"Oraindik jende askok ez du ezagutzen taberna hau"
70eko eta 80ko urteetan, Mirakontxako aldapa tabernaz beteta zegoen. Gaueko bizitza bizia zuen, eta askorentzat, hala nola LGTBI kolektiboarentzat, oasi sozial bat izan zen, askatasunez betea. Iñaki Getariak 1996an hartu zuen Resaca tabernaren ardura. Hura iritsi zenerako, Resaca zen Mirakontxan geratzen zen taberna bakarra, eta zona hau festaren mapatik desagertua zegoen jada. Edari bat edo aperitiboa lasai hartu nahi dutenentzako xarma handiko lekua izan da, eta horregatik izan ditu Getariak bezero fidelak 27 urte hauetan. Orain, ordea, agur esateko garaia iritsi dela erabaki du.
Nola iritsi zinen taberna honetara?
Ni Oiartzunen jaio nintzen, eta han bizi izan nintzen 1975. urtera arte. Donostiara etorri nintzen, eta uda batez Antiguako Pepe tabernan egin nuen lan. Handik, Marina kaleko Vips tabernara joan nintzen. Oso toki ona zen. Oso urte onak izan ziren, eta lan handia egin nuen. Ondoren, San Martin kaleko Sebastopol tabernara joan nintzen, eta handik Mirakontxara, Resaca tabernara. Hemen daramatzat 27 urte.
Zergatik hasi zinen ostalaritzan?
Kasualitatez izan zen. Lehendabizi, Askatasunaren hiribideko Ramon Hernandez arropa dendan egin nuen lan. Garai hartan kristoren fisikoa nuen, eta lagun batzuek eskaini zidaten han lan egiteko [barrez]. Eta ondoren hasi nintzen tabernari moduan lanean.
Kasualitatez hasi zinen, baina geroztik ez duzu lanbidez aldatu. Gustura egin duzu lan?
Bai, lagun asko egin ditut. Ostalaritzak eman didan onena hori izan da: lagunak. Gainera, posizio askotarikoak: abokatuak, arkitektoak, medikuak, kaleko jendea, jende arrunta… Inguruko bizilagunen artean ere baditut hamar bezero, ohikoak direnak, baina ez pentsa, haiekin bizi behar banu…
Uste dut jende askok, hemendik pasatzen denean eta Mirakontxan taberna bat ikusten duenean, pentsatzen duela dirudunentzako taberna bat dela. Oraindik jende askok ez du ezagutzen taberna hau. Adineko jendeak ezagutzen du, baina gazteek ez. Etortzen dira, eta esan ohi didate: «Ui, ez genuen ezagutzen taberna hau, zer polita!». Dudarik gabe, tabernak duen txokorik bereziena leiho ondoko mahaia da. Urgull, irla, Igeldo… Sekulako ikuspegia du.
Pozik nago egindako ibilbidearengatik, eta leku probilegiatu batean lan egiteagatik. Donostiako tabernarik politena da, eta bezeroak familia bezala dira. Oso bezero ona izan da Juan Mari Arzak. Bere bigarren etxea izan da hau.
Zuk ireki zenuen taberna?
1996ko otsailaren 26an hartu nuen nik; traspaso bat izan zen. Zumaiakoak ziren aurreko jabeak. Uda batez itxi zuten, eta pentsatu nuen, ui, zer gauza arraroa. Zarauzko lagun bat etorri zen Sebastopolera, eta esan zidan Resaca itxiko zutela. Haiekin harremanetan jarri nintzen, baina Gabonetarako irekiko zutela esan ziguten. Urtarrilean nire bila etorri ziren. ‘Interesa duzu oraindik?’. Korrika joan nintzen eta lokala erosi nuen. Niretzat aukera izugarria izan zen, kristoren inbertsioa egin ondoren, jakina. Nire jubilazioa taberna hau da.
Ardura handia da taberna bat izatea?
Saiatu behar duzu ez huts egiten. Izan ditut bronka batzuk, baina normalean jendea betikoa da. Ia bezero guztiak egunerokoak dira. Eta, bueno, barraren bestaldean zaudenean pixkanaka joaten zara gauzak ikasten.
Barraren bestaldean zaudenean badakizu zergatik gertatzen diren gauzak: hego haizea egiten duenean eta ilargi betea dagoenean, jende arraroa agertzen da tabernan. Sebastopolen ere gertatzen zitzaidan. Gizartea aldatzen ikusi dut barraren atzetik. Lehen, ostiraletan, elkarteetako jende asko etortzen zen. Bulebarra, Sebastopol, Vips, Sheraton… Hori zen askoren ibilbidea. Garai hartan ere hasi ziren emakumeak ere bakarrik joaten tabernetara.
Garai batean taberna pila bat izan ziren Mirakontxan. Ezagutu zenuen giro hura?
Ni etorri nintzenerako hemengo festa giro guztia desagertu egin zen, eta hemen zeuden tabernak itxita zeuden [Cristal, Orient Express, Master, Valentino eta Wali-jai izeneko tabernak izan ziren].
Taberna hau zen geratzen zen bakarra. Espainiako Errepublikako Lehen ministroarena zen eraikin hau. Anarkista batek hil zuen, eta hemen geratu ziren bere alabak eta ilobak bizitzen. Pixkanaka, familia gehiago iritsi ziren, eta taberna 1957an ireki zen.
Gogoan dut Resacak garai batean terraza izan zuela; ni ere etortzen nintzen hona. Donostiako terrazarik onena zen. Taberna hartu nuenean bi urtez izan nuen terraza, baina gero kendu egin nuen. Gero eta zirkulazio handiagoa zegoen errepide honetan: motoak, autobusak… Ikusten duzu kolpe hau? [eskumuturrean daraman erlojua erakutsi du]. Behin, erretiluarekin atera nintzen terrazara, eta motoan zijoan bikote batek jo ninduen, eta kontenedoreetara eraman ninduten. Sekulako sustoa hartu nuen.
Resaca izena zuk jarri zenion?
Jende askok uste du edariaren erresaka dela, baina itsasoarena da, eta izen hori zuen nik taberna hartu nuenean. Taberna ireki zutenak oso profesionalak ziren.
Oraindik badira irekita garai hartako taberna batzuk. Maxim’s, esaterako. Bueno Maxim’s izena zuen, baina orain Dionis du izena; udaletxearen aurrean dago. Maxim’s izena kendu egin zioten izen bereko taberna bat zegoelako Parisen. Dionis, Pepe, Resaca eta Agustin ziren garai hartako taberna onenak. Hasi nintzen garaian, koktelak modan zeuden. Sebastopolen asko egiten ziren: Gin Fizz, Daikiri, Whiskey Sour… Emakumeek alkoholik ez zuten edaten, eta San Francisco bat eskatzen zuten. Hemen ere, Resacan, egiten genituen, baina gin tonicaren moda hasi zenean… dena irauli zuen.
Ukitu berezia ematen diozu gin tonicari?
Limoi ona, edalontzi edo kopa ona eta jela ona. Edariak ez ezik, afariak ere ematen hasi ginen Resacan. Tortillak dauka fama ona. Udan kristoren tomatea izaten dugu, eta arraina sasoikoa eskaintzen dugu: udan, hegaluzea. Gainerakoan, legatza, eta orain, antxoak. Txist! [Inguruan dauden bezeroei esan die]. Elkarrizketa bat egiten ari zaizkit! [Taberna lepo bete da, eta ozen ari dira hizketan inguruko bezeroak. Baxuago hitz egiteko eskatu die, baina ezin izan dio barreari eutsi, Inguruko guztiak ezagunak eta lagunak baitira].
Nola gogoratzen dituzu zure tabernaren lehen urteak?
Dena itxita zegoen, eta bakar bakarrik etorri nintzen abenturara [barrez]. Bueno, Sebastopoletik bezero asko etortzen hasi ziren, eta poliki-poliki, lan eginez eta ahoz ahokoaren bidez urte oso onak izan genituen. 90eko hamarkadan krisi handi bat izan genuen, eta asko jaitsi zen bezero kopurua, baina gero berehala errekuperatu ginen.
Krisi handia izan da pandemiarena. Taberna hau denbora gehiago egon da itxita irekita baino. Osasun arazo batzuk ere izan ditut, baina orain hobeto nago. Urte zailak izan dira hauek, baina berriro poliki ondo goaz. Halere, laster itxi egingo dut.
Noiz itxiko duzu?
Udalaren sinadura baten zain nago. Udazkenean saldu nuen, begira zenbat denbora pasatu den. Uste nuen Gabonetarako itxiko nuela, baina gero sansebastianak iritsi ziren, eta oraindik hemen jarraitzen dugu. Lehenago ala geroago iritsiko da ixteko momentua. Taberna desagertu egingo da, hemen apartamentu bat egingo dutelako. Bizilagunak oso pozik daude. «27 urteotan, ez dugu arazorik izan zurekin», esan didate. Beldur ziren taberna jabez aldatuz gero arazoak izango ote zituzten. Ni pena handiarekin nijoa, niri hau asko gustatzen zaidalako, baina lehendabizi ni naiz, urteak ditut eta hanka hau sendatu egin behar da.
Nabaritu duzu gauaren gainbehera?
Goizago joaten gara etxera, bai. Jende asko oraindik ez da itzuli. Gauzak aldatu egin dira. Jendea egunez ikusten da, baina gauez askoz ere gutxiago. Hanka hobeto sendotzeko ondo etorri zait.
Eta turismoaren gorakada?
Azken urteetan izugarri. Amerikarrak pila bat, eta iaz, inoiz baino gehiago. Aldapa honetan etxe asko alokatzen dituzte, eta nabaritzen da.
Zer iritzi duzu egungo tabernen inguruan?
Badaude oso taberna onak, baina askok kalitatea galdu dute: janaria, zerbitzatzeko modua… Hori nola berreskuratu daitekeen, ez dakit, zaila da.
Taberna on bat izateko formula zein da?
Lan handia egin behar da. Ni urte asko egon nintzen oporrik hartu gabe, zereginean jo eta ke. Niri badakit zer gustatzen zaidan eta zer ez zaidan gustatzen, eta niri gustatzen zaidan hori eskaintzen saiatzen naiz nire tabernan.
Zurea izango da Mirakontxako azken taberna.
Bueno, esaten dute luxuzko hotel bat egingo dutela hemen [Vista Eder jauregian], eta izango du horrek tabernaren bat, oso garestia, baina izango du. Esaten dute Donostiako hotelik onena izango dela. Izango da jendea hori ordaintzeko gai dena. Gero jarriko diete 500 euroko multa bat erreserba batengatik… [barrez].
Zer botako duzu faltan?
Lagunak. Hemen gehienak lagunak gara, baina lasai nago, ikusiko dugu elkar beste leku batzuetan.