Ekintza ikastolak Manolo Pipaon hockey zelaia inauguratu du
Ekitaldi hunkigarri batekin inauguratu zuten atzo Antiguako Ekintza ikastolaren hockey zelai berria. Manolo Pipaon izena jarri diote, ikastolan eta Donostian kirol honen sustatzailea izan zenaren omenez eta urteetan zehar egindako ahalegina eskertzeko.
Ikasleek, senitartekoek eta lagunek parte hartu zuten inaugurazio zein omenaldian. Baita udal ordezkariek eta Eneko Goia alkateak ere. Aurreskua eta musika ez ziren falta izan. Ane Marin ikastolako zuzendari kudeatzaileak eskerrak eman zizkion Pipaonen familiari. Maite alargunari, Boris eta Alex semeei eta Adriana eta Daniela bilobei. Eta, zergatik Manolo Pipaon? “Pipaon ikastolako guraso izan zen, eta haren kirolari, hockeyari, zion maitasunari esker, diziplinak garrantzi berezia izan du ikastolan. Eremu honetarako ez dago izen hoberik. Eskerrik asko Manolo”, nabarmendu zuen Marinek.
Boris Pipaon semeak, bere aldetik, eskerrak eman zituen bere aitari egindako omenaldiagatik, ikastolako anekdotak gogoratuz eta Ekintzan irakatsi zizkioten balioak eskertuz: “Kirolera bideratutako balioak; ekitatea, talde-lana, berdintasuna, diziplina, inklusioa, iraunkortasuna eta errespetua”. Omenaldiak hockeyak euren familiaren bizitzen izandako garrantzia gogorarazten diola gaineratu zuen: “Nire bizitzako urterik onenak Ekintzan bizi izan ditut. Gure Manolo hockeya biziki bizi zuen gizon gaztea zen, azken minutura arte. Hitzez hitz. Baina bere izaera, alaitasuna, eskuzabaltasuna eta, esan beharra dago, bere bizitza ulertzeko modu berezi eta dibertigarria utzi zizkigun”.
Zelaia 2014an eraiki zen, Ignacio Marin zentroko zuzendaria zenean, eta iazko udan berritu zuten. Langileek, ikasleek eta guraso elkarteak, eta Ekintzak lehentasuna dute 18:00ak arte erabiltzeko, baina ordu horretatik aurrera eta asteburuetan irekita dago, bai ikastolari lotutako pertsonentzat, bai partikularrentzat.
Ondokoak dira eskaintzen diren instalazioak: futbol 7ko arauzko zelaia, belar artifizialekoa, hockeyan aritzeko bateragarria; atletismoko 200 metroko material sintetikoko pista; arauzko padel-pista bi, estaliak; kiroletako pista estalia saskibaloian edo areto-futbolean aritzeko; frontoi estalia (25 metro); taldeentzako eta padel-pisten erabiltzaileentzako aldagelak, eta etorkizunean, instalazio berrien eraikinean dauden lokaletan, 180 metro koadroko gimnasio hornitua eta elkarte gastronomiko txiki bat izango dira erabilgarri. Alokatzeko, ikastolara deitu behar da: 943-21 03 07.