Auzoak eta herriak, hauteskundeei begira
Donostiarrak bozetara deituta daude hurrengo igandean, eta, botoa eman edo ez eman aurretik, asko dira aintzat hartzeko kontuak. Izan ere, Donostia hiri txikia den arren, auzo eta herri bakoitzak errealitate propioa du, bere behar eta aldarrikapen propioekin.
Ez da berdin bizitzen Donostiako auzo eta herri guztietan, baina balio bera du auzo eta herri guztietako bizilagunen botoak. Ez da gauza bera Martutenen bizitzea eta Parte Zaharrean bizitzea, Intxaurrondon bizitzea eta Grosen bizitzea, Igeldon bizitzea eta Egian bizitzea edo Amara Berrin, auzo populatuenean bizitzea (30.477 biztanle) eta Zubietan, bizilagun gutxien dituen herrian bizitzea (298 biztanle). Besteak beste, ez delako berdin inbertitzen auzo eta herri guztietan: Martutenen, esaterako, bizilagunek sarritan salatu dute azken lau urteotan ez dela ibaiaz haragoko inbertsiorik egin.
Mantentze lanei dagokienez ere, agerikoak dira desberdintasunak, eta hiriko auzoetatik paseatu baino ez da egin behar, desberdintasun horiez jabetzeko. Ekialdeko auzoetako lorategiek, adibidez, basoak dirudite udaberrian, eta halakorik nekez ikus daiteke erdiguneko auzoetan; eta, ikusten bada, periferiako auzoetan baino lehenago txukuntzen dituzte erdiguneko lorategiak. Eta, gauza bera gertatzen da kaleen eta errepideen zoladurarekin, besteak beste.
Horrela, auzo eta herri bakoitzak bere behar propioak ditu. Batzuek zerbitzuak behar dituzte (besteak beste, Bidebietak ez dauka kultur etxerik, eta Loiolako Erriberak ez dauka osasun zentrorik), beste batzuek mantentze lanak indartzea, beste batzuek irisgarritasuna hobetzea (Intxaurrondon, esaterako, eskailera eta malda ugari daude zona batzuetan) eta, turismoaren eragina gehien pairatzen dutenek fenomeno horri aurre egiteko neurriak hartzea (Parte Zaharrak, bereziki).
Hala ere, badira auzo eta herri guztietan dituzten erronkak. Erronka komun nagusia, segur aski, etxebizitzarena da, Donostiako arazo handienetako bat baita etxebizitzaren prezioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzak berriki egindako Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan (2010-2020) ikerketak ondorioztatu duenez, 2010etik 2020ra Donostiako 18 eta 34 urte arteko 3.500 gazte inguru joan dira inguruko herrietara bizitzera. Ikerketaren arabera, «aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia». Hala ere, Eneko Goia alkateak joan den astean azaldu zuen gazteen joan-etorri guztiak aintzat hartuz gero, 500 gazteren galerakoa dela saldo orokorra.
Ikerketa horren harira Bizilagunekin plataformak nabarmendu zuenez, hiri barneko dinamikek ere hiriaren bilakaerarekin lotura dute. Izan ere, erdigunetik gertuen dauden auzoek galdu dituzte bizilagun gazteak: Ibaetak 203, Grosek 181 gazte, Egiak 133, Erdialdeak 89, Ategorrieta-Uliak 84 eta Antiguak 81. Aldiz, hiriaren kanpoaldeko auzoek hartu dituzte bizilagun gazte berriak: Loiolako Erriberak 221, Txomiñeneak 156, Aietek 133 eta Martutenek 61. Horrek azaltzen du, hein batean, hiriaren zahartze prozesua, 2021ean baino 5,2 puntu altuagoa baita 2022an.
Pandemiak baldintzatutako legealdia
2019-2023ko legealdia ez da legealdi arrunt bat izan, jakina denez, koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatu baitu, nagusiki, 2020tik 2022ra. Horren eraginez, proiektu asko atzeratu egin dira, eta gerora izandako inflazioaren eraginez, gainkostu ugari izan dira. Hala ere, atzerapen eta gainkostu asko pandemiaren aurretik zetozen. Loiola eta Egia lotzen dituen Astiñeneko zubia, esaterako, 2019ko martxorako zen prest egotekoa, baina 2022ko abenduan ireki zuten azkenean.
Badira auzoetan garatu diren proiektuak eta ase diren beharrak ere, noski. Besteak beste, Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko prozesua abiatu dute, Loiolan bizilagunek eskatutako TAO zerbitzua funtzionamenduan jarri dute eta Bidebietako bidegorria eraikitzeko prozesua abiatu dute.
Hala ere, asko dira oraindik Donostiako auzo eta herrietatik udaletxera begira egiten diren eskaerak eta aldarrikapenak.
Atzera begira eta aurrera begira
Testuingurua aintzat hartuz eta udal hauteskundeak heltzear diren honetan, Donostiako auzo eta herri guztietako auzo elkarteekin harremanetan jarri da IRUTXULOKO HITZA, beraiei ahotsa emateko. Bi galdera zehatz egin dizkie hedabide honek elkarte guztiei, bat atzera begirakoa eta bestea aurrera begirakoa.
Alde batetik, azken lau urteetan euren auzoan egindakoa baloratzeko eskatu diegu, eta askotariko erantzunak jaso ditugu: udalak egindako zenbait gauza aitortu eta nabarmendu dituzte, baina gehienek salatu dutenez, gauza asko egiteke gelditu dira.
Bestetik, aurrera begira jarrita, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetatik aterako den Donostiako alkateari zer eskatuko lioketen galdetu diegu, eta askotariko eskaerak egin badituzte ere, bada behin eta berriz errepikatu den eskaera bat: herritarrak gehiago entzutea eta benetako parte hartzea sustatzea.
Hauek izan dira auzo elkarteei egindako bi galdera zehatzak, eta, behean, auzoz auzoko erantzunak:
-
Auzoari dagokionez, azken legealdiari buruzko zein balorazio egiten duzue?
-
Zer eskatuko zenioke hurrengo alkateari?
AIETE
Felix Perez, Lantxabe auzo elkartearen izenean: «Alde on gisa, osasun zentroa nabarmenduko genuke»
1. Kontuan hartuta bi urte berezi izan ditugula, alde on gisa, Aieteko Osasun Zentroa nabarmenduko genuke. Hala ere, ez zinegotzi ordezkariek, ez udal teknikariek ez dute onartu gurekin biltzea, eta hortik Marañon Doktorea pasealekuakoaren moduko lardaskeriak.
Hainbat gauza botatzen ditugu faltan: Aieteko bidegorri sarea osatzea, Jolastokiren estaldura, anfiteatroaren erabilera erraztea eta azpiegitura propioak hobetzea. Bestalde, ez dugu Katxola baserrian babes nahikorik aurkitu, eta Aieteko kaleetan behar adina argi jartzeko zain gaude. Halaber, estalkiak jarri behar dira Borroto, Etxadi, Otxanda eta Hiru Damatxo plazetan.
2. Hau eskatuko genuke: Errondo Gaineko funikularra eraikitzea, Oriamendi mendiaren eta gotorlekuaren berreskurapena eta ingurumen plana egitea, Miramongo basoan egin beharreko hobekuntzak egitea, Katxola gunea antolatzea, espazio publikoak eta berdeguneak zaintzea, La Cumbre eta Txanpuene berreskuratzea, Jesuitinen ingurua oinezkoentzat hobetzea, plaza publikoak estaltzea, zuhaitzak inaustea eta pasealekuak behar bezala argiztatzea eta Aieteko kultur etxea goizez ere irekitzea.
ALTZA-HERRERA
Ana Navarlaz, Herripe auzo elkartearen izenean: «Eguneroko bizitzak egoera larrian jarraitzen du»
1. Legealdi honetan, udal eginkizunen aldetik, ez dira gauzak gehiegi aldatu Herreran. Forma berria hartu du Trintxerperekin daukagun loturak, eta nahikoa atzerapenarekin, baina, azkenean, Renferen geltoki berritua hemen daukagu. Bietan, udala ez den beste erakundeen esku egon dira aldaketak. Merkataritza txikiak eta eguneroko bizitzak egoera larrian jarraitzen dute, eta berriro daukagu etxebizitza proiektu basati bat gure auzorako pentsatua, Zardoya Otis eremurako aurkeztu den proposamena ezagutu berri baitugu.
2. Egoera bat daukagu, duela ia 20 urtetik datorrena, eta orain HAPO-a berrikusteko hasi den lanketarekin, borondate politikoa badago, aldatu behar dena: Herreraren mugak bere ohiko lekura itzultzea. Udalean hiriko zonifikazioa egin zen garaian, Herrerak bere eremuaren ia erdia galdu zuen, baita auzo izaera ere. Hori konpontzeko eskatuko genioke alkate berriari. Bestalde, aurrean ditugun proiektuekin (Zardoya Otis eta Txingurri), benetan auzotarren eta ingurukoen behar eta nahiei erantzutea nahi dugu. Hau da, instalazio ekonomiko sozialak eta berdeguneak ziurtatzea eta ez eraikuntza espekulatiboa sustatzea.
AMARA
Harkaitz Aranburu, Amara Bai auzo elkartearen izenean: «Garrantzitsuena benetako parte hartzea sustatzea da»
1. Kontuan hartuta bi urte berezi izan ditugula, alde on gisa, Aieteko Osasun Zentroa nabarmenduko genuke. Hala ere, ez zinegotzi ordezkariek, ez udal teknikariek ez dute onartu gurekin biltzea, eta hortik Marañon Doktorea pasealekuakoaren moduko lardaskeriak.
Hainbat gauza botatzen ditugu faltan: Aieteko bidegorri sarea osatzea, Jolastokiren estaldura, anfiteatroaren erabilera erraztea eta azpiegitura propioak hobetzea. Bestalde, ez dugu Katxola baserrian babes nahikorik aurkitu, eta Aieteko kaleetan behar adina argi jartzeko zain gaude. Halaber, estalkiak jarri behar dira Borroto, Etxadi, Otxanda eta Hiru Damatxo plazetan.
2. Hau eskatuko genuke: Errondo Gaineko funikularra eraikitzea, Oriamendi mendiaren eta gotorlekuaren berreskurapena eta ingurumen plana egitea, Miramongo basoan egin beharreko hobekuntzak egitea, Katxola gunea antolatzea, espazio publikoak eta berdeguneak zaintzea, La Cumbre eta Txanpuene berreskuratzea, Jesuitinen ingurua oinezkoentzat hobetzea, plaza publikoak estaltzea, zuhaitzak inaustea eta pasealekuak behar bezala argiztatzea eta Aieteko kultur etxea goizez ere irekitzea.
AMARA BERRI
Xabier Berridi, Amara Berriko auzo elkartearen izenean: «Gobernu taldearekiko harremana argia eta arina izan da»
1. Gobernu taldearekiko harremana argia eta arina izan da bi aldeetatik. Baita udala osatzen duten gainerako alderdi politikoekin ere.
Auzorako lortu diren hobekuntza urbanistikoen artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu: Antso Jakitunaren alde bat eraberritzea, Isabel II.aren berrurbanizazioa, Soldadu plazako zurezko lurzoruaren eraberritzea, zenbait gunetako zuhaitzen eraberritzeak eta Ikasketa plazako obra amaigabea.
Anoeta Estadioak auzoan duen eragina dela eta, urteak daramatzagu kexaka, partida egunetan jasaten ditugun kalteengatik: aparkaleku arazoak bizilagunentzat, zarata plazetan, eta abar. Bilera batzuk egin ditugu Realarekin eta udalarekin, eta Anoetako zaleentzako zonaren zain jarraitzen dugu.
2. Datozen urteetarako zenbait proiektu aurreikusten ditugu: Olaeta eta Armeria plazen birmoldaketa, Gobernu Zibilaren eraikina auzorarentzat berreskuratzea, Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatzeko proiektua, Guau parkearen desagerpena, kultur eskaintzaren hobekuntza, haurtzaindegi berri bat, jubilatuen etxe berria, gure adinekoen zaintza beharrei erantzuteko proiektu serio bat, Pio XII.aren plazako zirkulazioa bideratzea, eta abar. Legegintzaldi berrian borrokan jarraituko dugu.
ANTIGUA
Antiguako Heriz plataforma: «Alkate berriari zera galdetuko genioke: hasiko zara auzoen ahotsa entzuten eta haien beharrei erantzuna ematen?»
1. 2017. urtean, Erregezaintza kaleko igogailuen lehentasuna aitortu zuen Mugikortasun Bertikaleko Planak. Ildo horretan legealdia ondo hasi zen, 2019an proiektua osatu eta aurrekontua adjudikatu zitzaion eta.
Tamalez, Antiguarako berri onak bertan agortu ziren. Proiektuak Hirigintza Sailean trabaturik jarraitzen du, eta jakina da premia hotelei eta luxuzko bizitokiei baino ez zaiela ematen, eraikin erlijiosoetatik edo etxebizitzen eraldaketatik sortuak badira ere.
Hala ere, gure ohiko arazoak (argiztapen desegokia, aparkaleku falta, gehiegizko zirkulazioa eta zarata, eta abar) ez dira arindu. Aitzitik, auzoaren erdigunean onartutako hirugarren hostela (Matia-Sukia) berehala irekiko da, gure arazoak larrituz.
Osakidetzak Toki Eroso erabiltzeari utzi zionetik gertatutakoak sorrarazten digun kezka ere ez da makala. Udalak ez du auzorako erabilpenik proposatu, eta ateak zein leihoak hormatu ditu. Zeren zain daude?
2. Alkate berriari zera galdetuko genioke: hasiko zara auzoen ahotsa entzuten eta haien beharrei erantzuna ematen? Ez al zara horretarako izan hautatua?
AÑORGA
Añorga Txikitarrak auzo elkartea: «Jendea auzoaren egoera orokorraren inguruan haserre dago»
1. Legealdia ez da ona izan Añorgarentzat. Añorga Txikin egin nahi duten hirigintza proiektua berbideratu nahian aritu gara jo eta su. Auzotarrok proposatutako lau gauza txiki onartu ditu udalak, baina oinarrizko arazoa ez du konpondu nahi izan. Frustragarria da zentzuzko erabakiak hartu nahi ez dituen gobernu bat izatea.
Bestalde, bulebarizazioaren bigarren fasea egin dute, baina proiektua ez da gutxieneko kalitatera iritsi.
EAJ-k aurreko hauteskundeetan Añorgarentzat proposatutako hamabi neurrietatik, soilik bi eraman dituzte aurrera.
Kalean, jendea auzoaren egoera orokokarren inguruan haserre ikusten dugu: asfaltatzea, espaloiak, zuhaiztia, eta abar.
2. Partaidetza da gakoa. Politikariek asko erabili ohi duten hitza da, baina ez dute benetako partaidetzarik aurrera eraman nahi. Partaidetza talde lanerako beste modu bat da; denok dakigu talde lana ez dela beti aurrera eramaten erraza, baina talde lan on baten emaitzak askoz aberatsagoak dira bakarkako lanenak baino. Denon artean, etorkizuneko Donostia eta Añorga nola nahi ditugun lantzea gustatuko litzaiguke.
BIDEBIETA
Bideak auzo elkartea: «Auzoko proiektu estrategikoak geldirik daude»
1. Balorazioa ez da ona. Izan ere, auzoko proiektu estrategikoak geldirik daude, eta proiektu horien inguruan daukagun informazioa ez dugu udalaren bidez lortu. Bidebietako parkeari dagokionez, udalarekin bilera bat egin nahian gabiltza, baina ez digute hitzordurik ematen. Hauteskunde kanpainan egonda ere, herritarrei arreta eman behar zaie. Ezin dugu bizitza guztia pasatu eskatzen zuhaitz bat kimatu dezatela, zona jakin batzuk garbitu ditzatela edo auzo elkartearentzako lokal bat jarri dezatela. Atzerapen horiek guztiek gure jarduna gelditzea eragiten dute. Adibidez, hilean behin azoka txiki bat antolatu nahi dugu auzoan, baina ezin dugu aurrera eraman, ez daukagulako horretarako behar ditugun mailak gordetzeko lokalik.
2. Justua izateko eskatuko genioke alkateari, eta herritar guztiak berdin tratatzeko. Hiri bereko bizilagunak gara denak, berdin du Kontxako badia gertuago edo urrutiago daukagun. Ausarta izateko ere eskatuko genioke, jendearen beharrak asetzearen aldeko apustua egiteko. Eta, batez ere, mantenua zaintzeko eskatuko genioke; ez du ezertarako balio parke berri bat egiteak, parke hori gero ez baduzu zainduko.
EGIA
Jon Barandiaran, Egia Bizirik auzo elkartearen izenean: «Epe luzerako politikak pentsa ditzatela»
1. Legealdi honetan auzoa itota egon da obra publikoekin: Astiñeneko zubia, Norteko geltokia, Iztuetako zubibidea, eta abar. Aldi berean, auzoko sarrera-irteera nagusiak itxita, gutxituta edo zailduta egon dira denbora luzez. Gainera, lan horiek uste baino askoz gehiago irauten dute, edo amaitu gabe geratzen dira. Hau ez bada udalaren inprobisazio larria…
Etxebizitza garestitu egin da, neurriz gain; berdin erosteko zein alokatzeko. Gauzak okertzeko, azken ikerketen arabera auzoan 90 etxe inguru eskaintzen dira etxe turistiko gisara. Beste zailtasun bat gehiago auzoan bizi nahi dugunontzat. Bitartean, gazteek auzotik alde egin behar dute etxebizitza lortzeko.
Lan nekeza da udalaren aldetik informazioa lortzea. Auzo elkarteak hutsaren hurrengo gara udal gobernuarentzat. Gehiago dituzte gogoan turistak auzotarrak baino.
2. Parte hartzea benetan gauzatzea eta auzoei eskumenak ematea beren burua gobernatzeko. Aski da udal gobernuaren zentralismoaz.
Etxebizitza berriak babes ofizialekoak izatea eta alokairuan.
Eta, behingoagatik, epe luzerako politikak pentsa ditzatela, laburkeriatan ibili gabe.
ERDIALDEA
Erdian Bizi auzo elkartearen izenean: «Zirkulazio eta kutsadura arazoak sortu dira»
1. Legediaren balorazioa negatiboa da, arrazoi hauengatik: San Bartolomeko muinoan 200 plazako aparkalekua egiteko planak areagotuko ditu autoek Erdialdean sortutako zirkulazio eta kutsadura arazoak. Aparkalekuarekin batera merkataritza gune berri bat egiteko proiektua onartuta dago; bizilagun eta dendarien desadostasunarekin. Interes partikularrak interes publikoaren gainetik jartzen direlako adibide garbia. Kontrol eza ibilgailuen abidura handiaren aurrean, bereziki Gernikako Arbolaren pasealekuan eta Urbieta kalean. Herritarrentzai informazio gutxi eman zaie proposatu diren zirkulazio aldaketei buruz. Eta, donostiarrok gero eta gehiago pairatu behar dugun bizi kalitatearen urraketa: trafiko gehiago; etxebizitza turistiko gehiago eta gertuko merkataritza gutxiago.
2. Eskaera hauek egingo genizkioke hurrengo alkateari: San Bartolome muinoko proiektua gelditzea eta hausnartzea, hurrengo bost urteetan plaza turistikorik ez sortzea, emisio gutxiko gunea definitu eta hori martxan jartzeko epe eta neurriak ondo zehaztea, trenbideak lurperatzeko planak argi azaltzea, Erdialdeko etxebizitzen OHZ altuegia eta justifikatu gabea jaistea eta gaueko zarata murriztea.
GROS
Aratz Estonba, Hondarpe auzo elkartearen izenean: «Gure komunitatea deuseztatzen ari dira»
1. Grosekoek egiten dugun balorazioak ezin du okerragoa izan. Donostia merkaturako objektu bihurtu dute, eta horrek gure auzoari zuzen-zuzenean eragiten dio.
Gure komunitatea deuseztatzen ari dira politika horiek: auzotarrek auzotik alde egin behar dute etxeen prezioengatik, saltoki txiki asko desagertu dira kostuei aurre egin ezinik, eta abar.
Hau guztia betiko enpresari eta bere politikari lagunen mesedetan da, jakina, izugarria da ikustea zenbat marka handik ireki duten denda gure kaleetan.
2. Auzo eragileen mesedetara eta esanetara izango den udala eskatzen dugu. Autonomia garatzen utziko duten eta lagunduko duten egiturak eskaintzea auzoei. Auzo elkarteek izan behar dute auzoen antolakuntzaren adierazpen nagusia, eta haiek izan beharko dute udalari haien beharren araberako politikak egitea aginduko diotenak.
Etxebizitza, jai herrikoiak, euskara, lan baldintzak, donostiarron erosahalmena eta pobretze gero eta handiagoa… Hauek guztiak eta gehiago dira kapitalismoak bere aritze kaotikoan sortu dituen arazoak. Soilik auzoetako antolakuntza autonomoak ekarriko du horiek konpontzeko bidean jartzea.
IBAETA
Ibaetako jai batzordea: «Aingeru Zaindariaren ermitako erromeria han egin ahal izatea bermatu nahiko genuke»
1. El Diario Vasco egunkariaren egoitza bota dute aurten, eta zona honetan etxebizitzak egiteko proiektu bat dago. Eraikin hau zegoen lekuan prezio altuko etxebizitzak egingo dituztela aurreikusten dugu. Ikusi beharko da horrek nola eragiten dion auzoko bizitzari eta auzoko harremanei.
2. Aurreko alkateari eskatu genion, eta hurrengoari ere eskaera bera egingo diogu: Igara bidea hasten den lekutik Igarako industrialderaino TAO sistema eta egoiliarrentzako aparkalekuak jartzea nahi dugu. Bestalde, Aitor Zabaleta parkea zaindu egin behar da: hesiak egoera txarrean daude, eta zuhaitzak kimatu gabe daude. Auzoko jaiei dagokienez, eskaera bat: martxoaren 1ean Aingeru Zaindariaren ermitan erromeria egiten da gutxienez duela 80 urtetik, eta beraz, aurrerantzean ere festa hau espazio berean egin ahal izatea bermatu nahiko genuke.
IGELDO
Igeldoko Herri Kontseilua: «Orokorrean, inbertsiorik ez eta utzikeria Igeldon»
1. Ondo baloratzen dugu Igeldoko Tokiko Entitate Txikia (TET) sortzeko prozesua abian jarri izana.
Hala ere, badira gaizki egindako kontuak ere, eta salatu nahi dugu berriz ere Igeldoko lurrak nahieran erabili dituela udalak. Irregulartasunez betetako proiektuak garatzen utzi ditu, baimenik eman gabe. Udalari interesatu izan zaionean, beste aldera begiratu du eta herritarrekin desberdintasunak egiten jarraitu du. Adibide argiak dira Txalingo txaleta eta Loiolako Hipika. Bi proiektu horiekin udalak izan duen jokabidea ez da onargarria.
Bestalde, proiektu bat aurkeztu zaie legealdi honetan, Eskola Zaharra berritzeko eskatuz, eta hitz politak adierazi arren, ez dute ezer egin. Orokorrean, inbertsiorik ez eta utzikeria Igeldon.
2. TET prozesuarekin aurrera seriotasunez jarraitzeko eskatzen dugu. Behar den denbora eskainiz, baina denbora galtzerik gabe eta prozesua hozten utzi gabe. Eta entitateak izango dituen aurrekontu, eskumen eta zerbitzuak Igeldoko nahiei eta beharrei erantzuteko izatea.
Horrez gain, Eskola Zaharra berritu dezala gure proiektua oinarri hartuta, Itsas Aurre eta komun publikoak egokitu ditzala eta eskolako kantxa estaltzea.
INTXAURRONDO
Begoña Alzaga, IZBE auzo elkartearen izenean: «Udalaren eta auzoen arteko harreman zuzen eta benetakoa berreskuratu behar da»
1. Ezer gutxi aldatu da gure auzoan azken legealdian. Horregatik, gure betiko aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dute. Irisgarritasuna hobetu beharra dago bai Intxaurrondoko auzogune zehatzetan eta bai anbulatoriora iristeko [auzo erdia tren geltokiaren eta Mons eta Zarategi pasealekuen artean eraikita dago, dena maldan eta atarietara heltzeko eskailera askorekin], Txaparrene pasealekuko elkarbizitza arazoari heldu behar zaio bere osotasunean [bizikletak, patineteak, oinezkoak, jende heldua eta txakurrak ibiltzen dira, besteak beste, eta egoera arriskutsuak sortu ohi dira], trenbidearen estalduraren bigarren fasea egin behar da, Larrotxene Kultur Etxea handitu behar da ondoan duen lokala erosiz, Intxaurbusa sortu behar da [auzo guztia lotzeko mikrobus bat nahi dute IZBE-koek, ordubetean behin pasatuko dena], auzoko merkataritza txikia indartu behar da, eta abar.
2. Bizilagunen iritzia kontuan hartzea eta Donostiako Udalaren eta auzoen arteko harreman zuzen eta benetakoa berreskuratzea da Donostiako alkate berriari eskatzen dioguna.
LOIOLA
Loiolako auzo elkartea: «Erdiguneko arazoekin bezain eraginkorrak izan daitezela»
1. Uste dugu legealdi gazi-gozoa izan dela. Alde batetik, hasten diren lanak ditugu, baina ez dakigunak noiz bukatuko diren, eta urteak daramatzagu horrela (Astiñeneko zubiarekin, sei urte; zeharbidearekin, beste horrenbeste; topoaren geltokia, eta abar). Bestetik, udaleko ordezkarien izan ditugun elkarrizketak beti errazak izan dira.
2. Eskatzen dugu bizkorragoak izan daitezela auzoetako arazoentzako irtenbideak bilatzen eta irtenbide horiek gauzatzen, erdiguneko arazoekin bezain eraginkorrak izan daitezela. Aparkalekuaren arazoa TAO sistemarekin arindu digute orain, baina Lorategi Hiriko lanak egiten dituztenean 400 plaza desagertuko dira, egungo plazen %40. Horregatik, aparkaleku bat nahi dugu, lur azpikoa edo azalekoa. Halaber, eskatzen dugu behingoz egin dezatela hitz emandako anbulatorioa, hiru auzoetako beharrak asetzeko (Loiola, Txomiñenea eta Martutene). Auzo horiek asko hazi dira eta gehiago haziko dira, eta kuarteletako auzune berria diseinatzeko garaian gizarte eragileak aintzat hartzea nahi dugu. Ez dugu hormigoi masa handirik eta dorre alturik nahi, auzo jasangarri bat nahi dugu, berdegune askorekin eta azpiegitura publikoekin, hiriaren hegoaldeko zona guztiarentzat, ibaiarekin eta mendiarekin bat eginez. Era berean, etxe turistikoen moratoria hiri osora zabaltzeko eskatzen dugu.
LOIOLAKO ERRIBERA
Eli Iparragirre, Erriberak Martxan auzo elkartearen izenean: «Gure beharrekin bat datozen zerbitzu publikoak jarri ditzatela eskatzen dugu»
1. Gure auzoan egindako kudeaketa penagarria iruditzen zaigu. Ez dute ezer egin gure bizi kalitatea hobetzeko. Gure inguruko auzoetako zerbitzu publikoak erabiltzera behartuta gaude, Loiolako Erriberan ez daukagulako, besteak beste, osasun zentrorik. Hala eta guztiz ere, azken legegintzaldian kudeaketaren ardura duten politikarientzat pribilegiatuak gara. Agerian dagoen errealitatearen eta haiek diotenaren arteko kontraesan argia da hori. Laburbilduz, lau urte hauetan ez dute ezer onik egin.
2. Alkate berriari eskatzen dioguna da legealdi honetan faltan bota duguna: gure beharrekin bat datozen zerbitzu publikoak jarri ditzatela. Eta, Eusko Jaurlaritzaren esku hartzearen aurrean [Sahatsa eremuan Eusko Jaurlaritzak bi dorre eraiki nahi ditu, hamazazpi solairukoa bat eta hamahirukoa bestea], gure aldarrikapenari erantzun diezaiotela. Hau da, eremu horretan gazteen aisialdirako gune bat sortzeko, edo bizilagunentzako zerbitzu eraikin bat jartzeko, auzoko espazio libre bakarrean aurreikusitako etxebizitza dorreak eraiki beharrean.
MARTUTENE
Martutene Bizirik auzo elkartea: «’Behin-behineko’ biribilgune arriskutsuak berdin jarraitzen du»
1. Badira ondo egin diren gauzak. Orokorrean, udaleko teknikariekin dugun harremana positiboa da. Oso zaharkitua zegoen auzoko umeen parke nagusia berritu da, hori bai, auzotarrekin edo adin txikikoekin inongo partaidetza eduki gabe. Baina gure balorazio orokorra negatiboa da. Nagusiki ez direlako premia handiko beharrak asebete:
Alde batetik, 2022ko urtarrilean, ikastolan auto istripu bat gertatu zen Martutene pasealekuan daukagun bihurgune arriskutsuaren ondorioz. Udalak ez du inongo neurririk hartu hau berriro gerta ez dadin. Ikastolaren inguruan egindako lanak, bihurgunearen beste aldean daude. Hauek, gainera, gure eguneko okerrera egin dute, arriskutsuagoa bihurtu baitute Martutene pasealekuan ibiltzea.
Bestetik, lau urte baino gehiago daramatzan «behin-behineko» biribilgune arriskutsua berritzea, 2022rako aurreikusita zegoena. Ez da egin. Berdin jarraitzen du.
Hirugarrenik, auzoko trenbide pasagunea itxi egin zen, beste aldean bizi diren bizilagunei neurri praktikorik eskaini gabe. Agustindarren eraikin abandonatuaren ingurutik joan behar dira auzora iristeko. Inguru hau, gainera, asko degradatu da.
2. Auzotarren eskaerak entzun eta kontutan hartzea auzoari dagokion edozein erabaki hartzerakoan. Gero, behin konpromisoak hartuta, hauek betetzea.
MORLANS
Eider Imaz, Morlanstarrak auzo elkartearen izenean: «Auzoen eta herritarren beharrak aintzat hartuta jardutea eskatuko genioke alkateari»
1. Morlanseko auzo elkartetik, azken legealdi honen balorazioa egitean, ez dugu azken lau urteen balorazio soila egin nahi. Azken urteotan norabide eta ibilbide politiko jakin bat eman da Donostian, eta osotasunean baloratu behar da. Izan ere, horrek guztiak, ondorio larri batzuk jada utzi dizkigu gurean: etxebizitza arazoak, bizitzaren garestitzea, gazteen prekaritatea, herritarron pobretzea, bertako merkataritzaren gainbehera, eta abar.
Auzo elkartetik, udalarekiko harremanak baloratzeko garaian, nahiko kritikoak gara. Kritikoak, behin eta berriz mahai gainean jarri izan ditugulako auzoa hobetze aldera beharko liratekeen dinamika eta urratsak, eta ez dugulako hauetan aurrerapausurik lortu. Alderantziz, askotan atzera ere egin delarik.
Egia da udalarekin harremanetan jartzeko bideak errazak eta azkarrakak izan direla, oro har.
2. Donostia osatzen dugun auzoen eta herritarren beharrak aintzat hartuta jardutea eskatuko genioke alkateari. Eta, udal politikak herritarron bizi baldintzak hobetzera eta auzoen beharrak asetzera zuzentzea.
PARTE ZAHARRA
Xabier Arberas, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen izenean: «Parte Zaharrak konpromiso publikoak behar ditu»
1. 2012an, auzoaren defentsa aldarrikatzen genuen, fenomeno hauen aurrean: hirugarren sektorearen, turismoaren eta aisiaren inbasioa; intimitatearen intrusioa, atsedenik ezak eragindako osasun arazoak, ekipamendurik eza eta espazio publikoaren pribatizazioa. Gure nortasuna eta bereziki euskara galtzea salatzen genuen, baita ere. Gaur, esan behar dugu Parte Zaharraren egoerak okerrera egin duela nabarmen.
Goia buru duen udal gobernuaren bi legegintzaldietan, Donostia hiria inbertsio funtsen, eraikuntza enpresen eta lobby ekonomikoen zerbitzura jarri dute. Bidegabea eta mingarria da herritarrak engainatzea.
2. Parte Zaharrak konpromiso publikoak behar ditu proiektu estrategikoak garatzeko, eta konpromisoek biztanleen beharrak erabakien erdigunean jarri behar dituzte.
Honakoak bermatu behar dira: espazio publikoa berreskuratzea, oinezkoaren erosotasuna eta atsedenerako eskubidea, arauen ikuskatze eta betearazte erreala, bizilagunen parte hartzea, adin guztietako auzotarrentzako zerbitzuak, Parte Zaharra eremu saturatu izendatzea, alokairu turistikoaren murrizketa, etxebizitza plangintza bat egitea eta auzoaren identitatea, historia eta kultura babestea eta zaintzea.
TXOMIÑENEA
Lanberri auzo elkartea: «Auzoak behar dituen udal ekipamenduak ez dituzte oraindik bultzatu»
1. Legealdi galdua izan da Txomiñenean. Etxebizitza berriak eraikitzea izan da lehentasuna, baina auzoak behar dituen udal ekipamenduak ez ditu oraindik bultzatu udal gobernuak.
2020an salatu genuen udal gobernuak auzoko urbanizazio lanak egiteko ia 1,6 milioi euro desbideratu zituztela, Santa Klara irlako Hondalea esku hartzen artistikorako. Arteleku plazako lanak bukatu dituzte (atzerapen handiarekin), baina bere diseinua ez da bizilagunok bozkatu genuena eta urbanizazioak ekipamenduen kokapena guztiz baldintzatu du.
Bestalde, komunikazioa eskasa izan da, eta informazioa jasotzea oso zaila izan da.
2. Alkateari hitza betetzeko eskatuko genioke, kirol eta kultur ekipamenduak eraikitzea. Txomiñenean ez dago udal ekipamendurik, eta auzoaren populazioa asko hazi da; beraz, zerbitzu horiek gero eta beharrezkoak dira. Bestalde, gure elkartearekin eta, orokorrean, auzotarrekin komunikazioa hobetzea beharrezkoa da. Izan ere, albiste edo erabaki garrantzitsuak egunkarien bidez jakitea ez da gustukoa. Komunikazioa sendotu beharko dugu.
ULIA
Felix Soto, Ulia auzo elkartearen izenean: «Ez Donostiak eta ez inork ez dute merezi iseka amaigabe hau»
1. Eneko Goia jeltzalea buru duen eta PSE-EE lagun duen udal gobernuaren kudeaketaren azken lau urteen bereizgarria donostiarren ondare publikoaren arpilatze sistematikoa izan da. Horretarako, berez hiriak dituen gabeziak konpontzeko eta hobetzeko legez ezarritako plangintza figurak erabili dira. Udalak baditu horretarako tresnak, baina guztion onerako ez diren interesen zerbitzura dago.
Goiaren gobernuak maltzurkeriaz erabiltzen ditu Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren Legeak donostiarrei ere bermatzen dizkien tresnak. Eta, legalitatetik kanpo ere jarduten du, indarrean dauden arauak errespetatu gabe; aldatu ere egiten ditu arauak, eraikuntzaren arloko korporazioek edo lobbystek jardun dezaten. Hemen, irregulartasunak bizilagunen eta ustiatzeke dauden paisaien gainean ematen da, eta fiskalei eta auzitegiei ez dizkiete inoiz emango horri aurre egiteko behar adina baliabide.
2. Goia jaunak ez dio Arartekoari ere erantzuten. Amaigabeak dira salatzen duguna ziurtatzen duten adibide zehatzak. Ez Donostiak eta ez inork ez dute merezi iseka amaigabe hau. Donostiako dagoeneko ez da saltzen, oparitu egiten da.
ZUBIETA
Zubietako herri batzarra: «Zubietarren ikuspuntua gehiago aintzat hartzeko eskatzen dugu»
1. Batzarkide guztiak berriak izanik, kosta zitzaigun lanerako martxa hartzea. Gero pandemia iritsi zen, eta horrek ez zituen gauzak erraztu; ez dira lau urte erraz izan. Hala ere, saiatu gara, gure mugekin, herritarren nahiak eta beharrak asetzen.
2. Komunikazio gehiago eta oztopo gutxiago eskatzen dizkiogu alkateari. Zubietarren ikuspuntua gehiago aintzat hartzeko, eta soilik Zubietako lur eremuan ez pentsatzeko.