Gregorio Ordoñezen figura aldarrikatu du Corominasek
PPren alkategai Borja Corominas eta Gregorio Ordoñezen alargun eta Donostiako PPren zerrenda ixten duen Ana Iribar Illunben egon dira asteazken goizean, Ordoñezen figura aldarrikatzeko eta ETAri buruz hitz egiteko. Ordoñezek horma txiki bat eraiki zuen 1987ko udal hauteskundeetako kanpainan, etxebizitzaren arazoa konpondu beharra zegoela aldarrikatzeko, eta gauza bera egin dute Corominasek eta Iribarrek Illunben, modu sinbolikoan. Aldiz, gaurkoan, Corominasek ez du etxebizitza arazoari aurre egiteko neurririk proposatu; astelehenean ere Illunben egon zen, bera bakarrik, eta, orduan bai, han gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko proposatu zuen.
Etxebizitzaren arazoari irtenbide bat eman zaiola aldarrikatzeaz gain, honakoa ere aldarrikatu nahi izan du PPren alkategaiak ekitaldian: “Guztiontzako hiri bat eraiki nahi dugu, donostiar guztientzako hiria. Inork nongoa zaren galdetuko ez dizun hiri bat, nor bozkatzen duzun galdetuko ez dizuna eta zein hizkuntzatan hitz egiten duzun galdetuko ez dizuna”. Ordoñezen figuraren bidez aldarrikatu dute hori guztia, Corominasen hitzetan, “Donostiak izan zezakeen alkaterik onena” izango baitzen, ETAk 1995ean hil izan ez balu. “Gaur, inoiz baino gehiago, nola bizi izan zen aldarrikatzen dugu, nola maite izan zuen bere hiria, eta nola egin zuen lan hiria hobetzeko”, gehitu du alkategaiak. Halaber, “umiltasunez”, bere lekukoa hartu duela esan popularrak.
Iribarrek dagoeneko existitzen ez den ETA erakundean zentratu du bere hitzartzea: “Gregorio alkate izatekoa zen, eta ETAk galarazi egin zuen, beste ehunka pertsona Euskadiko eta Espainiako hauteskunde demokratikoetarako zerrendetara aurkeztea eragotzi zuen moduan”. Era berean, EH Bilduk bere zerrendetan Espainiako Auzitegi Nazionalak ETArekin zerikusia zutelakoan zigorturiko 44 hautagai sartu izana salatu du, bere ustez, pertsona horiek ezin dutelako espazio publikoan presentzia izan, “ETAren biktimekiko eta belaunaldi berriekiko errespetu falta” delakoan.