Auzo elkarteetan auzoaren aldeko egitasmoak pentsatu eta prestatu ohi dira, baina 1999an Altzan urrats bat gehiago egin eta hauteskundeetan auzoaren interesak defendatuko zituen alderdi bat sortzea pentsatu zuten hainbat auzotarrek: Altzakoak izena jarri zioten.

Altzako bizilagun talde batek Donostiako Udalerako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaitza aurkeztu zuen 1999ko udal hauteskundeetan. Estibaus.info webgunean Antxon Alfarok argitaratutako artikulu baten arabera, “Donostiako Udalak ahaztutako eta baztertutako komunitate batean” bizi zirela sentitzen zuten altzatar horiek, eta horretan oinarrituta erabaki zuten beraien hautagaitza aurkeztea.
Artikuluaren arabera, alderdi politiko berri bat sortzeko ideia Elkartasuna auzo elkartearen lokalean egindako bilera batean sortu zen. Bilera horretan izan ziren, besteak beste, Albaro Fernandez, Jose Mari Bidegain eta Justo Garate.
Alderdi berriari honako izen hau jarri zioten: Altzakoak-Atzako hauteskunde egitasmo independentea. 1999ko apirilaren 28an, Albaro Fernandezek eta Dani Garciandiak Madrilgo Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatu zuten. Presidente gisa Justo Garate zegoen, presidenteordea Fernando Zamorano zen, diruzaina Jose Maria Bidegain eta idazkaria Albaro Fernandez.
Erregistroa egin ondoren, Juantxo Dominguez buru zuen Berdeak-Los Verdes taldearekin elkartu ziren. 1999ko hauteskundeetan Hiritarron Elkartasuna Koalizioa (Berdeak-Los Verdes/Altzakoak) izenarekin aurkeztu zuten koalizioa. Justo Garate Irure izan zen Donostiako Udalerako hautagaitzaren zerrendaburua, eta Arturo Justo Tovar, berriz, Gipuzkoako Batzar Nagusietarakoa.
Donostiako Udalerako hauteskundeetan 401 boto (%1,84) lortu zituzten zazpigarren hautesbarrutian, Altza Hiribilduko udalerri zaharrari dagokionean. Donostia osoan 677 boto lortu zituzten. Hura izan zen aurkeztu ziren lehen eta azken aldia.