Bisita gidatuak eta serigrafia tailer bat eskainiko ditu Euskal Itsas Museoak aste honetan
Euskal Itsas Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du maiatzaren 18an eta 20an programazio berezi batekin, Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea lelopean. Alde batetik, Moilak erakusketara doako bi bisita gidatu eskainiko dituzte maiatzaren 18an: 17:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz.
Bestalde, zurezko serigrafia tailerra eskainiko dute. Tailerrak bi orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera, eta larunbatean, maiatzaren 20an, egingo da, 17:00etan. 3 euro ordaindu beharko ditu parte hartzaile bakoitzak. Tailer horretan, Albaolan jasotako egurrak erabiliko dituzte, eta erakusketako argazkiak erreplikatu dituzte haietan, Ondarearen Begiraden argazkiei esanahi berri bat emanez.
Maiatzetik urrira, museoak Kofradia Itsas-Etxearekin eta Motoras de la Islarekin antolatutako Bizi Donostiako Portua bisitak iragatzen ditu. Hilero, portuko bisita horiek egitaratuko dira, eta parte hartzaileek Donostiako portuaren sekretuak ezagutu, arrantza artisaua burutzen duen ontzi bat bisitatu eta kaiko produktuak dastatu ahal izango dituzte.
Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea museoaren webgunearen bidez, komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatziz edo 943-43 00 51 zenbakira deituz.