Orioko hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute Añorga Txikin
Hedabide honek jakin ahal izan duenez, eraildako emakumeak eta haren familiak kafetegi bat izan zuten auzoan.
Añorgako emakume asanbladak deituta, Orioko hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, Añorga Txikiko biribilgunean, 19:30ean. “Lourdes, auzoko laguna zen emakumea, eraila izan da Orioko gertakarian. Erailketa matxista gehiagorik ez!”, adierazi dute. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, hildako emakumeak eta haren familiak kafetegi bat izan zuten auzoan. Familia ezaguna eta estimatua zen auzoan.
Atzo arratsaldean bi lagun hil ziren Orion (Gipuzkoa), tiroketa baten ondorioz. Berria egunkariaren arabera, gizonak, ustezko hiltzaileak, kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko; litekeena da jarraian bere buruaz beste egin izana. Emakumeak 50 urte zituen.