Ander Arzelus 'Luzear' idazle eta kazetaria omenduko dute haren senideek
Martuteneko etxe berrienetako plaza batek haren izena du, eta han egingo dute ekitaldia, maiatzaren 27an.
Ander Arzelus Luzear-ek (Donostia, 1898-Baiona, 1949) euskal kazetaritzaren eta euskal
kulturaren alde lan handia egin zuen. 36ko gerra eta haren ondorioak sufritu behar izan zituen. Gerra hasi zenean, El Día egunkariko euskal orriaren arduraduna zen, eta Argia aldizkariko zuzendaria.
Aurten 100 urte bete dira Amalia Arrietarekin ezkondu zela, eta urtemuga hau aitzaki moduan hartuta, familiak omenaldi bat antolatu du maiatzaren 27rako: “Badakigu berak egindakoak ez direla ezagunak gehiengoentzat, nahiz eta berak garrantzi handiko jarduerak egin euskararen alde bere bizitza guztian. Omenaldian hauen berri ematea da gure helburu nagusia”, adierazi dio Irutxuloko Hitzari haren ilobak, Jonan Zinkunegi Arzelusek.
Martutenen Luzear-en izena duen plaza bat dago, eta han egingo dute ekitaldia. Auzoko Txapel Aundi elkartea dago inguruan, eta elkartean erakusketa bat eta bazkari bat egingo dute, besteak beste. 12:00etan hasiko da omenaldia, eta senideek azaldu dute ekitaldi irekia izango dela.
Musika eta kantua ere ez dira faltako, eta gainera, pieza berezi bat berreskuratu dute ekitaldirako: “Lehenengo aldiz entzun ahal izango dugu Anderrek El Duesoko espetxean 1937an prestatutako Espetxeratuen ereserkia; harekin batera preso egon zen Rada musikariak egindako doinuarekin. Hau gure artxiboko paperen artean daukagun agirietako bat da eta garai haietatik gaur arte inor ez da saiatu doinu hori jotzen, baina sendiko musikarien lanari esker bertan joko digute ereserki. Eta abesten ere saiatuko gara”.
Erakusketan Luzearren objektu batzuk eta haren idatzi batzuk erakutsiko dituzte: “Kartzelan zela idatzitako testuak, besteak beste”. Omenaldian bertan, Zinkunegik Luzear-i buruz idatzi duen liburua aurkeztuko du.
Andereñoak ere gogoan izango dituztela adierazi du Zinkunegik, eta haiek ere omenduko dituztela. Azaldu du Luzear Elbira Zipitriaren laguna izan zela, eta biak aritu zirela euskararen aldeko borrokan. Gainera, Luzear-en bi alaba –Amale eta Itziar– andereñoak izan ziren. Zinkunegiren ama zen Amale Arzelus (Donostia, 1924-2015), irratian euskaraz egin zuen lehen emakumea. Gogoratu du haren 90. urtebetetzea ospatzeko 70 bat senide elkartu zirela. Orain, berriz elkartuko dira. Luzear oroitzeko.