Orioko hilketa matxista salatu dute Añorgan

Añorgako emakume asanbladak deituta, Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten asteazkenean Añorga Txikiko biribilgunean, Erailketa matxistarik ez lelopean. Izan ere, Orion eraildako emakumea “auzoko laguna” zen, emakume asanbladak jakinarazi duenez. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, hildako emakumeak eta haren familiak kafetegi bat izan zuten Añorgan, eta familia ezaguna eta estimatua zen auzoan.
Gertakaria astearte arratsaldean izan zen, Orion (Gipuzkoa). Berria egunkariaren arabera, gizonak, ustezko hiltzaileak, kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko; litekeena da jarraian bere buruaz beste egin izana. Emakumeak 50 urte zituen.
Emakumearen aldeko hileta gaur, maiatzak 18, izango da, San Sebastian Martiriaren parrokian, Antiguan, 19:00etan.