San Martin merkatuko produktuen zaporea erretratatuko dute bihar hainbat artistek
Hainbat artistek San Martin merkatuko zaporea zuzenean irudikatuko dute bihar, Bertako zaporea margotzen egitasmoaren barruan. Zuzeneko artea, musika, postu komertzialak, janaria eta edaria izango dira ekitaldian, San Martin merkatuan bertan. Kalea eta merkatua aldi berean dinamizatzea helburu duen ekimena da, bertako marka eta artistei ikusgarritasuna ematea helburu duena.
Artista gonbidatuek, egunean zehar, tamaina handiko mihise batzuetan, beren sormenari bide emango diote, beraientzat tokiko zaporeak, bertako produktuek, gure tradizioak eta sukaldaritzako kulturak duten esanahia azaltzeko. Honakoak dira artista gonbidatuak: Josune Garcia, Sarah Connors, Balu, Paul Lataburu eta Orban.
Erakusketa horiekin batera, San Martin merkatuko erdiko korridorean tokiko marken merkataritza postuak egongo dira, mota guztietako produktuekin. Eskaintza osatzeko, janari eta edari postuak ere egongo dira. Gainera, zuzeneko hainbat musika emanaldik girotu eta dinamizatuko dute merkatua. Azokaren ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da.
San Sebastian Shops hiri merkataritzako plataformak antolatu du ekitaldia, San Martin merkatua, Vibra Donostia eta Arteuparte azokekin lankidetzan.