Turismo eredu "birsortzailearen" gakoak plazaratu ditu Lasak
Elkarrekin Podemosek proposamen sorta bat aurkeztu du hirian eredu turistikoa aldatzeko eta “benetan jasangarria eta birsortzailea” den zerbait bihurtzeko. Atzo arratsaldean Bulebarrean egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian, Victor Lasa alkategaiak proposamen horien berri eman zuen.
“Donostian hobeto bizi beharko genuke helmuga turistikoa izateagatik, baina justu kontrakoa gertatzen ari da. Egungo eredua hiriaren bizi-kalitatea degradatzen ari da. Horregatik, ezinbestekoa da herritarrek parte hartzea eredu turistiko berri baten definizioan, ondo kudeatutako eredu baten definizioan”, adierazi zuen Lasak.
Ezkerreko koalizioak Iraunkortasun Birsortzailearen Plan Integrala abiarazi du, “egoiliarren bizitzak okerrera egin ez dezan, hobera egin dezan”. Lasak ohartarazi zuen neurriak hartzeko garaia dela; “hala nola, hirian hoteletarako lizentzia berririk ez egotea, datozen lau urteetan Donostia helmuga turistiko gisa nazioartean ez sustatzea, eta hotelen industriarekin lankidetzan tasa turistiko bat aplikatzea. Horren onurak garraio publikoan, kulturan, osasunean, hezkuntzan eta ongizate orokorrean bizi direnen bizi kalitatea hobetzeko erabiliko lirateke”.
Turismo Iraunkorraren Behatokia ere sortzea ere proposatu dute, “gizarte zibila eta erakundeak barne hartuko dituen eta gure hirian bizi direnen ongizateari lehentasuna emango dion Herritarren Kontseiluak gobernatuko duena”. Horrekin batera, beste neurri zehatzak batzuk aurkeztu zituen atzo: “Ibilgailu pribatuen, charter autobusen eta itsas ontzien kontrolik gabeko etorrera arautzea eta mugatzea; Turista gidatuen taldeak erregulatzea eta mugatzea; Turismoaren deszentralizazioa sustatzea, Gipuzkoa osoari eta Iparraldeari mesede egiteko. Tokiko merkataritzari mesede egitea multinazional handien aurrean, diskriminazio positiboaren bidez; eta turismo industrian tokiko kooperatibak sustatzea”.