Laugarrenez egingo dute Altzako tokiko produktuen azoka
Bihar, hilak 13, Altzako tokiko produktuen azoka egingo dute Harria parkeko pergolan, 09:30etatik 14:00etara. Laugarrenez antolatu du Donostiako Udalak Sustapenaren bidez. Azokan hamaika ekoizlek parte hartuko dute, eta bakoitzak bere postua jarriko du.
Jarduera hau Donostia Urban Lur nekazaritza ekintzailetzako proiektuaren barruan kokatzen da, Ekonomiaren Garapen eta Enplegu Zinegotzigoak sustatzen du Donostia Sustapena udal sozietate publikoaren bitartez.
“Altza auzoa merkatu honetan murgiltzen dela eta jada auzoaren egutegian barneratua dagoela. Ziur nago oraingoan ere arrakasta izango duela. Beste urteetan produktuak agortu egiten dira eta auzoak kontsumo arduratsu eta iraunkorrarekiko duen sentikortasunaren erakusgarri da. Bestalde, nekazaritzako elikagaien negozio hauei laguntzeko modu bat ere bada, beren produktuen merkaturatzea erraztuz”, azaldu du Marisol Garmendia zinegotziak.
Harria parkean salgai jarriko diren produktuen artean, Altzako agro ekintzaileen Urban Baratzako, WilMar-eko, Goxorrubiko eta Caritaseko eta Donostialdeko eta inguruetako tokiko ekoizleenak, besteak beste, Aldabazahar, Mañeko, OnEin Kontserbak, Etxeberri Goikoa, Aikur, Garrarte eta Aparolaren produktuak izango ditugu: barazkiak, fruta, gozokiak, ogia, kontserba ekologikoak, gaztak, eztia… aurkitu ahal izango dira.
Altzako Bertako Produktuaren Azoka 2021ean hasi zen, Urban Lur proiektuaren barruan. Proiektu honen bidez, Donostia Sustapenak nekazaritzako elikagaien ekintzailetza bultzatu nahi du donostiarren artean. Horretarako, nekazaritza laborantzarako prestakuntza, lur eremua eta azpiegitura egokiak eman ditu, baita negozioa abian jartzeko eta produktuak online eta aurrez aurre merkaturatzeko aholkularitza ere.