Joan Mari Irigoien idazlea zendu da
Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, 1948) zendu da, 74 urte zituela. Ibilbide luzeko idazlea zen Irigoien, eta bereziki nobelagintzan egindako lanagatik ezaguna bazen ere, poesia lanak zein haur eta gazteentzako liburuak ere idatzi zituen. Hutsetik esperantzara (1975) poema liburuarekin hasi zuen ibilbidea Altzako idazleak, eta iaz argitaratu zuen bere azken lana, Elkar argitaletxearekin: Sorgin-argien ehizan poema liburua.
Alboko esklerosi primarioa diagnostikatu zioten Irigoieni duela urte batzuk, eta ahoskatzeko zein mugitzeko arazoekin pasatu ditu azken urteok. Hain zuzen ere, Berria egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, azken egunotan okerrera egin du bere egoerak. Irigoienek hainbatetan adierazi du eutanasiaren aldeko jarrera, bere lanetan zein publikoki. Gaixotasuna zela eta, erretiroa hartu zuen 2014an, baina ez zion inoiz guztiz utzi idazteari, eta zenbait lan argitaratu ditu urteotan. Hain zuzen ere, Amodiozko gutuna poema hau idatzi zuen heriotzari buruz:
Printzesa urrun baten izena duzu,
Eutanasia,
baina nik hurbilago nahi zintuzket,
maite-maite baitzaitut,
eta ez baitut burutik baztertzen zu neure egitea noizbait,
edo ni zeure, hobeki…
Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;
zu, ene azken hatsa;
zu, ene Buda errukibera;
zu, ene balizko sufrimenduen aringarri;
zu, ene maitaleen maitale.
Barkatu atrebentzia,
hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…
Askotariko lanak argitaratu zituen Irigoienek, eta 1989an argitaratutako Babilonia da ezagunena. Mendebaldeko eta Ekialdeko tradizio literarioak biltzen ditu liburuak, eta Garaialdetarren familiaren istorioa kontatzen du. Espainiako Kritika Saria eta Euskadi Saria jaso zituen lan horrekin. Bere azken eleberria Derbia izan zen, 2019an argitaratutakoa eta futbolaren munduan girotutakoa. Hain zuzen ere, hedabide honek liburu horren harira elkarrizketa egin zion idazleari.
Ingeniaritza ikasketak egin zituen Irigoienek, eta futbolaria ere izan zen, Realaren bigarren taldean. Egin egunkarian zuzentzaile lanetan aritu zen, Euskal Telebistarako gidoiak ere egin zituen, eta irakasle lanetan aritutakoa ere bazen. Halaber, Elkar argitaletxeko langile izan zen urte luzez.
Poesia
- Hutsetik esperantzara (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa,1975)
- Denborak ez zuen nora (Erein,1991)
- Hautsa eta maitemina (Elkar, 1998)
- Letra txikiaz bada ere (Elkar, 2002)
- Biziminaren sonetoak (Elkar, 2004)
- Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) (Elkar, 2015).
- Txantxanberde kantaria (autoedizioa, 2015)
- Sorgin-argien ehizan (Elkar, 2022)
- Antologia, XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2002)
Nobelak
- Oilarraren promesa (Gero, 1976; Elkar ,2003)
- Poliedroaren hostoak (Erein, 1983)
- Udazkenaren balkoitik (Erein, 1987)
- Babilonia (Elkar, 1989; Elkar 2022)
- Consummatum est (Elkar, 1993)
- Kalamidadeen liburua (Elkar, 1996)
- Lur bat haratago (Elkar,2000)
- Ipuin batean bezala (Elkar, 2002)
- Odolean neraman (Elkar, 2004)
- Orbetarrak trilogia
- Bestea da mundua (Elkar, 2008)
- Haragiaren gauak eta egunak (Elkar, 2009)
- Nor bere bidean (Elkar, 2010)
- Ur arreak, ur garbiak (Elkar, 2011)
- Arma, tiro, bammm! (Elkar, 2013)
- Derbia (Elkar, 2019)
Biografia
- Lope Agirre (Lur, 1979)
Gazteentzako nobelak
- Bakarneren gaztelua (Erein, 1986)
- Apaiz zaharraren gitarra (Elkar, 1996)
- Komunista.com (Elkar, 2005)
- Pistolak eta epistolak (Elkar, 2014)
Gazteentzako poesia
- Metak eta kometak (Elkar, 1994)
- Urruneko motorrak mila zaldi (Elkar, 2012)
- Sasiak mendia jan (Elkar, 2012)