Udalaren hirigintza politika salatzeko manifestazioa egingo dute igandean
Donostiaren defentsan diharduen Donostia Defendatuz koordinakundeak udalaren hirigintza politika salatzeko manifestazioa antolatu du igande honetan, maiatzaren 21ean. “Gaur egun hiria mehatxatzen duten hirigintza jarduera basatien ugaritzea”, salatzeko asmoz, Easo plazatik abiatuko dira, 12:00etan.
Donostia Defendatuz koordinakundea “alderdi politikoekiko independenteak” diren erakundeez, auzo elkarteez eta gizarte mugimenduez osatuta dago: Ondare, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Satorralaia, Belartza 2 Gelditu, Dendartean, BaGera, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Heriz Plataforma, Parkea Bizirik eta Amara Bai auzo elkartea.
Manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoa egin dute goizean Easo plazan, eta koordinakundeko Joxean Arrietak, Kani Peñalbak eta Marije Manterolak hartu dute hitza. Adierazi dutenez, “zaila” da udalak “kaltetu” dituen Donostiako baliabideen zerrenda osatzea: “gure nortasuna, gure ondare arkitektonikoa, gure inguru naturala, gure kultura, gure gizarte bizitza eta gure merkatari sare lokala, besteak beste”. Koordinakundearen iritziz, “hiritarrei lotsagarriki bizkarra emanez, turismoari begira hiri ezagutezina eraikitzen ari da” udala.
Adibide gisa, azken legegintzaldian bideratzen eta egikaritzen ari diren honako proiektuak salatu dituzte: Hiriko bigarren Basque Culinary Centerra eraikitzeko proiektua, “Manteo eta Zemoria parkeak espoliatuz, lurzoru publikoa oparituz eta finantzaketa publikoa konprometituz”; San Bartolome muinoan lau solairuko lurpeko aparkalekua eta merkataritza gunea egiteko proiektua; Arte Ederren eraikinaren eta Norteko geltokiaren eraisteak; Antondegin olatu artifizialen parkea egiteko proiektua; Santa Klarako Hondalea eskulturan bost milioi “xahutzea”; Metroaren igarobidearekin lotutako kalteak; Ingurumenaren “suntsiketa” multinazionalen makro parkearen “mesedetan”, Belartza Goikoan; Lurzoru naturalaren hondamena eta artifizializazioa; Hiriko zuhaitzen kontrako “etengabeko gurutzada”; Eraikin bereizgarri eta apartekiko “errespetu falta”, “lehenik babesa kenduz eta ondoren behera botaz”; Urbanizazio berriak non “espekulazioa nagusitzen” den alokairu babestua “alboratuz”; Hiria berrantolatu behar duen Plan Orokor berriaren “atzerapen justifikaezina”; Lurpeko aparkalekuen sustapena, “hiriko trafikoa areagotzen dutenak, mugikortasun eta osasunaren kaltetan”; “Kontrolik gabeko” hotelen irekiera, “hiriaren turistifikazio masiboa bideratuz” eta pisu turistikoen “araudi traketsa”, “menderatu beharrean ugaritzen dituena”.
Jarduera horiek gizartean sorrarazi duten “alarma eta atsekabea” izan dira herritarrei deialdi bateratu hau egitearen arrazoiak, Donostia Defendatuzen arabera. “Koordinakundearentzat, aipatutako berri ditugunak ez dira puntualak, endemikoak baizik. Sistematikoki ezarritako udal politika konkretuen ondorio garbiak dira, interes ekonomiko handiei sistematikoki mesede egiten dietenak. Hori da Donostiako Udalak bere finantzaketa sustengatzeko aukeratu duen bidea, egungo hiria modu arriskutsu eta atzeraezinean salduz”, salatu dute.
Hori dela eta, uste dute gaur egungo Donostiaren hiru eredua, “enpresa handien negoziorako eta turismo masifikatura begira eraikitzen” ari direla: “Jatorri eta baldintza desberdinetako pertsonak babesten dituen hiria bultzatu beharrean, milaka donostiar kanporarazten dituen hiria bihurtu da, etxebizitzaren egoera tamalgarriak argi eta garbi erakusten duen bezala. Ondorioz, bizilagunen zahartzea eta auzokideen sareak ahultzea bultzatuz”, deitoratu dute.
San Bartolomeko proiektuaren aurka
Kani Peñalba bizilagunak San Bartolomeko proiektua salatu du prentsaurrekoan. Udalaren proiektuak muinoaren iparraldeko hegalean 8.000 metro koadroko merkataritza gune bat sortzea aurreikusten du, eta azpian lau solairuko aparkalekua egitea. “Beste behin, politikari guztiek irtenbideak bilatzeko duten imajinazio falta erakusten du proiektu honek, izan ere, ez du zentzurik beste saltoki gune batzuetatik 200 metrora berri bat egiteak. San Martin 200 metrora dago, eta uste dut hirian arrakasta pixka bat duen saltoki gune bakarra dela, eta denok dakigu zein dendari esker. Gainerako saltoki guneek beti bukatu izan dute gaizki Donostian, eta udalak gune horietako zorrak irentsi behar izan ditu”, nabarmendu du Peñalbak.
Horren alternatiba, “zalantzarik gabe”, tokiko merkataritza sustatzea dela uste du Peñalbak: “Udalak diru asko gastatu du Arroka ingurua berritzen, baina ez dugu ahaztu behar aurreikusita ez zegoen etxe bat, hotel bat eta Talentuaren Etxea eraiki dituztela. Uste dut auzo honetan nahiko gauza egin dituztela, beraz, eskatzen duguna da inguru horretan geratzen den eremu berde bakarra mantentzea, San Bartolomeren jaitsieran. Eremu hori zaindu egin daiteke, zuhaitzak landatuz eta banku batzuk jarriz, adibidez”.