Ekialdeko Barrutian komisaria berri bat irekitzeko lanean dabil udala
Eneko Goia egungo alkate eta alkategai jeltzalea Egian egon zen astelehenean Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziarekin, segurtasunari buruz hitz egiteko. Hauteskunde kanpainan neurriak iragartzen dituzten agintarien ildoa jarraituz, Udaltzaingoaren kaleko patruilak “indartu” egingo dituela iragarri zuen Goiak, eta jakinarazi zuen Ekialdeko Barrutian (Intxaurrondo, Altza eta Bidebieta auzoek osatzen dute) Udaltzaingoaren komisaria berri bat ireki nahi dutela, eta udala horretarako lanean dabilela. Era berean, Egian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren polizia bulego bateratu bat ireki nahi dute.
Goiak nabarmendu zuen Donostia “hiri segurua” dela, “Udaltzaingoko zein Ertzaintzako profesionalen lan onari esker”: “Datuak eskuan, ondorioztatu genezake Donostia hiri segurua dela, gure inguruko beste hiriekin nahiz estatukoekin alderatzen badugu”. “Ondorioztatu genezake Donostian segurtasun maila altua daukagula, nahiz eta zenbait kasutan herritarren pertzepzioa bat ez datorren adierazle objektiboekin”, gaineratu zuen. Era berean, azaldu zuen EAJk “segurtasun sistema malgu baten alde” egiten duela, “partekatua eta auzoetako errealitate ezberdinei egokitzen zaiona, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea zaintzeko asmoz, guztien errespetua ziurtatuz eta guztion bizikidetza bermatuz”.
2022an hiriko delituen kopurua igo egin zela aitortu zuen Goiak, baina nabarmendu zuen “neurri bertsuan” igo zela atxiloketen kopurua: “Horixe da Poliziak bere lana egiten duenaren adibiderik onena”. Atxiloketen kopurua delituen “neurri bertsuan” igo bazen eta Donostia “hiri segurua” bada ere, jeltzaleak poliziaren presentzia are gehiago handitzearen aldeko apustua egin zuen: “Delituen igoerak beharrezko egiten du neurri berriak hartzea kopuru orokorra jaitsi ahal izateko”. Horrela, alkategaiak jakinarazi zuen aurten bertan “Udaltzaingoaren polizia kopurua indartu” egingo duela, eta, hain zuzen ere, 2023ko udal aurrekontuan diru gehiago aurreikusi dela atal horretarako. “Sinistuta gaude udaltzain gehiagorekin eta kaleko presentzia indartuz, delitu kopurua jaitsi egingo dela”, gehitu zuen.
Komisaria berria
Ekialdeko Barrutian ireki nahi duten komisariari dagokionez, Goiak nabarmendu zuen “segurtasun zerbitzua auzoetara hurbildu” egingo duela komisaria horrek, eta “hiriko zona horri gaur egun ez daukan gertuko polizia zerbitzua eskainiko” diola. Horrez gain, jeltzaleak iragarri zuen udala lanean ari dela Egian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren polizia bulego bateratu bat irekitzeko, “horrek hiriko polizia presentzia indartzen lagunduko duen neurrian”. Hain zuzen ere, segurtasunaren gaian fokua Egian egon da bereziki azken legealdian, PPren eskutik nagusiki; ordea, delitu gehien dituzten auzoak Erdialdea eta Parte Zaharra dira, nahiz eta Egian nabarmen igo diren delituak.
Alkategaiak, halaber, azaldu zuen “Poliziaren lana hobetzeko teknologiak eskaintzen dituen aukerak” ere baliatu behar direla. Horrela, hiriko hainbat gunetan segurtasun kamerak erabiltzearen aldeko apustua egin zuen, baita poliziek soinean eraman ditzaketen kamerak erabiltzearen aldekoa ere. Horrez gain, azken urteotan igotzen ari diren delitu informatikoei aurre egiteko beharra ere nabarmendu zuen, eta, horretarako, “profesionalen formakuntza hobetu eta baliabide egokiak indartu” egin behar direla.
Hainbat ikerketek diote zaurgarritasun egoeran egoteak delinkuentziarekin lotura duela sarritan, eta poliziaren presentzia areagotzea baino, eraginkorragoak direla gizarte integrazioaren arloko neurriak (adibidez, Maria Dolores Delgado Tarragaren Exclusión social y criminalidad ikerketak (UNED, 2014)). Hain zuzen ere, “gizarte mailako bestelako urratsak ere landu behar” direla esan zuen Goiak, nahiz eta poliziaren presentziari buruz baino zehaztasun gutxiago eman zituen. Delitu egileen egoera sozioekonomikoa aztertu behar dela nabarmendu zuen, baita ” bestelako aukera alternatiboak” eskaini behar direla ere, “gaizkileek egoera marjinaletatik ateratzeko bideak irekiz”. Horrela, azaldu zuen azken hilabeteotan hiriko zenbait auzotan udalak lan bateratu bat bultzatu duela auzo eragile eta gizarte arloko hainbat elkarterekin tokian tokiko egoerak aztertu eta bestelako gizarteratze neurriak aztertuz.