Eneko Goiak "Donostia berriaren" proiektu nagusiak akuarela batzuen bidez aurkeztu ditu
Donostiako alkate eta EAJren alkategai Eneko Goiak hirirako dituen hainbat proiektu estrategiko partekatu ditu. Horretarako, akuarela sorta bat prestatu du, “eraiki nahi dugun Donostia ordezkatzen dutenak”. Etorkizuneko Donostia marrazten izenburupean, Goiak hiritarrei “proiektu argia eta sendoa duela” erakutsi nahi die, “aurrera egiteko proiektua, eta beti jarrera eraikitzaile batekin”.
“Gaur Donostia berriaren proiektuak aurkeztu ditugu, hain zuzen ere, aukeren hiria, abangoardiakoa, aurrera egiten duena inor atzean utzi gabe. Egitasmoak hiriko gizarte, kultura eta ekonomia eragile nagusiekin landuta daude, eta horiei esker Donostia Europan parerik izango ez duen hiria izango da; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko”.
Akuarelek Donostiaren etorkizuna marrazten dute dio EAJk: “Topoaren lanen amaierarekin sortuko den Donostia, oinezkoak protagonista izango diren gune publikoa eraldatuko duena; Urumeako ibarraren ardatza sendotuko duena; etxebizitza gehiago sortuko duena; edo zientzia eta ezagutzaren hiri bezala sendotuko duena. Horiei guztiei esker, herentzian jaso dugun Donostia mantentzeko eta hobetzeko aukera dugu, izan ere, gure konpromisoa da etorkizuneko belaunaldiei hiri hobeagoa uztea”.
Irudi bakoitzak Goiak dituen hurrengo legealdirako ardatz estrategiko bakoitzarekin lotura duen proiektu bat ordezkatzen duela nabarmendu dute. “Artzain Onaren plaza berria, Urumeako birsorkuntza, Tabakalerako parke berria edo Miramongo Teknologia Parkea handitzeko proiektuek osatzen dute Goiak irudikatzen duen etorkizuneko Donostia”, adierazi dute jeltzaleek.
Ildo beretik, Goiak ondorengoa esan du: “Marrazten dugun Donostia pertsonekin atseginagoa da, berdeagoa, jasangarriagoa. Etxebizitza gehiago eskaintzen dituen hiria, baita ekipamendu gehiago ere. Eta gainera hiri segurua, inklusiboa eta solidarioa da, bizitza osorako proiektuak sustatzen dituena. Zientzia eta ezagutzaren hiria, ekintzailea, aurrera egiten duena, eta talentua eta aukerak sortzen dituena. Hiri erakargarria, sortzailea, kultura eta kirolarekin lotura zuzena duena, ilusioa pizten duena. Azken finean, Europan parerik ez duen hiria; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko”.