Milaka lagun bildu dira udalaren hirigintza politika salatzeko Donostia Defendatuzen manifestazioan
Arrakastatsua izan da Donostia Defendatuz koordinakundeak udalaren hirigintza politikaren aurka antolatu duen manifestazioa. Donostiako 48 elkartek egin dute bat deialdiarekin, eta milaka pertsona bildu dira hiriko kaleetan eta auzoetan udalaren “hirigintza jarduera basatiak” salatzeko. 12:00ak pasatxo hasi da manifestazioa Amarako Easo plazatik, eta Askatasunaren hiribidea zeharkatu ostean, Grosen sartu dira manifestariak, Donostia ez dago salgai eta Hemen gaude, Donostiaren alde espekulazioaren aurka, Goiak nahi ez badu ere hemen gaude abestuz, besteak beste. Grosetik Bulebarrerantz joan dira, eta Alderdi Ederren amaitu da manifestazioa, udaletxearen aurrean.
Donostia Defendatuz koordinakundea “alderdi politikoekiko independenteak” diren erakundeez, auzo elkarteez eta gizarte mugimenduez osatuta dago: Ondare, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Satorralaia, Belartza 2 Gelditu, Dendartean, Ba Gera, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Heriz Plataforma, Parkea Bizirik eta Amara Bai auzo elkartea dira bertako kideak.
Alderdi Ederren egin duten balorazioan, “pozik” agertu dira manifestazioaren antolatzaileak. Fridays for Future mugimenduko Anne Rodriguezek irakurri du manifestua, eta gaur erakundeak, auzo elkarteak, sindikatuak, borroka txikiak eta herritarrak “udalaren kudeaketa txarra” salatzeko elkartu direla nabarmendu du, “udal gobernuaren nortasunaren, ondare arkitektonikoaren, naturaren eta merkataritza txikiaren aurkako etengabeko arazoa” dela uste dutenaren aurrean. Hiriaren “desegitea” salatu dute, “hiritarrak alde batera utzita”, turistentzako zerbitzuak “lehenetsi” dituztela argudiatuz.
Azken legegintzaldian udalak hartu dituen hainbat erabakiren aurka agertu dira: Hiriko bigarren Basque Culinary Centerra eraikitzeko proiektua, “Manteo eta Zemoria parkeak espoliatuz, lurzoru publikoa oparituz eta finantzaketa publikoa konprometituz”; San Bartolome muinoan lau solairuko lurpeko aparkalekua eta merkataritza gunea egiteko proiektua; Arte Ederren eraikinaren eta Norteko geltokiaren eraisteak; Antondegin olatu artifizialen parkea egiteko proiektua; Santa Klarako Hondalea eskulturan bost milioi “xahutzea”; Metroaren igarobidearekin lotutako kalteak; Ingurumenaren “suntsiketa” multinazionalen makro parkearen “mesedetan”, Belartza Goikoan; Lurzoru naturalaren hondamena eta artifizializazioa; Hiriko zuhaitzen kontrako “etengabeko gurutzada”; Eraikin bereizgarri eta apartekiko “errespetu falta”, “lehenik babesa kenduz eta ondoren behera botaz”; Urbanizazio berriak non “espekulazioa nagusitzen” den alokairu babestua “alboratuz”; Hiria berrantolatu behar duen Plan Orokor berriaren “atzerapen justifikaezina”; Lurpeko aparkalekuen sustapena, “hiriko trafikoa areagotzen dutenak, mugikortasun eta osasunaren kaltetan”; “Kontrolik gabeko” hotelen irekiera, “hiriaren turistifikazio masiboa bideratuz” eta pisu turistikoen “araudi traketsa”, “menderatu beharrean ugaritzen dituena”.
Jarduera horiek gizartean sorrarazi duten “alarma eta atsekabea” izan dira herritarrei deialdi bateratu hau egitearen arrazoiak, Donostia Defendatuzen arabera. “Koordinakundearentzat, aipatutako berri ditugunak ez dira puntualak, endemikoak baizik. Sistematikoki ezarritako udal politika konkretuen ondorio garbiak dira, interes ekonomiko handiei sistematikoki mesede egiten dietenak. Hori da Donostiako Udalak bere finantzaketa sustengatzeko aukeratu duen bidea, egungo hiria modu arriskutsu eta atzeraezinean salduz”, salatu dute.
Hori dela eta, uste dute gaur egungo Donostiaren hiru eredua, “enpresa handien negoziorako eta turismo masifikatura begira eraikitzen” ari direla: “Jatorri eta baldintza desberdinetako pertsonak babesten dituen hiria bultzatu beharrean, milaka donostiar kanporarazten dituen hiria bihurtu da, etxebizitzaren egoera tamalgarriak argi eta garbi erakusten duen bezala. Ondorioz, bizilagunen zahartzea eta auzokideen sareak ahultzea bultzatuz”, deitoratu dute.
Hona hemen Donostia Defendatuzen manifestazioko irudi bilduma: