«Kalitatezko» osasun publikoa defendatu du Marisol Garmendiak
Marisol Garmendiak, Donostiako alkatetzarako hautagai sozialistak, “kalitatezko” osasun publikoa defendatu du, Donostiako herritarren “oinarrizko eskubide ukaezina delako”. Une honetan, osasun publikoa herritarren “kohesiorako tresna nagusietako bat” dela uste du Garmendiak.
Onkologikoaren aurrean egindako ekitaldi batean, Garmendiak adierazi du bere hauteskunde proposamenean osasun etxe berri bat proposatzen duela Txomin Enean; Loiola, Txomin Enea eta Martutene auzoei zerbitzua emango diena. “50 urtetik gorako biztanleria handia duen hiri baterako osasun zerbitzuak ezinbestekoak dira herritarren osasun fisikorako eta mentalerako. Udalak ezin du beste alde batera begiratu Osakidetza zerbitzuak Bilbora desbideratzen ari dela ikusirik”, nabarmendu du.
Gaineratu duenez, Donostialdeko ESIaren “bikaintasuna eta erreferentzialtasuna” defendatu behar dira, espezialitate medikoak mantenduz, eta baita handituz ere. Era berean, uste du Onkologikoa minbiziaren tratamenduan “erreferentziazko zentro gisa mantendu” behar dela, eta Osakidetzan erabat integratu behar dela.
Alkategai sozialistak defendatzen dituen beste alderdi batzuk honako hauek dira: Donostiako herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzea, osasun mentaleko elkarte profesionalekin batera lan egitea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen baten bidez Donostiako gazteei arreta psikologikoa emateko zerbitzu espezifiko bat ezartzea.