Zaintza sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditu EH Bilduk
EH Bilduko Olaia Duarte zinegotziak, beste hautagai batzuekin batera, Intxaurrondo auzoan dauden udal eta foru baliabide sozial eta komunitarioak bisitatu ditu gaur. Bertan, Duartek defendatu du garaia dela “zaintza sistema publikoa indartzeko, eskaintza bizitza ziklo osora zabalduz”. Bisita horretan, Donostiako EH Bilduk zaintzaren arloko proposamen programatikoak aurkeztu ditu. Duarteren arabera, “donostiarrok gure bizitza zikloan zehar behar ditugun zerbitzu desberdinak indartu behar ditugu, haurtzarora bideratutako zerbitzuetatik hasita, adineko pertsonen baliabideetara. Baina zaintza sistema indartzeko bide bakarra da urrats sendoak ematea kalitateko zaintza sistema publiko baterantz”.
Duarteren iritziz, “posible da bide honetan aurrera egitea”, eta adierazi du EH Bilduk hori demostratu zuela alkatetza eskuratu zuenean, gogora ekarriz 2011-2015 legegintzaldian prezio publiko bat jarri zela lehen aldiz udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuan, “donostiarrek zerbitzuagatik ordaintzen zutena gutxituz”.
Hala ere, uste du gauzak “aldatu” egin zirela Goia alkatetzara iritsi zenean: “Azken zortzi urte hauetan atzerapausoak eman dira udal gizarte zerbitzuetan eta herritarren eskubideetan, batez ere etxez etxeko laguntza zerbitzua ez delako egokitu herritarren egungo beharretara eta okertu egin direlako auxiliarren lan baldintzak, azken urteotan ELZko langileek egin behar izan dituzten bi grebek erakusten dutenez. Eta etxeko langileei dagokienez, ez da lanik egin etxeko zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko eta kontratatu nahi dituzten familiei laguntzeko».
Hurrengo urteetarako, Duartek adierazi du “EH Bilduk gobernatzen duenean” beharrezko baliabideak bermatuko dituela etxean zainduak izatea nahi duten adinekoek modu egokian egin dezaten, baina ohartarazi du “horrek ez duela inola ere esan nahi zaintza lanak emakumeengan soilik eroriko direnik, orain arte bezala”.
Hori dela eta, EH Bilduk lau neurri nagusi aurkeztu ditu, udalaren eskumenen esparruan, zaintza sistema publikoa indartzeko norabidean:
Alde batetik, etxez etxeko zerbitzua 65 urtetik beherako pertsonei eskaintzea proposatu du. “Mendekotasuna era zabalean ulertzen dugu, aldi baterako edo permanentea den zerbait bezala ulertuta. Zerbitzu berriak eskaini eta arreta orduak zabalduko ditugu, sektoreko langileen lan baldintzak duinak bermatuz”, nabarmendu dute.
Bestetik, Usurbilen egin duten bezala, Donostiako zaintza estrategia “munizipalista” gorpuzteko, Zaintzaren Kontseilu Sektoriala sortzea proposatu dute eta Donostiako zaintzen mapa egingo dutela adierazi dute, “Donostiako eragileekin batera”: etxez etxeko laguntza zerbitzua (SAD), kontraturik gabe zaintza lanetan dabiltzan langileak, etxeetako langileak, Emakumeen Etxea eta abar. “Zaintzaren sektorea traktore ekonomiko oso garrantzitsua da gaur egun Donostian, eta gero eta garrantzitsuagoa izango da gure hiriaren zahartze prozesuagatik; beraz, ikuspegi estrategiko partekatua behar da”, adierazi dute.
Hirugarrenik, dependentziaren legeak araututako diru laguntzekin zaintzaileak kontratatu diren etxeetan, udalak etxeko zaintzaileen lan balditzen jarraipena egingo duela jakinarazi dute, “prekarietate egoerak saihesteko eta zaintzak duintzeko”.
Eta azkenik, etxean zahartu ahal izateko, “oztopo tekniko eta urbanistikoak gainditzeko laguntzak” emango dituztela azaldu dute.