Karkarkar, euskarazko umorea sustatzeko
Egitasmo berri bat abiatu du Hiru Damatxo Donostiako ekoiztetxeak: euskarazko umorea sustatuko duen Karkarkar egitasmoa, hain zuzen. Bost umoregile jarriko dituzte euren testuak probatzen, eta aurkezle bat, saioa gidatzen. Ekainaren 1ean eta 29an saioa bana izango dira DOKAn, jada euren bidea hasia duten bosna komikorekin, eta urritik aurrera berrartuko dute egitasmoa.
“Beste herrialde batzuetan oso errotuta dagoen stand up-aren kulturak ibilbide xumea izan du euskaraz”, Hiru Damatxokoen ustez. Ordea, azken bizpahiru urteotan, euskal eszena garatzen ari dela iritzita, bultzadatxoa eman, eta euren testuak probatzeko espazio bat eskaintzeko jaio da Karkarkar. Partehartzaile bakoitzak hamar minutu izango ditu, eta nahi duenak probatzeko aukera izango du.
Lehen saioa ekainaren 1ean
Julen Portillo tiktoker eta umoregile zarauztarrak gidatuko du ekainaren 1eko lehen saioa. Bost parte-hartzaile hauen lana arintzeko ardura izango du:
• Mikel Irazusta (Donostia)
• Maria Blanco (Zestoa)
• Maialen Sorzabalbere (Donostia)
• Eñaut Zuazo (Gasteiz)
• Beñat Iturbe (Iruñea)
Maria Blanco zestoarrak dozenaka saio egin ditu azken urteotan, aktibo dauden Euskal Herriko umoregileekin eszenatokia konpartituz. Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalbere, aldiz, Barrexerka kolektiboko kide dira. Gidoilari moduan ere eskarmentua dute. Eñaut Zuazo eta Beñat Iturberen kasua berezia da: Bartzelonan eta Madrilen bizi dira, eta bertako stand-up eszena barrutik ezagutzen badute ere, euskaraz aritzeko gogoz daude.
Dokako ateak 20:00tan zabalduko dira, eta sarrerak bost euro balioko ditu. Aurrez eros daiteke, Dokaren webgunean bertan.
Hiru Damatxo antolatzaile
Karkarkar ekimenak “bizitza propioa” izango du, baina antolakuntza eta zabalkunde lana Hiru Damatxo ekoiztetxeak hartu du. “Bada denbora stand up-aren mundua gertutik jarraitzen dugula. Euskarazko umorezko edukiak nahi baditugu, ezinbestekoa da gaitasun horiek trebatzeko espazio informalak sortzea. Guk gure alea jarri nahi izan dugu horretan”, azaldu dute.
Stand up kultura zabaltzea da helburu nagusia, baina buruan dituzte bestelako aukerak ere: “Gu ez gara eszenatokira igoko, baina badugu gogoa umorea egiten ari diren horiek denak gertutik ezagutzeko. Harreman horietatik ideia eta proiektu berriak aterako balira, Karkarkar bera izan daiteke horiek sortu eta zabalduko dituen aterki orokorra. Baina hasteko, nahikoa helburu handia da gozatzeko moduko ostegunak antolatzea”.