San Telmoko rokodromoa

Nik ez dakit oso ondo zergatik, badakit ez duela honekin zer ikusirik, baina aspaldi oroitzen ez nuen pelikula batez oroitu naiz: Lars Von Trienen Idioterne [Idiotak]. Elkarrekin bizi den komunitate bat, dibertsitate funtzionala duen pertsonen azalean sartzen da, ausaz, eguneko edozein unetan, antzeztuz garun paralisia, edo Downen sindromea, edo holako zer edo zer.
Pelikula ez da inolaz ere proposamen bat, gehiago da arau sozialen inguruko gogoeta bat. Zer den normala eta zer den morala auzitan jartzen duena.
Eta orain ere ez dakit zergatik datorkidan Jokerren esaldi ero hori: «Ni ez nabil azpijokoetan. Azpijokoetan dabiltzanei erakutsi nahi diet zeinen patetikoa den dena kontrolpean eduki nahi izatea (…) Ni kaosaren agente bat naiz».
Ez nabil gaur sobera didaktiko, baina dena norma eta dena arau den ingurunean, legeak debekatzen duena egiteko gogoa sartzen zait. San Telmoko pareta rokodromo bihurtzera inor?