Donostian azken 100 urteetan lehiatu diren txirrindularirik onenak gogoan
Raul Perez donostiarrak Tropel amaigabea liburua argitaratu du, eta ostiralean, hilaren 19an, aurkeztuko du Egiako kultur etxean (19:00). Txirrindularitzari buruz idatzi duen hirugarren liburua da, Jacques Anquetil (2012) eta Biba Coppi! (2018) lanak plazaratu ondoren. Perez IRUTXULOKO HITZAko kazetari ohia da.
Tropel amaigabea liburuaz ondorengoa adierazi du egileak: “Uztail hasieran Frantziako Tourra Donostiara iritsiko da. Horretaz gain, datorren urtean 100 urte beteko dira Euskal Herriko Itzulia lehen aldiz antolatu eta hirira iritsi zenetik. Hori guztia aitzakia aproposa da begirada atzera botatzeko eta, kontakizun edo pasadizo laburren bidez, gogora ekartzeko gurean lehiatu diren izar handienak. Ez alferrik, buruan eduki ditzakegun txapeldun guzti-guztiak hirian aritu dira nor baino nor”.
Hontza, Aritz eta Elkar liburu dendetan eskura daiteke liburua 10 euroren truke.