Basurdeak, orkatzak, igarabak eta basakatuak bizi dira Donostiako eraztun berdean, besteak beste
Itsas Enara Ornitologia Elkarteak UGASS proiektua garatu du Donostian, udalaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua Donostiako eraztun berdean bizi diren ugaztunak erregistratzea zen, eta mugimenduarekin aktibatzen diren kamerak jarrita egin dituzte erregistroak, 2022ko ekainetik 2023ko apirilera, 24 orduz. Guztira, hamalau meso eta makro ugaztun espezie guztira erregistratu dituzte, eta horietako lau interes berezikoak dira kontserbazioaren ikuspegitik, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuta baitaude: igaraba (arriskuan), lepahoria (arraroa), basakatua (interes berezikoa) eta ipurtatsa (interes berezikoa). Eremu hauetan egin dituzte laginketak: Igeldo, Añorga-Igara, Oriamendi-Barkaiztegi, Antondegi, Altza, Ulia, Zubieta eta Landarbaso.
Espezie hauek erregistratu dituzte Donostiako naturaguneetan: triku arrunta, mendi untxia, katagorri arrunta, basakatua, katajineta, igaraba arrunta, lepazuria, lepahoria, azkonar arrunta, erbinudea, ipurtatsa, azeri arrunta, orkatza eta basurdea. Azeria, basurdea, katagorria, katajineta, azkonarra eta lepazuria dira ugarienak, eta igaraba, ipurtatsa eta basakatua gutxien ikusi dituztenak. Aipatu zortzi eremuetan agertu dira, azeria, lepazuria eta urtxintxa, eta kontrako kasua da igarabarena, basakatuarena eta ipurtatsarena, “gutxien urbanizatu diren eta ondoen kontserbatutako naturaguneetatik hurbilen dauden sektoreetan” soilik hauteman baitituzte, Itsas Enararen hitzetan.
Ornitologia elkarteak azaldu duenez, “azterketa honetan antzemandako espezieen gaur egungo banaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasean duela 40 urte deskribatutakoarekin alderatzean, espezie batzuk eremu berriak okupatzera pasatu direla egiaztatu da. Zentzu berean, Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008an egindako Donostiako Bioaniztasunari buruzko Txostenean ez ziren aurkitu udalerrian gaur egun dauden zenbait espezie, hala nola igaraba, lepahoria, basakatua edo azkonarra”. Halaber, nabarmendu dute hirigunetik gero eta gehiago aldendu, orduan eta ugaztun gehiago ikusi dituztela.
“Oso donostiar gutxik dakite edo pentsa dezakete azkonarra, katajineta, lepazuria eta orkatzaren moduko animalia deigarriak bizi direla Donostian bertan, beren etxeetatik oso-oso gertu. Oro har, talde erakargarria da jendearentzat, eta, beraz, oso espezie egokiak dira gizartea ingurumen gaietan sentsibilizatzeko”, gaineratu dute. Era berean, gomendatu dute “udalerriko ugaztun basatien komunitatea kontserbatzeko lurzorua kudeatzeko politikak ezartzea”. Azaldu dutenez, “politika horiek kontuan izan beharko lukete hiri garapeneko proiektuetan gure udalerriko naturaguneak eta espazio erdi naturalak babesteko mekanismoak ezartzea, naturaguneen arteko loturak barne. Hiri inguruko berdeguneetako espazioak bilduko dituen hiri azpiegitura berdea ezartzea tresna eraginkorra izan daiteke horretarako”. Proiektuaren txosten tekniko osoa hemen kontsultatu daiteke.
Jarraian, UGASS proiektuaren emaitzen laburpen bideoa; bertan ikus daitezke aipaturiko ugaztun espezieak: