Perico Delgado omenduko du inoizko Donostia-Baiona-Donostia jendetsuenak
Bera Berak antolatuta, Donostia-Baiona-Donostia (DBD) martxa zikloturista egingo dute larunbatean, eta ostiral goizean egin dute aurkezpen ofiziala. Pedro Perico Delgado omenduko dute aurten, bere ibilbidearengatik: Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta irabazi zituen Delgadok, besteak beste. DBD martxa 08:00etan abiatuko da Kursaaletik, eta bi ibilbide izango ditu: 80 kilometro ingurukoa motza eta 120 kilometro ingurukoa luzea. Bi ibilbideek, ordea, komunean dute Jaizkibel bi aldiz igo behar dela: joanekoan Lezotik eta itzulerakoan Hondarribitik.
2023ko Tourra Hego Euskal Herritik pasatuko denez, Grand Depart Pays Basqueren egutegiaren barruan dago DBD martxa, Araban eta Bizkaian egingo dituzten beste bi martxa zikloturistarekin batera. “Harro egoteko modukoa da ekitaldi handi honetan parte hartu ahal izatea”, nabarmendu du DBD martxaren antolatzaile Fernando Diez Mintegik. Bestalde, azaldu dutenez, 1.753 lagunek eman dute izena aurtengo martxan, eta inoizko izen emate kopuru handiena da. Horietatik, 1050 gipuzkoarrak dira, eta soilik 110 emakumezkoak; horregatik hurrengo urteotan emakume parte hartzaileen kopurua handitzen joatea espero du Bera Berak.
Delgadok ere hitz egin du aurkezpenean, eta pozik agertu da DBD martxak egingo dion omenaldiarekin. Iragarrita dagoen eguraldi txarraren aurrean, epikarako deia egin du txirrindulari ohiak: “Olioa eman, zira bat eraman jaitsieretarako, anoa postuetan ondo elikatu eta Jaizkibelgo igoeran grupeta on batekin bat egin, ondo lagunduta joateko”. Delgadoren gomendioak gomendio, ikusteke dago 1.753 txirrindulariak ausartuko diren eguraldi txarrari aurre egiten. Eta, ausartzen direnak kontuz joan daitezela, denek bukatu dezaten martxa.