Miserikordiako bizilagun eta dendariek kale seguruago bat nahi dute
Kalea oinezkoentzako gune bihurtzeko eta argiztapena hobetzeko eskatu dute, eta kanpaina bat abiatu dute euren aldarrikapenak ikusgarri egiteko.
SOS Miserikordia kalea lelopean, kalea hobetzeko neurriak exijitu dituzte bizilagunek eta dendariek. Kartelak jarri dituzte atarietan, saltokietako erakusleihoetan eta balkoietan. Argiztapen hobea, segurtasun gehiago eta kalea oinezkoentzako gune izatea eskatu dute, besteak beste. Kalearen mutur batea dagoen tren-zubian ere kartelak daude, eta egitura zaharkitua dela salatu dute bizilagunek. Irutxuloko Hitzak inguru honetako bizilagun baten iritzi artikulu bat argitaratu zuen martxoan; egitura honen mantenu eskasaz ohartarazi zuen idatzi hartan: Tren-zubi zaharkitu eta zaratatsua Donostiako Miserikordia kalean.
Noticias de Gipuzkoa egunkariaren arabera, Donostiako Udalak iragarri zuen kalea oinezkoentzako gune bihurtzeko aukera aztertzen ari zela. Gainera, hainbat emakumeen elkarterekin elkarlanean zona hau seguruago egiteko proiektu bat abian jartzeko aukera ere aztertzen ari da.