"Laugarren zinegotzitik aurrera hasiko naiz pozik egoten"
2019ko udal hauteskundeetan Borja Senperren zerrendako bigarrena izan eta azken hiru urteotan PPren udal taldearen bozeramaile lanetan aritu ostean, Borja Corominas Fisasek (Bartzelona, 1978) alkategai izateko pausoa eman du. Udal gobernuaren "paralisia" salatu du, eta argi dauka EH Bilduk gobernatzea eragotziko duela, hori bere eskuetan baldin badago.
Zergatik eman duzu alkategai izateko pausoa?
Borja [Senper] joan zenean, udal taldearen bozeramaile kargua nire gain hartu nuen, eta, beraz, eboluzio naturala zen hurrengo hauteskundeetan alkategai izateko ardura ere nire gain hartzea, prest egonez gero. Eta, prest nengoen, asko dibertitzen nauelako egiten dudan lanak. Gainera, uste dut asko eman diezaiokegula Donostiari: ilusioa, hiri anbizioa eta donostiar guztionak diren arazoentzako irtenbideak. Udal gobernutik ez dira neurriak hartzen ari arazo horiei aurre egiteko. Ez dira ezer egiten ari, sekulako paralisia dago.
2019ko udal hauteskundeetan egin genituen hainbat proposamen 2023an aplikatu daitezke. Honek esan nahi du lau urte galdu ditugula. Adibidez, guk proposatu genuen bi disuasio aparkaleku sortzea, bat Igaran eta bestea Loiolako Erriberan. Hori gaur egun aplikatu daiteke, eta arazo baten parte bat konponduko luke behintzat. Etxebizitzari dagokionez, planteatu genuen Illunbe gazteentzako etxebizitzen gune bihurtzea. Segurtasunaren arloan, hiriko puntu kritiko guztiekin bukatzea planteatu genuen, eta lau urteotan birekin baino ez dute bukatu. Egia da legealdi ezohikoa izan dugula COVID-19a dela eta, baina udala ezin da horretaz baliatu horrenbeste atzerapen, gainkostu eta paralisi justifikatzeko.
Zer egingo zenuke etxebizitzaren arazoari aurre egiteko?
Etxebizitzaren arazoari bi aldetatik heldu behar zaio: eskariaren aldetik eta eskaintzarenetik. Eskaintzari dagokionez, ez badira etxebizitzak eraikitzen, prezioak ez dira jaitsiko, eta ezinezkoa izango da etxebizitzaren arazoa konpontzea. Hortaz, guk proposatzen dugu etxebizitzak eraikitzea. Alde batetik eraikitzeko bete beharreko alferrikako burokrazia guztia kenduz. Bestetik, eraiki daitekeen tokietan eraikitzen hasi behar da. Auditz Akularren, adibidez, milioi bat metro koadrotik gorako azalera dago libre, eta erdia udalarena eta Eusko Jaurlaritzarena da. Borondate politikoa egonez gero eta prozesuak arinduz gero, berehala hasi gaitezke han eraikitzen. Eremu horretan eraikitzeko jatorrizko proiektuak aurreikusten zuen 3.000 etxebizitza eraikitzea, eta gehiago ere eraiki litezke. Horietatik, erdiak edo gehiago babestuak izan litezke, eta guk proposatzen dugu alokairu sozialekoak izatea. Ezin dugu etxebizitzaren arazoaren irtenbidea Loiolako Kuarteletako garapenera bideratu, izan ere, han sei urte barru hasiko dira eraikitzen, prozesua oso azkar joanez gero. Sei urte barru, egungo gazteak ez dira gazteak izango. Hain zuzen ere, azken hamar urteotan 4.000 gazte Donostiatik kanpo joan dira bizitzera; gutxi gorabehera, nazionalismoa hiria gobernatzen hasi zenetik.
Eskariaren aldetik, etxebizitzaren prezioa oso erlatiboa da: diru asko baldin badaukazu, 300.000 euroko etxebizitza bat oso merkea izango da zuretzat, baina diru gutxi baldin badaukazu, oso garestia izango da. Beraz, apustua egin beharko genuke langileak ordaintzeko gaitasun handia duten produkzio sektoreen alde. Izan ere, ostalaritza eta merkataritza ezinbesteko sektoreak dira hiriarentzat, baina soldatak ez dira oso altuak; orduan, denok sektore horietan egiten badugu lan, zaila izango da hiri honetako etxebizitzaren prezioa ordaindu ahal izatea. Horregatik, beste sektore batzuen aldeko apustua egin behar dugu, eta, zentzu horretan, EAJ ez doa bide txarretik, Odon Elorzak egindako pausoak jarraituz, Donostia berrikuntzaren eta teknologiaren hiri bihurtzeko. Hala ere, askoz anbiziotsuagoak izan behar dugu horretan.
Eraikitzen diren etxeen erdia babestuak izanda ere, beste erdia merkatu librera ateratzen bada, nahi duten prezioa jarri dezakete.
Beste erdia etxebizitza tasatuak izan daitezke; prezio maximo bat tasatu dezakegu. Ez da beharrezkoa enpresa eraikitzaileek etxebizitzak gaur egun saltzen ari diren prezioetan saltzea, baina enpresa horiek, askotan, udalak ezarritako karga batzuk hartzen dituzte euren gain, eta horrek eragina dauka etxebizitzaren prezioan. Garrantzitsua da enpresa eraikitzaileek eta higiezinen sektoreko enpresek karga gehigarririk gabe lan egitea ahalbidetzea, baina prezioak tasatuz. Betiere, enpresek irabaziak izango dituztela bermatuz.
Ezinbestekoa da etxebizitzaren arazoari eskaintzaren arlotik aurre egitea, eta Espainiako Kongresuan onartu den Etxebizitza Legea eta EAEkoa horren aurka doaz.
Zer egingo zenuke turismoa erregulatzeko?
Udalak egin beharko lukeen lehenengo gauza da analisi bat, jakiteko zein den Donostian egon daitekeen etxe turistikoen kopurua, jasangarria izan dadin. Hortik hasi beharko ginateke lanean.
Turistei dagokienez, bi mota daude: ostatu hartzera datorrena eta eguna pasatzera datorrena. Eguna pasatzera datorrenak ageriko eragozpenak sortzen ditu, besteak beste, hiriko sarbideetako zirkulazioan. Horregatik, garrantzitsua da horien iritsiera ordenatzea, urteko garai jakin batzuetan. Udal gobernua 2019an hasi izan balitz disuasio aparkalekuen inguruan benetan lan egiten… Pilak jarri behar dituzte, 2022ko udan bezala iritsiko baikara 2023kora.
Donostiara lotara datorren turistei dagokienez, uste dut ez dituztela horrenbeste eragozpen sortzen. Etxebizitzaren prezioak eragina izan dezakete? Hori da aztertu behar duguna. Ordea, azterketa on bat izan arte, ezin dugu neurririk hartu.
Edonola ere, turistak identitate, kultura eta estetika propioa duen hiri bat ikusi nahi du, eta Donostiak badauka hori guztia. Ordea, elementu arkitektonikoak suntsitzen eta kode estetikoa hausten jarraitzen badugu, gero eta saltoki txiki gehiago ixtea eta betiko tabernak desagertzea onartzen badugu, hori guztia hiriaren interesen aurka joango da. Geurea dena defendatu behar dugu, EAJk eta PSE-EEk ahaztuta dutena.
Lo egitera datozen turistek horrenbeste eragozpenik sortzen ez dituztela diozu, baina, agian, Parte Zaharreko bizilagunek ez lukete gauza bera esango, denbora asko baitaramate kexatzen turismoak auzoan sortzen duen zarataz, zaborraz eta abarrez.
Eragina izango dute turista horiek, noski. Baina bueno, Juan de Bilbao kalean [Ikatz kalea] betidanik egon da zarata. Gauzak kontrolatu egin behar dira, baina kexatzen dira Juan de Bilbao kaleko lokaletan dauden donostiarrengatik?
Hain zuzen, kexak direla eta, gauez edariak kalera ateratzea debekatu dute berriki kale horretan.
Bueno, neurriak hartu behar dira… Parte Zaharrean toldoak debekatzeko neurria, adibidez, ez dakit aproposa den. Nik uste dut toldoek, hein batean, goraka doan zarata arintzen laguntzen dutela. Horrek, nolabait, bizilagunei sortzen zaizkien eragozpenak murrizten lagunduko luke. Betiere, toldoak jartzeko irizpide batzuk zehaztu beharko lirateke.
Zer neurri hartuko zenituzke mugikortasunaren arloan?
Hasteko, udal gobernuak egin dituen aldaketak lehengoratuko nituzke. Zubieta eta San Martin kaleetako norabideen aldaketak, esaterako, nahaspila handia sortzen du eremu horretan; zirkulazioa trabatzen da eta lehen ez zegoen kutsadura bat sortzen da. Artzain Onaren eremuari dagokionez, topoaren lanak direla medio, aztertu beharko da zer egin daitekeen hor. Niretzat, agertoki ideala izango litzateke San Martingo errepidea, Artzain Onaren plazatik pasatzen den zatian, zero kotan jartzea, eta garraio publikoaren zirkulazioa ahalbidetzea. Horren ondoren, kontsulta prozesu bat abiatu beharko genuke, mugikortasunaren arloko hiriko eragile guztiekin. Ez dugu aurkituko denak pozik utziko dituen irtenbiderik, ezinezkoa delako, baina saiatu behar gara hiriaren beharrak asetzen.
Bestalde, Donostiak kutsadura datu bereziki altuak ez baditu ere, denok nahi dugu hiri atseginago bat, ke eta zarata gutxiagorekin. Horretarako, mugikortasun bertikalaren aldeko apustu argia egin behar dugu. Udalak mugikortasun bertikaleko hogei proiektu inguru ditu aurreikusita, baina, goazen erritmoan, azkena 90 urte baino gehiago barru egingo da. Udal zerga gehien ordaintzen dituzten espainiarrak izanda, uste dut gehiago egin daitekeela. Horrez gain, bidegorri sare intuitibo bat sortu behar dugu, eta bidegorriak seguruak eta hobeak izan behar dira, gurasoek segurtasuna sentitu dezaten seme-alabak bizikletan ibiltzen ikusten dituztenean. Izan ere, horrek bizikleta kultura sortzen du. Hiri bat benetan txirrindularia da zama bizikletak ikusten direnean, eta Donostian ez dira halakoak ikusten; jendea ez doa bizikletan erosketak egitera.
Nola bukatuko zenuke auzoen arteko desorekekin?
Hiria lau barrutitan banatu dezakegu Donostian, baina soilik ekialdekoa jarri da martxan. Eta, hain modu narrasean egin dute, barruti horrek ez duela ezertarako balio. Debate amaigabeak eta antzuak egiteko baino ez du balio. Ekialdeko Barrutitik egiten diren proposamen guztiak udaletxera iristen dira, eta udaletxean erabakitzen da aurrekontua dagoen ala ez. Barruti bakoitzak bere kabuz erabili dezakeen aurrekontu propioa izan arte, honek ez du funtzionatuko.
Azken hilabeteotan, asko hitz egin duzu segurtasun faltari buruz, eta, bereziki, Egiako Blas de Otero plazan jarri duzu fokua.
Segurtasun falta bat detektatu dugun gune guztietan –Egian, Koldo Mitxelenaren inguruan, Easo plazan, Mundaizen, Infernuan, eta abar–, bizilagunekin, auzo elkarteekin, tabernariekin eta abarrekin hitz egitera joan gara, gertatzen dena ezagutzeko. Bestelako arazoen aurrean ere gauza bera egin dugu. Errealitatearen irudi osoago bat daukagunean, proposamen bat egiten dugu. Eta, proposamen hori bizilagunen buzoietan sartzen dugu; 10.000 gutunetik gora banatu ditugu legealdian.
Egiaren kasuan, auzoaren arazoetako bat segurtasun falta zen, bizilagunak beldurra sentitzeaz kokoteraino baitzeuden, bereziki, Tabakaleraren, Atotxako dorrearen, Mandasko dukearen eta Mundaizen inguruan. Horregatik, hainbatetan han egon gara, bizilagunen ahotik entzuteko zer gertatzen den. Azkenean, lortu genuen poliziaren presentzia handiagoa izatea. Ez du arazoa konpondu, baina lagundu du. Hala ere, guk segurtasunaren arloko hiri itun bat proposatu dugu, eta udal talde guztiek aurka bozkatu dute. Bi alderdi ditu itun horrek, paraleloan joan beharko liratekeenak: pertsonal gehiagoz eta baliabide hobeez hornitzea Udaltzaingoa, eta ziurtatzea zaurgarritasun egoeran dagoen pertsona orok aukera izatea lan merkatuan sartzeko prozesu bat abiatzeko. Izan ere, tamalez, segurtasun eza zaurgarritasun egoerarekin lotuta egon ohi da. Hori bai, aukera horiek eskainita ere, aprobetxatzen ez dituztenei ezin zaie inolako laguntzarik eman. Ziur nago Donostiara datorren jendearen %99 edo gehiago lan egitera datorrela eta, aukera horiek eskainiz gero, aprobetxatuko lituzkeela, baina ez bada hala, eta zuk nahi duzuna baldin bada kalean egotea, bizilagunei eragozpenak sortzen, drogak kontsumitzen, eta abar, zuri ez dizut dirurik emango.
EITB Focusen inkestak dio PPk 2019an baino zinegotzi bat gutxiago lortuko duela hauteskunde hauetan. Zein da zuen aurreikuspena?
EITB Focusen inkestak gutxi kezkatzen nau, aurreko hauteskundeetan zinegotzi bakarra ematen baitziguten, eta, azkenean, hiru lortu genituen. Euskal Tezanosaren inkesta da. Azkenean, EAJk kontrolatzen ditu gauza hauek, eta polarizatu egin nahi du, EH Bilduren eta beraien artean. Begira, nik EH Bilduko zinegotzi batzuekin oso harreman ona daukat, eta ez daukat ezer EH Bilduko militante eta hautesle gehien-gehienen aurka. Gehienek, EH Bilduri ematen diote botoa ezkerreko indar nazionalista bat delako eta kito. Eta, terrorismoaren gaia ez daukate presente botoa emateko garaian, nahiz eta guretzat oso garrantzitsua den, asko sufritu dugulako eta uste dugulako ezker abertzaleak pauso asko eman behar dituela oraindik, zauria ixteko.
Orduan, nik zera esaten diet hautesleei: nire esku baldin badago, ez du EH Bilduk gobernatuko, antipoda ideologikoetan baikaude. Alderdi ezkertiar eta independentista bat da, eta ni ez naiz ez ezkertiarra eta ez independentista. Uste dut hau nahiko agerikoa zela. Beraz, EAJren esku egongo da EH Bilduk hiri honetan ez gobernatzea, EH Bilduk hiri honetan gobernatu baitzuen EAJk hala nahi izan zuelako. Donostiarrek ez dezatela ahaztu. Eta, EAJ baldin bada alderdirik bozkatuena eta nire botoak behar badituzte EH Bilduk gobernatu ez dezan, nire botoak emango dizkiot. Ez beste munduko ezerengatik, baizik eta uste dudalako politika ezkertiarrak eta independentistak ez direla onak Donostiarentzat. Ez dut uste egungo EAJren politikak onak direnik hiriarentzat, irtenbide sabinetxenikoak ematen ari delako hiriko arazoei. Baina, nik uste dut lagundu dezakedala hiriari ematen zaizkion irtenbideak hobeak izan daitezen.
Orduan, zein da zuen aurreikuspena hauteskundeetarako?
Gure inkestek lau zinegotzi ematen dizkigute, eta laugarrena lortuz gero, bosgarrena oso gertu dago. Jasotzen dudan boto bakoitza opari bat da niretzat, baina, noski, zinegotzi bat lortzen badut, desastre bat izango da. Bi lortzen baditut, desastre bat izango da. Hiru lortzen baditut, ezin naiz pozik egon, lan ona egin dugulako lau urteotan. Laugarren zinegotzitik aurrera hasiko naiz pozik egoten.