Bertako sortzaileak «protagonista» izango dituen kulturgune berriak sustatuko dituela adierazi du Goiak
Eneko Goia Donostiako alkateak eta EAJren alkategaiak azpimarratu du kultura Donostiako ekonomia eta gizarte motorretako bat izan dela, eta izaten jarraituko duela. “Hori horrela izan da eragile guztien esfortzuari esker. Kulturak duen dinamismoaren adibide dira hirian dugun kultur etxe kopurua eta programatzen diren ekitaldi guztiak –egunero hogei baino gehiago. Eta horrela izaten jarraituko du eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanak sortzaileei, artistei, promotoreei edo teknikoei aukerak sortzen lagunduko duelako, eta horri esker, ekitaldi, ikuskizun eta adierazpen artistiko gehiago izango ditugu donostiarrok disfrutatu ahal izateko”, adierazi du Goiak.
Horrenbestez, Goiak oinarrizko kultura indartzearen alde egin du; kultur etxeen zein liburutegien sarea hobetzearen alde, alegia. “Izan ere, hiritarrek asko maite duten zerbitzua da. Eta zerbitzu horrek partekatutako hausnarketa bat egin behar du modu berritzaileak bilatzeko aro berriei egokitzeko”. azaldu du Goiak. Ildo beretik, bere konpromisoa azaldu du, Liburutegi Nagusia berritzeko, irakurketa ohitura berriei egokitzeko eta baita Bidebietako Kontadores eraikina hiriko kultur etxeen sarean integratzeko ere, etorkizuneko kultur etxea nolakoa izango den proiektatzeko.
Gainera, Goiak bere asmoa azaldu du Espainiako Gobernuari Pio XII. eraikinaren lagapena eskatzen jarraitzeko, Amaran kulturaren erreferente izango den zentroa egiteko.
Bertako sortzaileen aldeko apustua
Goiak nabarmendu duenez, “Donostia euskal sortzaileen erakusleiho handi bat da eta programatzaileen erreferente izaten jarraitu behar du. Era berean, sortzeko gune berriak zabaldu behar ditu, eta bertan, San Telmo Museoa eta Tabakalerak paper garrantzitsua jokatuko dute. Hortaz, gure apustua argia da: eragile publiko eta pribatuen arteko sinergiak indartzearen alde egiten dugu, bertako sortzaileen alde egiten duen hiri-erreferente izaten jarraitzeko”.
Azken urteetan Donostiak artearen ekosisteman jokatzen duen papera “indartu” egin dela uste du egungo alkateak. Horren harira, Goiak hurrengo urteetan hirira iritsiko diren bi mugarri aipatu ditu, Donostia artean erreferente izaten lagundu duten bi bertako sortzaile unibertsalen lana goraipatuko duten bi mugarri: Esther Ferrer eta Eduardo Txillida.
Goiaren hitzetan, “hurrengo legealdian Esther Ferrer-ek Zenbaki lehenen poema artelana estreinatuko du, Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren gainean sortuko den Gipuzkoa plazaren tamaina duen lorategi plazan. Eta plaza berri horrek Urumea Egiarekin lotuko du Tabakaleraren bitartez”.
Horrez gain, 2024an Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da, eta horretarako, alkate eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak proposatu du mendeurrena ospatzea Txillida Bidea sortuz, hain zuzen ere, Haizearen Orrazia eta Txillida Leku oinez zein bizikletaz lotuko dituen bidea. “Helburua da bide horretan zehar dauden eskulturen balio artistiko eta arkitektonikoa, artea eta eraikin bereziak balioan jartzea”, azaldu du Goiak.
Ikus-entzunezko Hub-a
Amaitzeko, Eneko Goiak azpimarratu du kultura sortzen eta eskaintzen duen eragileen arteko elkarlana dela “hiriak duen kultura eskaintza handiaren arrakastaren giltzarria”. Hori dela eta, honako erronka hau jarri du: “Donostia ikus-entzunezko edukien sorkuntzaren hiria izatea, Eta horretarako, EiTB, Tabakalera, Zienamaldia eta Donostia Kulturaren parte hartzea izango lukeen ikus-entzunezko Hub-a sortuko litzateke”.
Hori guztia beste hainbat “apustu estrategiko ahaztu gabe” egingo lukeela adierazi du, besteak beste, hiriko arte galerien arteko elkarlana; eta artea, musika, dantza, antzerkia, zinea eta beste hainbat adierazpen artistiko berrien jarduerak egiten jarraitzeko apustua. Izan ere, horiek “Donostiaren irudia, nortasuna eta kulturaren proiekzioa indartzen” dutela uste du Goiak.