Iñaki Alkiza zendu da, Realeko presidente ohia eta politikari izandakoa
Iñaki Alkiza Laskibar hil da, 89 urterekin. Realeko presidentea eta futbol jokalaria izan zen. Politikagintzan ere aritu zen EAJrekin eta Eusko Alkartasunarekin. Bittor Alkiza futbolari ohiaren eta Osasuna futbol taldeko bigarren entrenatzailearen aita da.
1933ko uztailaren 31n jaio zen Donostian, eta Altzan hazi zen. Realean 1955 eta 1961 urteen artean jokatu zuen. 1979an Realeko zuzendaritzan sartu zen, eta klubeko presidentea izan zen 1983 eta 1992 urteen artean. Jose Luis Orbegozo presidentearen testigua hartu zuen, eta 1992an Luis Urangak ordezkatu zuen.
Politikan 197oko hamarkadan sartu zen. Espainiako Trantsizio Demokratikoan eta lehenbiziko hauteskundeak ospatu aurretik, 1978ko irailetik 1979ko martxo arte Donostiako udal batzordeko kide izan zen. Batzorde honetan Alkizak EAJ alderdia ordezkatu zuen. Gainera denboraldi horretan batzorde horretako presidentea ere izan zen –gaur egungo alkate postuaren baliokidea–. Reala utzita, 1995eko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu zen Eusko Alkartasuna alderdiarekin Gipuzkoako ahaldun nagusigai gisa. Haren hautagaitza EAJren eta Herri Batasunaren atzetik geratu zen. Gerora, 1999 eta 2003 urteen bitartean Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan zen.