Kolore arrosaz jantzia
Hilabete baino gutxiago falta da 8. AB Kroserako, eta antolatzaileek kamiseta aurkeztu dute.
Amara Berriko euskararen aldeko lasterketa ekainaren 3an izango da. Parte hartzaileak kolore arrosaz jantzita egin ahal izango dute ibilbidea. Hori da aukeratu duten kolorea, eta izena ematen duten guztiek jasoko dute. Kamisetan ikusten daitekeen moduan, IRUTXULOKO HITZAk babesturiko proba da. “Kopariako lagunekin egin dugu, eta kamisetetako irabazi guztiak euskalgintzarako proiektuetara bideratuko dira”, adierazi dute sare sozialen bitartez.
Lasterkariek ibilbideari bira bat edo bi emateko aukera izango dute. Alegia, 3 kilometrokoa da lehen bira eta 6 kilometrokoa bigarrena. Ekainaren 3an 19:00etan abiatuko da proba Isabel II.aren hiribidetik, eta Amara Berriko eta Loiolako Erriberako hainbat kale zeharkatu ondoren, hasitako leku berean egongo da helmuga.
Izena emateko epea zabalik dago Herrikrosa.eus webgunean, eta dortsalak egunean bertan jaso ahal izango dira. Parte hartzaile guztiek opari poltsa bat jasoko dute, baita aurtengo krosaren kamiseta ere. Gainera, parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dituzte, eta emakumezko eta gizonezko korrikalari azkarrenek IRUTXULOKO HITZAren urtebeteko doako harpidetza lortuko dute.
Lasterketaz gain egitarau zabala izango du AB Krosak, eta auzoa girotuko duten hamaika ekitaldi egongo dira arratsaldean zehar. 17:00etan hasiko dira haur jolasak Amara Berriko Haur Txokoaren eskutik. Krosa 19:00etan izango da, eta ostean, sari banaketak eta zozketak egongo dira auzoko denda, taberna eta hainbat erakunderen eskutik. Arratsaldea amaitzeko, 20:30ean, Tross ta Petri Donostiako musika taldearen kontzertua izango da. Ekitaldi guztiak Amara Berriko Probestu plazan izango dira.