30 denda berri zabalduko dituzte Garberan maiatzaren 31tik aurrera
Datorren asteazkenean, maiatzaren 31n, irekiko da moda, kirol, osagarri, etxeko dekorazio eta informatika marken 30 bat denda hartzen dituen Garberako eraikin berria, lau urteko obren ondoren. Garberaren eraldaketak 130 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izan du, eta “zuzeneko 500 lanpostu baino gehiago” sortu ditu.
2021eko azaroan, luxuzko zinemak eta hamabost jatetxe dituen Garberako aisialdi eta ostalaritza gunea inauguratu zen; orain, 30 bat marka izango dituen eraikin berriaren ateak irekiko dituzte. Egun horretarako, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbide berriak ere amaituta egongo direla azaldu dute, eta aparkalekuak 3.600 baino gehiago izango dira, horietatik 2.200 lurpekoak.
Marka berriak
Gipuzkoan orain arte ez zeuden honako denda berri hauek zabalduko dituzte: Nike, Sprinter, JD Sports, Munich eta Courir kirol modako etxeak; Ulanka eta RKS zapata eta osagarrienak; gizonen modako Boston; Primor eta Freshly kosmetika eta lurrin dendak; eta etxeko dekorazioko Maison du Monde frantsesa.
Horiei hauek gehituko zaizkie: informatikako Sicos, modako Dockers; emakumeei zuzendutako Brownie eta Bimba y Lola etxeak; gizonen Scalpers, Celio eta Jack and Jones; barruko arropan aritzen diren Tenezis eta Oysho; Soloptical optika eta Paco Martínez maleta, poltsa eta osagarrien denda. Halaber, gune berri horretan Garberan zeuden beste saltoki batzuk ere egongo dira, hala nola, Misako, Sephora, Bershka, Stradivarius, Levis edo Belros; orain espazio zabalagoa izango dute.
Bestalde, lorezaintzako proiektu bat egin da, “natura eraikin berriaren barruan sartzea lortuz”. Eraikin berri horretan, tamaina handiko ficus bat landatu dute oinarrian landarez beteta dagoen 44 metro karratuko jardinera batean, eta landareak eta palmondoak dituzten jardinera ugari ere badaude. Horrez gain, Garberak inguruan dituen bi parke naturalen izaerarekin jarraitu nahi izan dela adierazi dute, eta horregatik, gramineoak eta bizikorrak, zuhaitz autoktono ugari, hala nola haritzak eta urkiak, eta landare horma deigarriak landatzea erabaki dela.