak ekartzea. Aldaketa batzuk egongo dira, baina talde ona izango dugu datorren sasoian.
Alba, Bera Beran jarraituko duzu?
A.M.: Oraindik ez dut sinatu eta ez dugu iragarri, baina, bai, taldean jarraituko dut. Nire hamabosgarren denboraldia izango da Donostian. Etxeko taldea da eta dena irabazteko aukerekin, nora joango naiz?
Kopa irabazita, eta liga jokoan, Europa ere aipatu behar. 2023-2024 sasoian Europa ligako multzoen fasera iristea duzue helburu?
T.G.: Europa ligan talde oso indartsuak daude. Txapeldunen ligako maila dute horietako askok. Multzoen fasera sailkatzeko partida oso onak egin behar dituzu. Ez duzu zerikusirik Challenge Cup txapelketarekin. Talde zailenak tokatzen ez bazaizkigu, multzoen fasera iritsi gaitezkeela uste dut.
A.M.: Duela urte batzuk jokatu genuen, eta esperientzia polit hori bizi izan genuen pare bat jokalarik jarraitzen dugu taldean. Tatik esan moduan, partida oso onak egin behar dituzu Europan bidea egiteko, eta guztiz desberdina da. Berriz bizi nahi dugu esperientzia hura.

Bera Berak emakumezkoen ohorezko mailaren gailurrean jarraitzen du. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Hauteskundeen atarian gaudela, Donostiako alkategaiek konpromiso gutxi hartu dituzte kirol alorrari begira. Agerikoa da Bera Berak eta hiriko beste hainbat taldek kirol instalazio hobeak behar dituztela. Zentzu horretan, zer da klubak eskatzen duena eta behar duena?
T.G.: Jakina da ez daukagula gure beharren mailako kirol pabiloirik hirian. Eta ez da soilik gure gabezia, halako kirol instalazio bat behar dugu hirian Gipuzkoako taldeentzat. Amara Berriko Gaska kiroldegian jokatzen dugu, eta Europatik etortzen badira metro batekin kirol pista neurtzera, seguru gaude ez dituela beharrezko neurriak. Agerikoa da kirol pabiloi baten beharra. Illunbe nahiko txukun jarri genuen iaz kopako azken fasea jokatzeko. Pabiloi bat zirudien, baina ez da. Zailtasun asko izan genituen Illunbe egokitzeko. Hori, ordea, ez zen ikusi. Ateratako argazkietan Illunbek itxura paregabea zuen, zaleek harmailak bete zituztelako.
Datorren urtean kopa berriz ere Donostian jokatuko da, eta erakundeek badakite pabiloi baten beharra premiazkoa dela. Akaso baikorregia naiz, baina mugitzen hasiko direlakoan nago, hirian kirol instalazio duin bat izan dezagun. Izan ere, datorren urteko kopa ezin dugu Gaskan jokatu jarraitzaile asko kanpoan geratuko liratekeelako. Illunbek gabezia esanguratsuak ditu, eta horiek aldatu behar dira pabiloi bihurtzeko.
A.M.: Baliteke gu ez izatea horren jakitun ditugun beharrez. Gaska jokatzeko nahikoa da guretzat, baina egia da beste faktore batzuk ere badaudela. Klubak horiek argi ikusten ditu, eta horregatik hobekuntzak eskatzen dituzte. Kopan txukun jarri zuten dena, baina petatxu askorekin. Gaur egun, Illunben ezin dugu jokatu, Tatik aipatu dituen gabeziengatik. Berritzea ezinbestekoa da, bai guretzat eta gainerako klubentzat.