7.000 etxebizitza eraikiko dituela dio Izagirrek
Agerraldia egin dute Donostian Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak eta Maialen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak, eta etxebizitza izan dute hizpide. Hain zuzen ere, Izagirrek “konpromisoa” hartu du alkatetza eskuratzen badu Donostian 7.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko, “donostiarrentzat aukerak sortzeko eta etxebizitzara sarbidea bermatzeko”.
Alokairuaren prezioa mugatzeko beharra nabarmendu du Izagirrek, baina baita etxebizitza berriak eraikitzeko beharra ere. Azaldu duenez, 3.000 etxebizitza eraikiko lituzke Urumearen ertzean, 800 Ibaetan, 280 Eason, 250 Esnabide, eta 230 Zardoya-Otis eremuan. Gainera, “horiei guztiei GI-20 saihesbidea eraldatzen denean eraiki ahal izango diren 2.500 etxebizitzak gehitu behar zaizkie”, alkategaiaren hitzetan.
Halaber, ahalik eta etxebizitza publiko gehien eraikitzearen aldeko apustua egin du Izagirrek: “Donostian izango diren promozio berri guztietan, etxebizitza gehienak babestuak eta alokairuzkoak izango dira, eta, horietatik, %20 gazteei emantzipazioan laguntzeko”.