Loiolako kuarteletan etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko «bermea» EH Bildu dela nabarmendu du Izagirrek
Juan Karlos Izagirre Donostiako EH Bilduko alkategaiak ekitaldi politiko bat egin du gaur Loiolan, Luix Barinagarementeriarekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaia. Izagirrek Loiolako bizilagunekin partekatu du Urumeako ardatz osoaren garapen berriari buruzko bere ikuspegia, kuartelen etorkizuna barne. “Auzo berriaren diseinua auzotarrekin batera egin behar da, zerbitzu eta ekipamenduetan gaur egun eta etorkizunean izango dituzten beharrei erantzunez”, esan du Izagirrek, eta, aldi berean, adierazi du kuarteletan etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko “berme bakarra” EH Bildu dela.
Izagirrek adierazi du EH Bilduk osatuko duen udal gobernu berriaren “erronka nagusia” donostiarrei beraien bizi proiektuak Donostian garatzeko aukerak eskaintzea izango dela, eta, horretarako, azpimarratu du helburu nagusietako bat izango dela “donostiarrei etxebizitza modu eskuragarrian bermatzea”. Ildo horretan, Izagirrek azpimarratu du etxebizitza sustapen berrietan etxebizitza publikoaren ehunekoa gutxienez %50era eramango dutela, eta ehuneko hori “maximoetara igoko” dutela lurzoru publikoan eraikitzen denean, “kuartelen kasuan bezala”.
Gainera, Izagirrek adierazi du Urumeako ardatz osoan egingo diren sustapen berriak diseinatzerakoan “oso garrantzitsua” izango dela inplikatutako auzoetako bizilagunen “iritzia eta beharrak kontuan hartzea”. Gogoratu du uholde arriskuaren erronkari aurre egiteko orduan, Martutene eta Txomin Eneako bizilagunekin batera egin zutela, eta “horrela egingo dutela kuarteletako auzo berria diseinatzeko orduan ere”.
Amaitzeko, Izagirrek EH Bilduk auzotarrekiko duen begirunea nabarmendu du: “Esaten dugunean Maite dugun Donostia, esan nahi dugu maite dugula Donostia eta maite ditugula bere auzoak. Maite ditugula bertan bizi zaretenak eta egunero auzo hauei bizitza ematen diotenak. Hori baita guretzat hiri bizi bat, bakoitza bere auzoan gustura bizi diren auzotarrez osatutakoa, eta horretarako herritarrek izan behar dute auzoetako eguneroko bizitzako protagonista, hau da, jakin behar dute beren auzoarekin zerikusia duten proiektuei buruz erabaki ahal izango dutela”.