«Segurtasun ezari» aurre egiteko hamar neurri proposatu ditu PPk
PPren ustez, “segurtasun eza errealitate bat da Donostian”, eta, horregatik, segurtasunari buruzko hiri itun bat proposatu du Borja Corominas alkategaiak. Jorge Mota zinegotzi eta hautagai popularrarekin batera, agerraldia egin zuen asteartean Erdialdean Corominasek, eta hamar neurri proposatu zituzten.
Honako hauek dira hamar neurri horiek: Udaltzaingoa berrantolatzea eta beharrezko baliabideak eta bitartekoak gehitzea, Ertzaintzaren eta Polizia Nazionalaren datu basearekin lotutako zirkulazio kamerak eta segurtasun kamerak kontrolatzeko zentroa sortzea, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta estatuko gainerako segurtasun indarren arteko koordinazioa bermatzea; auzoko patruilak sortzea, oinezko agenteek osatuak, merkataritza ordutegian, astelehenetik ostiralera, gure hiriko auzoetatik paseoan dabiltzanak; udaltzainek taser eta bodycam pistolak eramatea, laguntza puntuak sortzea, segurtasun kamerak jartzea eremu gatazkatsuetan eta puntu kritikoetan, gaueko argiztapenean intentsitate handiagoa jartzea Donostiako kaleetan, matrikula irakurgailua jartzea hiriko sarreretan eta irteeretan eta udalak identifikatuta dituen puntu kritikoak ezabatzea.