Zea Maysek jasoko du Adarra Saria
Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, kontzertu berezia emango dute Viktoria Eugenia antzokian.
2023ko Adarra Saria Zea Mays talde bizkaitarrak jasoko du, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamargarrena, hain zuzen ere. Ekainaren 21ean Viktoria Eugenia antzokian jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, 19:30ean. Jarraian kontzertu berezia emango dute. Sarrerak datorren astelehenean, hilaren 15ean, jarriko dituzte salgai 25 euroan, 11:30etik aurrera.
Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak parte hartu dute Adarra Sariaren aurkezpenean. Renteria pozik agertu da sariarekin, eta talde osoaren izenean eman ditu eskerrak: “Aurretik sariak nork irabazi duen ikusita, harrituta geratu gara guk ere jasoko dugulako. Horrelako artista erraldoien artean gure izena ere egotea ikaragarria da. 26 urte daramatzagu maite duguna egiten. Musika egiten dugu maite dugulako. Hori dena saritzea ohore bat da guretzat. Zerbait polita prestatu nahi dugu ekainaren 21erako”.
Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak erabaki du saria talde bizkaitarrari ematea: “Zea Maysek oso maila altuari eutsi dio kalitateari eta arrakastari dagokienez, 26 urteko musika-ibilbidean. Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diote eman duten guztia eta jarri duten bihotza. Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, hainbeste lankide izatea, diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistekin eta bai nazioartekoekin. Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako hamaika diskoak dira horren erakusgarri”.